Erretiroagatiko pentsio kontributiboa
2018/02/26
Azken eguneraketa: 2024/01/17
— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko XIII. Kapitulua (Erretiroa modalitate kontributiboan)
— 2/2023 Lege Dekretua, pentsiodunen eskubideak zabaltzeko, genero arrakala murrizteko eta pentsio sistema publikoaren iraunkortasunerako esparru berria ezartzeko premiazko neurriena
Azken hamarkada luzean pentsio sistema publikoa bereziki erasotua izan da. Nahiz eta hau ez izan ezer berria. Pentsio publikoak goxoki ederra izan dira betidanik banka eta inbertsio funtsentzat. Horrela, pasa den mendeko ‘90eko hamarkadatik, arduradun politikoak sistemaren porrota iragartzen ari zaizkigu, botere ekonomiko eta finantzarioaren bozeramale lanetan.
Kotizazioekin finantzatzen den edozein sistemaren iraunkortasunerako gakoa erraza da: kalitateko enplegua. Hala ere, iraunkortasun horrexen izenean, erreformaz erreforma erretirorako baldintzak gogortzen, pentsioaren zenbatekoak jaisten eta sistema osoa ahultzen joan dira, helburu argi batekin: sistema publikoa pribatizatzea. Eta berdin da Gobernuaren kolorea. Gogora dezagun, esaterako, Zapateroren PSOE izan zela, besteak beste, 2011n erretiro adina 67 urteetara atzeratu eta kotizazio urteak luzatu zituena. Gerora, 2013an, Rajoyren PP etorri zen eta, sistema publikoa guztiz deuseztatzea bilatzen zuten beste hainbat neurri basatiren artean, oinarri arautzailearen kalkulua 10 urtetan luzatu zuen (15 urtetatik 25 urtetara pasatu zen).
Aurreko erreformei begirada bat bota nahi badiezu, hurrengo artikulu honetan egin dezakezu:
Azken erreforma 2/2023 Lege Dekretu berriarekin ez ezik, azken urte bietan burutzen ari da neurri ezberdinekin. Egia da hainbat puntu indargabetu direla: pentsioak KPIarekin lotu ziren berriro eta iraunkortasun faktorea bertan behera utzi zen -indarrean hasi baino lehenago-, Belaunaldien arteko Ekitate Mekanismoaz ordezkaturik, adibidez. Egia da azken erreformari amaiera (momentuz) eman dion 2/2023 Dekretuak indar berezia egiten duela diru-bilketan, baina ez da guztiz egia pentsioen zenbatekoak jaitsiko ez direnik. Izan ere, aipatutako PPren erreformaren bidetik, berriro ere luzatu da oinarri arautzailea kalkulatzeko aintzat hartzen den epealdia, 27 urtetara oraingo honetan.
Azken dekretuaren nondik-norakoak beste artikulu honetan dauzkazu:
Eta, azkenik, ezin dugu aipatu barik utzi, azken dekretu hau baino lehenago, pentsio erreforma barruan, nahiko isilean pasatu den beste lege bat: 12/2022 Legea, enplegu pentsio planak sustatzen dituena, hau da, enpresetan pentsio plan pribatuak bultzatzen dituena eta, seguruenik, sistema publikoaren eraispen progresiboaren estrategian aurrerapauso erabakigarrietako bat izan daitekeena. Hau ere “Gobernu progresistenaren” eskutik eta, zelan ez, PP, Vox eta Ciudadanos ez ezik, PNVren aldeko botoekin ere bai.
Erretiro adina
Arestian aipatu dugunez, 2011n erretiro adina atzeratu eta kotizatu beharreko urteak luzatu ziren. Hau progresiboki ari da aplikatzen ordudanik, 2027. urtera arte, beherago dagoen taulan ikusi ahal duzuenez.
Kotizatu ditugun urteen arabera, aukera bi dauzkagu: kotizazio luzeagoak badauzkagu (taulan azaltzen den moduan) aukera izango genuke 65 urterekin erretiratzeko, baina gutxieneko kotizazio horien ezean, erretiro adina luzatuko litzaiguke.
Esan nahi baita, aurten, 2024an, adibidez, 65 urterekin har genezake erretiroa, baldin eta gure bizi laboral osoan 38 urtez kotizatu badugu. Kotizazio hauetara heltzen ez direnen artean, ordea, 66 urte eta 6 hilabete bete dituztenak baino ezingo lirateke erretiratu.
URTEA | Zenbat urte kotizatuta | Zenbat urterekin |
2023 | Gutxienez 37 urte eta 9 hilabete | 65 urte |
37 urte eta 9 hilabete baino gutxiago | 66 urte eta 4 hilabete | |
2024 | Gutxienez 38 urte | 65 urte |
38 urte baino gutxiago | 66 urte eta 6 hilabete | |
2025 | Gutxienez 38 urte eta 3 hilabete | 65 urte |
38 urte eta 3 hilabete baino gutxiago | 66 urte eta 8 hilabete | |
2026 | Gutxienez 38 urte eta 3 hilabete | 65 urte |
38 urte eta 3 hilabete baino gutxiago | 66 urte eta 10 hilabete | |
2027tik aurrera | Gutxienez 38 urte eta 6 hilabete | 65 urte |
38 urte eta 6 hilabete baino gutxiago | 67 urte |
⇒ ADI! Edozein kasutan, erretiroagatiko pentsio kontributiboa jaso ahal izateko, gutxienez gure bizi laboral osoan 15 urtez kotizatu behar izan dugu.
Honetaz gain, urte hauetatik gutxienez 2 izan behar dira jubilazioa eskatu baino lehenagoko 15 urteetan zehar.
Betebehar hauei gabealdi orokorraren betebeharra (“requisito de carencia genérica”) eta gabealdi espezifikoaren betebeharra (“requisito de carencia específica”) deitzen zaie, hurrenez hurren.
- Gabealdi orokorraren betebeharra: 15 kotizaturik, gutxienez, gure bizi laboral osoan zehar
- Gabealdi espezifikoaren betebeharra: 2 urte kotizaturik, erretiroa eskatu aurreko 15 urteetan zehar
Oinarri arautzailea
Oinarri arautzaileak pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko balio du. Laburbilduz, hainbat urtetako edo, hobeto esanda, hainbat hilabetetako kotizazio oinarriak hartzen dira kontuan (kotizazio oinarria hilabeteko soldata osoa da, ordainketa guztiak kontuan hartuta eta aparteko ordainsariak hainbanaturik edo prorreaturik); kotizazio oinarri hauen batezbestekoari zatitzaile bat aplikatzen zaio eta, azkenik, pentsio osoa jasotzeko eskatzen diren gutxieneko kotizazioetara ez bagara heldu, zenbait koefiziente aplikatuko dira. Baina goazen banan-banan:
— Kalkulurako kontuan hartzen diren kotizazioak
Aurreko atalean ikusi dugu gutxieneko kotizazio batzuk behar direla erretiroa hartu ahal izateko; honetaz gain, kotizazio epealdi zehatz bat hartzen da pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko.
2013ko pentsio erreforma baino lehen, azken 15 urteetako kotizazioak hartzen ziren kontuan (180 hilabete). Ordudanik, kalkulurako epealdia 25 urtetara luzatu zen. Urtez urte joan ziren hori burutzen, progresiboki, 2022. urtera arte eta ordudanik 25 urteren (300 hilabeteren) gainean egiten da kalkulua.
Hurrengo urtean bertan, 2023an, alegia, berriro luzatu zen epealdi hau (2023ko pentsio erreformaz). Oraingo honetan 27 urtetara.
Aurrera jarraitu baino lehen, azaldu behar da zenbat eta urte gehiago kontuan hartu, pentsioa gero eta baxuagoa izaten dela kasu gehien-gehienetan. Izan ere, gure bizi laboralak “hoberantz” joan ohi dira eta, oro har, atzeragoko soldatak baxuagoak izan ohi dira. Soldata baxuagoak = kotizazio oinarri baxuagoak = oinarri arautzaile baxuagoa = pentsio baxuagoa.
Azken erreforma hau 2026an hasiko da indarrean eta progresiboki joango da aplikatzen.
2026. urtetik 2037. urtera arte kalkulu bi egingo dira eta probetxugarriena aplikatuko da ofizioz:
– Azken 25 urteak zenbatuko dira
– Azken 29 urteak aukeratu eta hauetatik bi txarrenak alboratuko dira. Hortaz, 27 urte zenbatuko lirateke.
2037. urtetik aurrera bigarren kalkulua baino ez da egingo.
Taula honetan daukazue, alde batetik, zenbat hilabeteren artean aukeratu ahal izango den (beti ere erretiro momentutik atzera kontaturik) eta, bestetik, horien artean, zenbat hilabete hartu beharko diren kontuan eta zein izango den aplikatuko zaien zatitzailea.
Urtea | Aukera daitezkeen hilabeteak | Hilabeteak / zatitzailea |
2026 | Azken 304 hilabeteen artean | 302/352,33 |
2027 | Azken 308 | 304/ 354,67 |
2028 | 312 | 306/357 |
2029 | 316 | 308/359,33 |
2030 | 320 | 310/361,67 |
2031 | 324 | 312/364 |
2032 | 328 | 314/366,33 |
2033 | 332 | 316/368,67 |
2034 | 336 | 318/371 |
2035 | 340 | 320/373,33 |
2036 | 344 | 322/375,67 |
2037 | 349 (29 urte) | 324 (27 urte)/378 |
— Zatitzailea
Kontuan hartzen diren hilabete guztietako kotizazio oinarrien batezbestekoa egin ostean, zatitzaile bat aplikatzen zaie. Bestela esanda, zatiketa bat egiten da. Honek, berez, pentsioaren zenbatekoa jaisten du soldaten zenbatekoarekin konparatuta.
Lehen esan dugun bezala, 2022tik azken 25 urteak (300 hilabeteak) erabiltzen dira kalkulua egiteko eta aplikatzen zaien zatitzailea 350 da. Hau honela izango da, oraindik, 2024an eta 2025ean. Gerora, eragiketa berbera egiten jarraituko da, baina taulan islatu ditugun kalkuluak ere egingo dira, eta bien artean probetxugarriena aukeratuko da 2037. urtera arte.
2037. urtetik aurrera, kalkulu bakarra egingo da: 324 hilabete hartuko dira kontuan (azken 349 hilabeteetatik, 324 onenak aukeratuko dira) eta aplikatuko zaien zatitzailea 378 izango da.
— Gure bizi laboral osoan kotizatu ditugun urteak
Bizi laboral osoan zenbat urte kotizatu dugun ere hartzen da aintzat pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko.
Erretiroagatiko pentsioa jaso ahal izateko, gutxienez 15 urte izan behar ditugu kotizaturik; kasu honetan oinarri arautzailearen %50 jasoko genuke.
Oinarri arautzailearen %100 (pentsio osoa) jaso ahal izateko, geroxeago datorren taulan erreparatu behar duzue. Azken zutabeetan oinarri arautzaile osoarekin erretiratzeko beharrezkoak diren urteak dauzkazue:
– 2023tik 2026ra 36 urte eta 6 hilabete beharko dira
– eta 2027tik aurrera 37 urte.
Kopuru honetara helduko ez bagina, kotizatutako lehen 15 urteetatik aurrera koefiziente bat aplikatuko zaigu hilabete gehigarriengatik. Laburbilduz eta denok dakigunez, zenbat eta urte gehiago kotizaturik eduki, orduan eta pentsio altuagoa edo, bestela esanda, zenbat eta urte gutxiago, orduan eta “penalizazio” handiagoa.
Taula hau ez da berria. 2013an hasi zen aplikatzen, ikusi ahal duzuen bezala.
APLIKAZIO EPEA | LEHEN 15 URTEAK | URTE GEHIGARRIAK | GUZTIRA | |||||
URTEAK | % | HILABETE GEHIGARRIAK | KOEFIZIENTEA | % | URTEAK | URTEAK | % | |
2013tik 2019ra | 15 | 50 | 1etik 163ra gainerako 83ak | 0,21 0,19 | 34,23 15,77 | |||
15 | 50 | Guztira 246 hilabete | 50,00 | 20,5 | 35,5 | 100 | ||
2020tik 2022ra | 15 | 50 | 1etik 106ra gainerako 146ak | 0,21 0,19 | 22,26 27,74 | |||
15 | 50 | Guztira 252 hilabete | 50,00 | 21 | 36 | 100 | ||
2023tik 2026ra | 15 | 50 | 1etik 49ra gainerako 209ak | 0,21 0,19 | 10,29 39,71 | |||
15 | 50 | Guztira 258 hilabete | 50,00 | 21,5 | 36,5 | 100 | ||
2027tik aurrera | 15 | 50 | 1etik 248ra gainerako 16ak | 0,19 0,18 | 47,12 2,88 | |||
15 | 50 | Guztira 264 hilabete | 50,00 | 22 | 37 | 100 |
Desgaitasun mailaren bat egiaztaturik badaukazu
Desgaitasun mailaren bat badaukazu lehenago erretiratzeko aukera daukazu.
– %65eko desgaitasuna badaukazu: Lan egin duzun denborari 0,25 koefizientea aplikatzen zaio (eta 0,50 koefizientea, baldin eta eguneroko bizitzarako norbaiten laguntza beharrezkoa daukazula egiaztatu ahal baduzu). Honek, zelanbait esateko, kotizazio urteak “luzatzen” ditu eta, hortaz, erretiro adina aurreratu. Edozein modutan, ezin izango zara 52 urte izan aurretik jubilatu.
– %45eko desgaitasuna badaukazu zerrendatuta dauden gaixotasunengatik: Ez da koefizienterik aplikatzen. 56 urterekin jubilatzeko aukera ematen da, edozein kasutarako.
Gai honetan zenbait aldaketa egon dira 2023. urtean. Dena zabalago azalduta daukazu hurrengo artikuluan:
Pentsioa kalkulatzeko simulatzailea
Azkenik, hemen utziko dizuegu pentsioa kalkulatzeko Gizarte Segurantzaren simulatzaile bat:
Gizarte Segurantzak zure datuak kontsultatuko ditu. Horrexegatik, beharrezkoa da, ezer baino lehen, identifikatzea. Ez badaukazu identifikazio elektronikorako gakorik, hala nola cl@ve edo egiaztagiri digitala, ez kezkatu, SMS bitartez ere egin daiteke. Baina, adi, beharrezkoa da inoiz zure telefono mugikorraren zenbakia Gizarte Segurantzari eman izana eta, hortaz, euren datu-basean agertzea.
Azken aukera hau erabiltzeko, zure datu pertsonalak sartu baino ez duzu egin behar (NANa, jaiotze data eta telefono zenbakia) eta Gizarte Segurantzak gako bat bidaliko dizu SMSz. Gakoa behin sartuta, zure datu pertsonalak (seme-alabarik daukazun, desgaitasunik ote daukazun, atzerrian lan egin ote duzun…) eta datu laboralak (zenbat egun kotizatu dituzun eta zenbat aurreikusten dituen kotizatuko duzula) hartuko ditu zuzenean eta kalkulua egingo dizu.