Zer egin FOGASAren (soldatak bermatzeko funtsaren) ordainketa eskatzeko?
2018/02/28
2021/02/19an eguneratua
FOGASA “fondo de garantía salarial” delakoaren akronimoa da. Lan epaitegiak enpresak kaudimenik ez daukala adierazten duenean edo hartzekodun konkurtsoan dagoenean, hau da, enpresak langileei zor dizkien soldatak edo kalte ordainak ordaindu ezin dituela esaten duenean, soldatak bermatzeko funts hau erabiltzen da. Langileak ezer kobratu gabe gera ez daitezen balio du: FOGASAk langileei diru hori aurreratu eta gerora enpresari erreklamatuko dio.
Nor babesten du FOGASAk?
Beste inorentzat aritzen diren langileak babesten ditu. Hau da, autonomoak kanpo geratzen dira, baita autonomo faltsuak ere. Edozelan, egoera honetan bazaude, jakin ezazu enpresa salatu dezakezula. Ikus. autonomo faltsuak.
Etxeko langileak eta kooperatibetako bazkide langileak ere FOGASAren babesetik kanpo daude.
Zenbat diru ordaintzen du FOGASAk?
Enpresak zor dizuna zor dizula ere, FOGASAk muga batzuk ezartzen ditu. Hau da, kasu askotan jasoko duzun dirua dagokizuna baino gutxiago izango da.
- Soldaten kasuan
Gehienez 120 egun ordainduko du. Eta gehienezko kopurua lanbidearteko gutxieneko soldataren kopuruaren bikoitza izango da (aparteko pagak prorrateatuta). 2012ko dekretuaz jaitsi zituzten kopuru hauek, kaleratzeen aurrean langileon babesa gehiago murrizturik.
Adibidez, demagun zure soldata eguneko 80 euro direla eta enpresak zazpi hilabetetako soldata dizula zor. Hau da, orotara 16.800 euro zor dizkizu. FOGASAk, halere, lanbidearteko gutxieneko soldataren bikoitza (73,88 euro eguneko -2021eko datua-) eta 120 egun besterik ez dizkizu ordainduko, hau da, 8.866,66 euro. Izan ere, zenbateko hauxe izango litzateke edozein langilek edozein kasutan jasoko lukeen gehienekoa.
- Kalteordainen kasuan
Honelakoetan ere gehienezko kopurua lanbidearteko gutxieneko soldataren kopuruaren bikoitza izango da (aparteko pagen zati proportzionala barne) eta gehienez urtebete ordainduko da:
– Kaleratze bidegabe edo baliogabeak: 30 egun urte bakoitzeko (nahiz eta epaileak enpresari agindu 45 edo 33 egun ordaindu behar dituela).
– Kaleratze objektibo edo kolektiboak: 20 egun urte bakoitzeko.
– Aldi baterako kontratuen kasuan: kontratua egin den dataren arabera…
2015/01/01etik aurrera egindako kontratuetan, 12 egun urte bakoitzeko
2014ean sinatutakoetan, 11 egun
2013an, 10 egun
2012an, 9 egun
2011n edo lehenagotik egindakoetan, 8 egun
Zelan erreklamatu behar da?
Eskaera orria bete behar duzu. Formularioan bertan kasu bakoitzerako atxiki behar den dokumentazioa azaltzen da. Beti gomendatzen dizugunez, eskatu laguntza, zure enpresako ordezkaritzarekin edo sindikatuarekin kontaktuan jarrita.
Eskaera hau herrialdeetako FOGASAren bulegoetara bideratu behar duzu, postaz edo hara bertaratuta. Izan kontuan aldez aurretiko zita eskatu beharra dagoela:
Araba | General Alava 10, Gasteiz |
Bizkaia | Colón de Larreategi 26, 5. pisua, Bilbo |
Gipuzkoa | Urdaneta 7, 2. pisua, Donostia |
Nafarroa | Cilveti Monastegia 4, Iruñea |
Zein da erreklamatzeko epea?
Kontziliazio akta, epaia edo erresoluziotik aurrera urtebeteko epea daukazu eskatzeko.