Rider Legea
2021/05/27
Estatuko Ministro Kontseiluan onartu ostean, gaur, maiatzaren 27an, Rider Legea izenez ezagutzen dena Madrilgo Kongresuan eztabaidatu behar zen. Hala ere, eztabaida hau ekainera atzeratu da. Hemen detaile guztiekin kontatuko dizuegu zertan datzan dekretu berri hau eta, legearen tramitazioak aldaketarik ekarriko balu, gure telegram kanalaren bitartez abisatuko dizuegu. Oraindik ez bazarete harpidetu, ESTEKA HONETAN kliklatu eta erraz-erraz lortuko duzue.
Lege hau plataforma digitalen bitartez banaketan lan egiten dutenen baldintzak arautzera dator. Geroxeago ikusiko dugunez, Lege hau ez da nahikoa: sektore honetako prekarietateari ateak zabalik uzteaz gain, ez dio erantzunik ematen autonomo faltsuen aferari eta ez dio aurre egiten ekonomiaren uberizazio prozesuari; baina azken urteotan langileek egin duten borrokaren garaipena izan bada. Antolakuntza, indar metaketa eta borrokaren garaipena.
Izan ere, denok dakigunez, Uber, Glovo, Deliveroo eta etxez etxeko banaketa egiten duten enpresek autonomo faltsu izatera behartzen zituzten langileak, horrek lan eskubideetan eta babes sozial eta laboralean dakarren guztiarekin. Hemendik aurrera, langile hauek guztiak soldatapekoak izatera pasatu beharko dira.
Lan harremana, legearen ardatza
Auzitegiek hainbat alditan ebatzi dutenez, riderrak ez dira autonomoak. Enpresekiko harreman honek izaera laborala dauka. Horrela adierazi da, esaterako, Bilboko Lan Arloko 11. Auzitegiak emandako azken ebazpenean Glovoko langileen salaketa kolektiboaren harira: “[…] la relación entre Glovo y los trabajadores […] es de naturaleza laboral, con todos los efectos legales que ello supone”. Eta horrelaxe ezarri du baita Auzitegi Gorenak ere 805/2020 ebazpenean, dotrina bateratu egin duena, gainera. Ebazpen honen bitartez finkatu da enpresa hauek ez direla bitartekari hutsak zerbitzuen kontratazioan komertzio eta banatzaileen artean.
Gogora dezagun, labur, zeintzuk ezaugarriren arabera neurtzen den gure harremanak izaera laborala ote daukan eta, hortaz, autonomo faltsuak ote garen:
Funtsezko lau ezaugarri daude: borondatea, ordainketa, menpekotasuna eta besteren baten kontura lan egiten ote den.
Esaterako, enpresariaren aginduen menpe bazaude, hau da, sarrera eta irteera ordutegia badaukazu, bezeroak enpresak ezartzen badizkizu, non, nori eta noiz saldu behar duzun inposatzen badizu… Edota enpresaren baliabideak erabiltzen badituzu: bulegoa, telefonoa, materiala… edo zure eguneroko jardueraren berri eman behar baduzu, urtean 12 faktura berdin-berdinak kobratzen badituzu eta enpresak erabakitzen badu noiz hartu behar dituzun oporrak… ezaugarri hauek guztiek adierazten dute seguruenik autonomo faltsua zarela, hots, plantilan egon beharko zinatekeela, lan harreman arruntaz.
Hauxe da, beraz, Rider Legearen funtsa: plataforma digitalen bitartez banaketan aritzen diren langileen kasuan beti suposatu beharko da lan harreman arrunta existitzen dela eta, hortaz, langile horiei Estatutuak -eta bestelako araudi laboralak- aplikatu beharko zaizkiela.
Honela, Langileen Estatutua moldatu eta Xedapen Gehigarri berri bat sartu da:
«Disposición adicional vigesimotercera. Presunción de laboralidad en el ámbito de las plataformas digitales de reparto.
[…] se presume incluida en el ámbito de esta ley (Langileen Estatutuan, alegia) la actividad de las personas que presten servicios retribuidos consistentes en el reparto o distribución de cualquier producto de consumo o mercancía, por parte de empleadoras que ejercen las facultades empresariales de organización, dirección y control de forma directa, indirecta o implícita, mediante la gestión algorítmica del servicio o de las condiciones de trabajo, a través de una plataforma digital.”
Beraz, Lege hau aplikagarria da plataforma digitalen bitartez lan egiten denean eta banaketa zerbitzuak ematen direnean. Hau da, riderrak baino ez ditu kontuan hartzen eta kanpoan uzten ditu beste modu batzuetan eta beste zeregin batzuetan autonomo faltsutzat aritzera behartuta dauden beste langile guztiak.
Ez dugu ahaztu behar plataforma digitalek banaketarako ezarri duten eredua kapitalaren estrategia oso baten izozmendiaren punta baino ez dela. Horregatik, ezaugarri horiek dituen erregulazio bat ezin da riderretara mugatu, autonomo faltsu guztiak hartu behar ditu aintzat eta, honetaz gain, azpikontratazioaren gaitza errotik konpondu. Salbuespenak edo erregulazioak ad hoc ezartzeak lan eskubideen aplikazio orokorra ahuldu besterik ez du egiten.
Enpresak algoritmoen arauen berri eman behar die langileei
Enpresa Komiteak, hau da, langileen ordezkaritzak, algoritmoen arauen inguruko informazioa jaso beharko du enpresaren aldetik. Informazio honetan azaldu beharko dira algoritmoak edo adimen artifizialaren sistemak oinarrituta dauden parametro, arau eta aginduak. Izan ere, sistema hauek hartzen diren erabakietan eragiten dute eta zerikusi zuzena daukate enpleguan, lan baldintzetan, baita profilen osaketan ere.
Honela, Langileen Estatutuaren 64.4 artikuluan atal berri bat sortu da:
“64.4.d) [Enpresa Komitearen eskubidea izango da…] Ser informado por la empresa de los parámetros, reglas e instrucciones en los que se basan los algoritmos o sistemas de inteligencia artificial que afectan a la toma de decisiones que pueden incidir en las condiciones de trabajo, el acceso y mantenimiento del empleo, incluida la elaboración de perfiles.”
Hortaz, legeak ez du errotik erauzten mota honetako enpresen ereduaren muina: algoritmoa eta haren aplikazioa produkzio prozesuan. Egia da langileek algoritmoek lan baldintzen gaineko eraginari dagokionez ezartzen dituzten arauei buruzko informazioa izan beharko dutela, baina ez da ezartzen horien gaineko kontrol publikorako mekanismorik. Algoritmoen ezagutza eta erregistro publikoa ezinbestekoa da enpresa horien jarduera kontrolatzeko.
Harreman laborala aitortzearen ondorioak
Langileak autonomo faltsuak izatetik inoren konturako langileak izatera pasatuko dira. Honek esan nahi du enpresek eurengatik kotizatu beharko dutela. Honela, langileak ez dira behartuta egongo kotizazio guztiak ordaintzera, ezta autonomoen kuota ordaintzera ere.
Jakina, honetaz gain, lehen aipatu dugunez, inoren konturako langileek dauzkaten eskubide eta estaldura berberak izango dituzte: atsedenaldiak, ordaindutako oporrak, ezintasunagatiko prestazioak (aldi baterako ezintasuna edota ezintasun iraunkorra), kalte-ordainak kaleratze kasuetan, langabeziagatiko prestazioa eta abar luze bat.
Oinarrizko soldata jasotzeko eskubidea ere izango dute, jakina. Honela, Bizkaiko kasuan, esaterako, LABek azaroan proposatu zuen banatzaileak Bizkaiko Ostalaritza Hitzarmeneko III. kategorian sar daitezela (1.419,06 euro 15 ordainsaritan). Eta norabide horretan jarraituko dugu lanean, riderren kategoria hitzarmenetan isla dadin, azpikontrataturik dauden banatzaileak subrogatuak izan daitezen eta hitzarmenetako eduki guztiak aplika dakizkien.
Noiz hasiko da indarrean?
Dekretua BOEn argitaratu eta 3 hilabetetara. Honela, maiatzaren 12an argitaratu zenez, 2021eko abuztuaren 12tik aurrera hasiko da indarrean.
Legean bertan adierazten denez, enpresei denbora tarte bat eman nahi zaie araudia bete dezaten. Baina kontuan hartzen badugu akordioa martxoan sinatu zela Madrilen (Gobernuaren, patronalaren eta Estatuko sindikatuen artean), enpresek sei hilabete dauzkate iruzur bat beste iruzur batez ordezkatzeko, izan kaleratze bitartez, izan ABLE eta azpikontratekin, riderrak beste bide batzuetatik prekarizatzen eta esplotatzen jarraitzeko.
Gabezi ugari dituen legea
• Harreman laborala aitortzeko prozedura honetan enpresak ez daude beharturik enplegua bermatzera. Hau da, enpresak ez daude behartuta gaur egun autonomo faltsu moduan aritzen diren langileak plantilan sartzera. Eta oraintxe komentatu dugunez, seguruenik etorriko diren kaleratze, azpikontrata eta bestelako iruzurrak ekideteko bitartekorik ez da inon ezarri.
• Arau berria riderretan hasi eta amaitzen da. Hortaz, beste sektore batzuetan ugaritu baino egiten ez den autonomo faltsuen fenomenoa eteteko borondaterik ez dauka, ezta ekonomiaren uberizazioari aurre egiteko ere.
• Langileen ordezkariek algoritmoaren berri izatea aurrera pausoa bada ere, enpresei ez zaie benetako gardentasunik exijitzen. Tresna digital hauek lanaren antolamendurako erabiltzen direnez gero, hauen gaineko erregistro eta kontrol publikoa ezinbestekoak dira.
• Hainbat urtetan legea nahita eta jakinda urratu duten, langileen eskubideak zapaldu dituzten eta Gizarte Segurantzari itzelezko lapurreta egin dioten enpresa hauek guztiek ez dute inolako ondoriorik edo zehapenik jaso. Zalantzarik ere ez daukagu, halako ordain merkeaz, iruzurrezko jokabide berrietan ahaleginduko direla.
Berriro diogu, lege hau nahikoa ez izan arren, langileen borrokaren garaipena izan da. Lehen pauso bat riderren antolakuntzari eta Estatuko sindikatu alternatiboekin, LAB barne, egindako indar metaketari esker. Baina borroka hau ezin da faltsuan itxi. Asko dago egiteko oraindik. Gure aldetik, gaur gaurkoz Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolaturik gaude, Lan Ikuskaritzarekin elkarlanean, langileei aholkularitza laboral eta juridikoa ematen eta, jakina, sail sindikalak sortzen. Elkarlana eta borroka funtsezkoak izango dira baita hemendik aurrera ere, erronka berri eta garrantzitsuak etorriko zaizkigu eta.