Zurztasun pentsioa

2023/12/04
Azken eguneraketa: 2024/01/25

— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 224. eta 225. artikuluak
— 8/2023 Lege-Dekretuaren VI. Tituluko I. Kapituluko 2. Atala (“Pentsioen eta bestelako prestazio publiko batzuen inguruko neurriak”)

 

Hilabetero egiten ditugun kotizazioen artean heriotza eta biziraupen kontzeptua ere sartzen da. Kotizazio hauek hainbat prestaziotarako eskubidea ematen dute, langilearen balizko heriotzak beste pertsona batzuei ekar diezaiekeen kalte ekonomikoa konpentsatzeko helburua dutenak. Zurztasun pentsioa prestazio hauetako bat da, alarguntza pentsioa eta senideen aldeko pentsioa diren bezala. 

Zurztasun pentsioa zendutako langilearen seme-alabek jaso dezaketen prestazioa da. Honetarako, hala ere, hainbat baldintza bete behar dira, bai jasotzailearen aldetik, bai eta zendutako langilearen aldetik ere.

Zendutako langilearen gutxieneko kotizazioak

Lehenengo eta behin, ikusi behar da langilea alta egoeran (edo alta pareko egoeran) ote zegoen heriotzaren momentuan:

— Alta egoeran egonez gero, 2008. urtetik ez da gutxieneko kotizaziorik eskatzen. Hortaz, edozein kasutan, zurztasun pentsioa eska liteke.

— Alta egoeran egon ezean, zendutako pertsonak, gutxienez, 15 urte kotizatu behar izan ditu bere bizi laboral osoan.

Era berean, ez da gutxieneko kotizaziorik eskatuko, baldin eta heriotza lan istripu edo gaixotasunagatik izan bada, ezta zendutako pertsona pentsio kontributiboa (erretiroagatik edo ezintasun iraunkorragatik) jasotzen bazegoen ere.

Nork jaso dezake zurztasun pentsioa?

Zendutako gurasoaren seme-alabek jaso dezakete, euren filiazioa edozein dela ere.

Ezkontidearen seme-alabek:
               – ezkontza heriotza baino urte bi lehenago izan bazen,
               – zendutako pertsonarekin eta beraren kontura bizi baziren
               – ez badaukate Gizarte Segurantzaren beste ezin pentsio jasotzeko eskubiderik
               – beste ezein senidek ez badie mantenu-pentsiorik ematen   

Seme-alabek 21 urtetik beherakoak izan behar dira zurztasun pentsioa jaso ahal izateko. Hau da, ama edo aita hiltzen den momentuan ezin izan dute oraindik 21 urte bete. Hauxe da betebeharreko baldintza orokorra. Hala ere, salbuespenak badira:

Ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia aitortu bazaie, zurztasun pentsioa jasoko lukete, nahiz eta 21 urtetik gorakoak izan.

• Zurztasun pentsioa 25 urte bete arte jaso ahal izango da, baldin eta seme-alabek…
            – lanik egiten ez badute
            – lan egiten badute, baina soldata ez bada lanbidearteko gutxienekora heltzen
            – ikasten ari badira

Zenbat jasotzen da?

Oinarri arautzailearen %20.

Heriotza lan istripu edo gaixotasunagatik izan bada, kalte-ordain txiki bat ere jasoko da: hilabete bateko oinarri arautzaile osoaren bestekoa. Ordainketa bakarreko kalte-ordaina da.

⇒ Oinarri arautzailea

Oinarri arautzaile hau ezberdin kalkulatzen da zendutako langilearen egoeraren arabera (alarguntza pentsioarekin egiten den bezala):

— Pentsioduna bazen (erretiroagatik edo ezintasun iraunkorragatik): oinarri erregulatzailea pentsiorako kalkulatu zen berbera izango da.

— Aktiboan bazegoen eta heriotza gertakizun arruntengatik izan bada (gaixotasun edo istripu arruntagatik):

            24 hilabeteko kotizazio oinarriak aukeratu, batu eta 28z zatikatuko dira. 24 hilabeteak segidan izan behar dira; edozelan, azken 15 urteen artean aukeratu ahal dira.

            Istripu arruntagatik izan bada eta langileak ez badu izan 24 hilabete segidan kotizaturik, oinarri arautzailea oraintxe azaldu dugun bezala kalkulatu ahal da edo, bestela, hil aurreko 24 hilabeteetako gutxieneko kotizazio oinarriak har daitezke, batu eta 28z zatikatu. Kalkulu bietatik probetxugarriena aplikatuko litzateke.

— Aktiboan bazegoen eta heriotza gertakizun profesionalengatik izan bada (lan istripu edo gaixotasunagatik:

Lehenengo eta behin, ondoko hauek batu behar dira:
            – Eguneko soldata bider 365
            – Aurreko urteko aparteko pagak (istripua gertatu edo gaixotasunagatiko baja hartu aurreko urteko pagak)
            – Aurreko urteko aparteko orduak (edo plusak). Lehenengo eta behin, hauek lan egindako egun kopuruaz zatikatu behar dira eta honen emaitza 273z biderkatu.

            Hiru kontzeptu hauek batu ditugula, emaitza 12z zatikatu behar da.

— Etxeko langilea bazen:

            Oinarri arautzailea heriotzaren momentuan langileak zeukan kotizazio oinarriaren bestekoa izango da.

Ikusten duzuenez, oinarri arautzailea kalkulatzea nahasitxoa izan daiteke. Gainera, hemen gainetik baino ez dugu azaldu, egoera anitz egon daitezkeelako: aldi baterako finkoak, jardunaldi partzialak, errelebo kontratuak, pluriaktibitatea edo jarduera aniztasuna…

Oinarri arautzailearen kalkuluaren inguruan gehiago jakin nahi baduzue:

Erabateko zurztasuna

Guraso biak hil direnean (edo guraso bakarreko familietan guraso hori hil denean), erabateko zurztasunaz ari gara.

Honelakoetan, alargunik ez dagoenean edo alarguntza pentsiorik esleitu ez denean, honi dagokion ehunekoa (%52) zurztasun pentsioari gehitu ahal zaio. Guztira, oinarri arautzailearen %72 izango litzateke, hortaz.

Era berean, bigarren gurasoa hiltzen denean alarguntza pentsioa jasotzen ari bazen, zurztasun pentsioa handituko da, zendu berri den gurasoak jasotzen zuen alarguntza pentsioaren ehunekoan.

Seme-alaba batek baino gehiagok zurztasun pentsioa jasotzeko eskubidea baleuka, alarguntza pentsioagatik egokituko litzatekeen zenbatekoa denen artean banatuko da.

Gurasoetako baten heriotza lan gaixotasun edo lan istripuagatik balitz, lehen aipatu dugun kalte-ordain txikiari alargunari legokiokeen kalte-ordaina gehituko litzaioke: 6 hilabeteko oinarri arautzailea, alegia. Hau da, kasu honetan ere alargunari legokiokeena umezurtzari esleitzen zaio, beti ere erabateko zurztasun kasuetan. Jasotzaile bat baino gehiago balego, sei hilabeteko kalte-ordain hau euren artean banatuko litzateke, hurrengo atalean ikusiko dugunez.

 

⇒ Genero indarkeria kasuetan, aitak alarguntza pentsioa jasotzeko eskubidea galdu badu, egoera erabateko zurztasunarekin parekatuko da eta, hortaz, alaba edo semearen pentsioa alarguntza pentsioaren ehunekoarekin handituko da.

Onuradun bat baino gehiago badaude

Onuradun bat baino gehiago dagoen kasuetan mugapen bat dago: heriotza eta biziraupen pentsio guztiek ezin dute oinarri arautzailearen %100 gainditu. Izan kontuan heriotza eta biziraupen pentsio guztien inguruan ari garela hitz egiten. Hau da, alarguntza pentsioak ere barne sartzen direla. Beraz, zelanbait azaltzeko, langile baten heriotzagatik jasotzen diren pentsio guztien artean -alarguntza eta zurztasunagatik- ezingo litzateke oinarri arautzailetik gora jaso. Hori bai, edozein kasutan, legez ezarrita dauden gutxienekoak bermatuko lirateke.

Salbuespena: Alarguntza pentsioaz gain, zurztasun pentsio bat baino gehiago badira, oinarri arautzailearen %100a gainditu ahal izango da alarguntza pentsioari %52 baino gehiago dagokionean (%60 edo %70). Gogoratu kasu hauek errenta mailak, adinak, familia ardurek eta halakoek baldintzatzen dituztela. Hau da, egoera bereziki zaurgarrian dauden alargunek jasotzen dituztela portzentaje altuagoak. Beraz, portzentaje gehigarri hori ez litzateke galduko, nahiz eta, edozelan, umezurtz guztien artean banatu daitekeen gehienekoa %48 izango den.

Adibidez, demagun, alargun bat eta umezurtz bi daudela. Alargunari dagokion pentsioa %70 da kasu honetan. Umezurtz bakoitzak %20 jasoko luke berdin-berdin, nahiz eta, orotara, oinarri arautzailearen %110 izan hiru pentsioen artean.  

Kalte-ordainak: jadanik azaldu dugunez, heriotza lan istripu edo gaixotasunagatik izan bada, umezurtz bakoitzari kalte-ordaina egokituko zaio. Kalte-ordain honen zenbatekoa hilabeteko oinarri arautzailearen bestekoa da. Erabateko zurztasun kasuetan, gainera, alargunari legokiokeen kalte-ordaina (lehen esan dugunez, sei hilabeteko oinarri arautzailearen bestekoa litzatekeena) umezurtzei esleituko litzaieke. Hala ere, azken kalte-ordain honen kasuan, pentsioa jasotzeko eskubidea daukaten seme-alaba guztien artean banatu beharko litzateke.  

Adibidez, zurtz bi baleude, bakoitzak lau hilabeteko kalte-ordaina jasoko luke: bakoitzari dagokion hilabetea eta beste hiru hilabete gehiago (sei hilabeteko kalte-ordaina pertsona biren artean banatuta).

Gutxienekoak (2024. urterako)

Erabateko zurztasun kasuetan, ikusten duzuenez, alarguntza pentsioaren gutxienekoa gehitzen da (625,20€ hilean). Onuradun bakarra denean, osorik jasotzen du (252,40€+625,20€=877,60€); hala ere, onuradun bat baino gehiago badira, euren artean banatu behar da. Hortaz, seme-alaba bi balira, esaterako, 565€ egokituko litzaioke bakoitzari:

Gutxieneko alarguntza pentsioa = 625,20€. Hau umezurtz biren artean = 312,60€
Umezurtz bakoitzari berez dagokion gutxieneko pentsioa = 252,40€
312,60€ + 252,40€ = 565€ hilean, guztira

Gogoratu hemen gutxieneko zenbatekoez ari garela. Hala ere, zurztasun pentsioa, alarguntza pentsioa bezala, zendu den langilearen oinarri arautzailearen araberakoa izango da beti. Hortaz, pertsona horren soldataren eta kotizazio oinarrien arabera kalkulatu eta ezarriko da.

⇒ Zurztasun pentsioa 14 ordainsaritan jasotzen da: ordainsari bat hilabete bakoitzeko eta aparteko ordainsari bi, bat ekainean eta bestea azaroan. Hala ere, heriotza lan istripu edo gaixotasunagatik izan bada, 12 ordainsaritan jasoko litzateke, aparteko ordainsari biak hainbanaturik (“prorrateaturik“).

Nora jo behar da?

Gizarte Segurantzaren Institutura jo behar da. Bulegoetan aurrez aurre edo egoitza elektronikoaren bitartez eska daiteke.

Beharrezko dokumentazioa, besteak beste:

Eskaera orria
– Eskatzailearen nortasun agiria
– Familia liburua
– Zendu den gurasoaren heriotza-agiria
– Erabateko zurztasuna eskatzen bada, beste gurasoaren heriotza-agiria

Dokumentazioaren inguruko detaile guztiak Gizarte Segurantzaren ORRIALDE HONETAN dauzkazue.

 

ONLINE

Egoitza elektronikoan egiaztagiriarekin:

Egoitza elektronikotik egiteko (https://sede.seg-social.gob.es),  “herritarren” atalera sartu eta “pentsioetara” joan behar gara. Bertan “heriotza eta biziraupena” aukeratu behar dugu. Hemen utziko dizkizuegu sarrera zuzenak, errazago hel zaitezten:

– Heriotza eta biziraupena
– Heriotza eta biziraupena (ordezkari moduan)

Gogoratu egoitza elektronikoan izapideak egin ahal izateko, identifikatu behar dela. Honetarako NAN elektronikoa, ziurtagiri digitala edo cl@ve sistema beharko duzue. Cl@ve sistemaz gehiago jakin nahi baduzue, bota begiradatxo bat hurrengo artikuluari:

Egiaztagiririk gabe:

Gizarte Segurantzak hainbat izapide egiaztagirik gabe egiteko aukera ematen du. Egiaztagiri digitalik ez dugu beharko, baina izapidea egiten dugun bitartean geure burua identifikatu beharko dugu. Gure NANaren argazki edo irudi bat eta momentuan egindako selfie bat atxikiturik egingo genuke hau.

Aukera honen inguruko informazio guztia Gizarte Segurantzaren aldizkariko ARTIKULU HONETAN kontsulta dezakezu edota azalpen bideo hau ikusi:

Egiaztagiririk gabeko plataforma honetara sartzeko https://tramites.seg-social.es/ helbidera jo behar duzu. Bertan honako hau aukeratu beharko duzu: “pensiones nacionales” eta “solicitud”. Azalduko zaizkizun aukeren artean “prestación por viudedad, orfandad y/o favor familiar” hautatu behar da.

Honako ORRIALDE HAU zabalduko zaizu. Ikusiko duzunez, bertatik eskaera orria jaitsi eta bidali ahal izango duzu, beharrezko beste dokumentazio guztiarekin batera.

 

AURREZ AURRE

Esan bezala, Gizarte Segurantzaren Institutura jo beharra dago. Bulegoen helbideak eta telefonoak ORRIALDE HONETAKO formularioan bilatu ahal dituzu.

Gogoratu aldez aurretiko hitzordua eskatu behar dela derrigor. Hau telefonoz egin zenezake edo online.

• Hitzordua telefonoz eskatzeko:
91 541 25 30 / 901 10 65 70
Zerbitzu automatizatua da. Hau da, makina batek hartuko dizu eta jarraibideak ematen joango da. Edozein ordutan deitu ahal duzu.

• Hitzordua online eskatzeko, jo ORRIALDE HONETARA.

Informazio telefonoak: 91 542 11 76 / 901 16 65 65

Pentsioen eta prestazioen inguruko informazioa emateaz gain, egoitza elektronikoa erabiltzeko arazorik edo zalantzarik izanez gero ere deitu ahal duzu telefono hauetara. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00etara