Zer da lanbidearteko gutxieneko soldata? (2026ko balioekin)

Azken eguneraketa: 2026/02/19

— Langileen Estatutuaren 27. artikulua
— 126/2026 Dekretua, 2026rako lanbidearteko gutxieneko soldata ezartzen duena

Lanbidearteko gutxieneko soldata langile orok jaso behar duen gutxieneko soldata da. Hau da, ezein langilek ezin du muga horretatik behera kobratu, bere egoera, sektorea edo kontratu mota edozein dela ere. Muga hau legez ezartzen da, Madrilgo Gobernuak Buletin Ofizialean argitaratutako dekretuen bitartez.

Azken urteetan gutxieneko soldatak, ia izoztuta egon ostean, azkenik igoera esanguratsuak izan ditu. Izan ere, Espainiako Estatuak gutxieneko soldata benetan baxua zeukan, batez ere bere inguruko eta ezaugarri sozioekonomiko antzekodun beste herrialdeekin konparatuta, Europako Kontseiluak behin eta berriro ohartarazi izan dion moduan.

⇒ Azken igoera 2026ko otsailean izan da (hilaren 19ko BOEn argitaratua) eta gutxieneko soldata 1.221 eurotara altxatu du. Edozelan, otsailean argitaratu arren, 2026. urte osorako zenbatekoa da.

Atzeraeraginez aplikatuko da, hau da, indarrean hasi baino lehen kobratu ez dugun aldea enpresak hurrengo nominetan kitatu beharko du. 

2026rako lanbidearteko gutxieneko soldata (gordina)

  • Egunean: 40,70€
  • Hilean: 1.221€, 14 ordainsaritan / 1.424,50€, 12 ordainsaritan
  • Urtean: 17.094€
  • Etxeko langileak: 9,55 euro orduko (orduka lan eginez gero)
  • Aldi baterako eta sasoikako langileak: 57,82 euro eguneko

Zenbateko hauek guztiek soldata gordinari egiten diote erreferentzia: 1.221 euroak ez dira, berez, dirutan hilabete amaieran jasoko duguna, hau da, ez da soldata garbia, baizik eta soldata gordina. Gogoratu soldata gordinak gerora kenduko zaizkigun atxikipen eta kotizazioak barne hartzen dituela.

Bestetik, 1.221 euroak jardunaldi osoari dagozkio. Hau da, astean 40 orduz lan eginez gero, zenbateko hori jasoko genuke, baina gure jardunaldia laburragoa balitz, soldata ere proportzio berean murriztuko litzateke. Honela jardunaldi erdiz arituko bagina (astean 20 orduz), gutxieneko soldataren erdia aplikatuko litzaiguke: 610,50 euro, alegia.

Garrantzitsuena da jakitea zein den gure jardunaldiaren proportzioa, jardunaldiaren ze ehuneko zehatz egiten dugun, alegia. Hala ere, ideiatxo bat egiteko, hemen daukazue taula bat, asteko orduei legokiokeen soldata islatzen duena:

⇒ Lanbidearteko gutxieneko soldata, hilabeteka adierazten denean, normalean 14 ordainsaritan egiten da: 12 hilabete + aparteko paga bi. Horregatik oro har esaten da  1.221€ direla. Hala ere, zenbaitetan, aparteko pagak hainbanaturik (“prorrateaturik”) jaso ditzakegu. Kasu horretan 12 ordainsaritan jasoko genuke eta, hortaz, 1.424,50€ izango litzateke hilabeteko soldata.

Gutxieneko soldata oinarrizko soldata al da? (osagarriak)

Gutxieneko soldata gutxieneko ordainketa gordina da, langile orok jaso behar duen gutxienekoa, baina ez oinarrizko soldata. Azal dezagun apur bat hobeto:

Alde batetik, Langileen Estatutuaren 27.1. artikuluak dioenez, gutxieneko soldataren berrikuspenak ez dio eragiten soldaten egitura edo zenbatekoari, soldata hauek, oro har hartuta, gutxieneko soldata baino altuagoak badira. Bestela esanda, jasotzen dugun soldata osoa (oinarrizko soldata gehi osagarriak) gutxieneko soldata baino altuagoa bada, igoera honek ez digu eragingo.

Era berean, gutxieneko soldataren igoera ezarri izan duten dekretuetan zera adierazi izan da, lanbidearteko gutxieneko soldata kalkulatzeko, soldata osagarriak barne hartuko direla. Hortaz, gure oinarrizko soldata urtean 17.094€ baino gutxiago izan liteke, baina, oinarrizko soldata honetaz gain, osagarriren bat jasoko bagenu eta gure soldata, oro har eta osagarriak kontuan hartuta, gutxieneko zenbateko horretara helduko balitz, legea beteko litzateke.

Gai honek interpretazio ezberdinak izan ditu eta epaitegietara heldu da behin baino gehiagotan. Edozelan, epaitegiak ildo beretik ari dira ebazten eta nahiko argi uzten ari dira: gutxieneko soldata ez da oinarrizko soldata eta, hortaz, osagarriak edo plusak ere hartu behar ditu barne. Honela egin zuten, besteak beste, Auzitegi Nazionalak 2019an, adibidez, edo Auzitegi Gorenak 2022an. Ebazpen bi hauetan irakurri ahal duzue: lanbidearteko gutxieneko soldatak osagarriak absorbatzen ditu; honela, gutxieneko soldata igo arren, igoera hau konpentsaturik geratzen da, baldin eta oinarrizko soldata eta osagarri bat, biak batuta, gutxieneko soldataren zenbatekoa gainditzen badute.


⇒ Madrilgo Gobernuak iragarri du bere asmoa dela konpentsatze edo absorbatze hauek debekatzea. Hala ere, honetarako, erregulazio berri bat egin beharko litzateke eta Kongresuan balioetsi. Momentuz ez da horrelakorik gauzatu.


Ordainketak espezietan

Batzuetan ordainketaren zati bat espezietan jasotzen da. Hau oso ohikoa da etxeko langileen kasuan eta, bereziki, barneko langileak badira (etxean bazkaltzeagatik edo bertan bizitzeagatik). Hala ere, edozein kasutan eta edozein sektoretan espezietan jasotzen den soldataren zati hori ezin da soldata osoaren %30 baino handiagoa izan.

Gutxieneko soldatari dagokionez, espezietan edozein ordainketa jasotzen dugula ere, hau ezin izango da gutxieneko soldata horretatik deskontatu. Gutxieneko soldata dirutan izan behar da derrigor, baita etxeko langileentzat ere.

Etxeko langileak

“Zenbat kobratu behar duzu etxeko langilea bazara?” atalean azaltzen dugunez, jardunaldi osoz, jardunaldi partzialaz edo orduka lan egin dezakegu. Hala ere, edozein kasutan gutxieneko soldata bermaturik izan behar dugu (kopuru horretatik aurrera negozia daitekeen arren).

Aipatutako artikuluan jardunaldi bakoitzari dagokion gutxieneko ordaina kontsulta dezakezu.

Enbargoak

Administrazio publikoarekin zorrik izanez gero edo prozedura judizialen baten ondorioz, hartzekodun erakundeak zure nomina enbargatzeko eska lezake. Hala ere, gutxieneko soldataren zenbatekoa enbargaezina da. Hau da, gutxieneko hori ezin dizute nominatik kendu.

Gutxieneko soldata baino gehiago kobratuz gero, Prozedura Zibilaren Legeak 607. artikuluan ezartzen duen moduan gauzatuko da enbargoa.

FOGASA

FOGASA (“Fondo de Garantía Salarial” edo Soldatak Bermatzeko Funtsa) enpresak langileei zor dizkien soldatak eta kalte-ordainak ordaintzeaz arduratzen da, enpresak kaudimenik ez daukala adierazten duenean edo hartzekodun konkurtsoan dagoenean.

Lanbidearteko gutxieneko soldata da FOGASAK ordainketen muga kalkulatzeko erabiltzen duen parametroa. Izan ere, FOGASAK ez du ordaintzen enpresak zor duen guzti-guztia, baina bai hartzen ditu bere kargu gutxieneko batzuk. Aipatutako muga lanbidearteko gutxieneko soldataren bikoitza da. 2026an 81,40€ eguneko (40,70€ x 2) eta, gehienez, 120 egun ordainduko ditu. Honen inguruko informazio gehiagorako:

Lanbidearteko gutxieneko soldata propioa: 1.500€

Europako Gutun Sozialak, 4. artikuluan zera dio, langile guztiok diru-sarrera nahikoak jasotzeko eskubidea daukagula, guk eta geure familiek bizi maila duina izan dezagun. Honen ildotik, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 131. Hitzarmenak dio, gutxieneko soldata ezartzeko momentuan, herrialdeko soldaten maila eta bizi-kostua hartu behar direla aintzat. Azkenik, 2022/2041 Europako Zuzentarauak, 5. artikuluan, ezartzen du Europako Estatuek erabili ohi diren erreferentziak erabili ahal dituztela, hala nola soldata ertainaren %60.

Hego Euskal Herriko soldatak eta bizi maila altuagoak dira Estatukoak baino. Ipar Hegoa Fundazioak, EHUko ekonomia irakasleekin batera egindako azterketaren arabera, Hego Euskal Herrian batezbesteko soldataren %60ra heltzeko, gutxieneko soldatak 1.628€ beharko luke. Honela, gehiengo sindikalak, akordioetarako aukera erreala helburu, 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldarrikapena jarri du mahai gainean, lehen pauso moduan.

Hego Euskal Herrian, 2024ko abenduko datuen arabera, 240.000 lagun inguruk 1.500 euro gordin baino gutxiago irabazten zuten. Gutxieneko soldata 1.221 eurotan kokatuta egoteak, 1.500 eurotan egon beharrean, langile horiei guztiei ez ezik, langile guztioi ere eragiten digu, soldata egitura osoa desitxuratu eta debaluatu egiten duelako.

Posible da Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa ezartzea, patronalarekin adostuz gero eta EAEko zein Nafarroako gobernuek horretarako borondate politikoa balute. Gutxieneko soldata propioa erdiesteak berebiziko garrantzia dauka aberastasunaren banaketa ekitatiboago baterako eta langileen prekarizazio eta pobretze prozesuari aurre egiteko.

Euskal gehiengo sindikalak hainbat ekimen jarri ditu martxan, hala nola, 138.495 lagunek babestutako herri ekimen legegilea. EAJ-PSEren Jaurlaritzak, PP eta VOX lagun, aldarrikapen hau baztertu zuten. Nafarroan PSN-Geroa Bairen gobernuak ere eztabaidatu ere ez du nahi izan. Ildo beretik, CEN eta Confebask patronalek gutxieneko soldata ezartzeko Akordio Markoa eztabaida mahaian jesartzeari uko egin diote.

Gobernuek eta patronalek orain arteko proposamen eta aukera guztiak itxi dituztela, euskal gehiengo sindikalak greba orokorra deitu du 2026ko martxoaren 17rako.