Azken Dekretu honekin, agidanez, pentsio sistemaren azken erreformarekin amaitu du Madrilgo Gobernuak. Eta, laburbilduz, ezer baino lehen, esan behar da Gobernuaren eta CCOO eta UGT sindikatuen artean lotutako akordio hau urriegia dela, ez baitu pentsio duinik bermatzen. Azken urteotan, erreformaz erreforma, erretiroa hartzeko baldintzak gogortzen joan dira eta, sistemaren iraunkortasunaren izenean, pentsioen sistema publikoa ahulduz joan da. Ezinezkoa da pentsio duinak bermatzea aurreko murrizketa horiek guztiak lehengoratu gabe.

Dekretu honetako neurri batzuk diru-bilketa areagotzera bideratuta daude. Hau positiboa da, baina ez da nahikoa: Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa eta elkartasun kuota labur gelditzen dira eta, gainera, gehienezko kotizazio oinarriak altxatu diren arren, ez zaie topea kendu.

Bestetik, pentsioen gastua ere murriztu nahi da, legean bertan azaldu moduan. Eta, denok dakigu zer esan nahi duen pentsioen gastua murrizteak, hartutako neurri batzuen ondorioz gure pentsioak jaitsiko direla. Horrelaxe gertatuko da kasu gehienetan, esaterako, pentsioen kalkulurako sartu den aldaketarekin: urte gehiago hartuko dira aintzat.

Azken dekretu honek hainbat eta hainbat puntu ikutu ditu eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra hainbat artikulutan moldatu du. Hemen aldaketa nagusienak laburbildu dizkizuegu, baina, horretaz gain, bakoitza zabalago azalduko dugu dagokion artikulu espezifikoan.

Honako eduki hauek aurkitu ahal izango dituzue artikulu honetan:

• Pentsioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko modu berria
• Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa
• Gehienezko oinarriak eta gehienezko pentsioak
• Elkartasun kuota
• Gutxieneko pentsioak
• Genero arrakalagatiko osagarria eta kotizazio hutsarteak
• Autonomoen kotizazio hutsarteak
• Praktikak egiten dituzten ikasleak
• Minbiziak edo gaixotasun larriren batek jota dauden seme-alabak zaintzeko prestazioa
• Zaintza betebeharrengatiko eszedentziak eta jardunaldi murrizketak
• Jaiotza eta adin txikikoen zaintzagatiko prestazioa

Pentsioen erreforma (2023)

2023/03/27

2/2023 Lege Dekretua, martxoaren 16koa, pentsiodunen eskubideak zabaltzeko, genero arrakala murrizteko eta pentsio sistema publikoaren iraunkortasunerako esparru berria ezartzeko premiazko neurriena

 

Pentsioei zuzen edo zeharka eragiten dieten hainbat neurri hartu dira honezkero. Honela, 21/2021 Legearen bitartez, pentsioen errebalorizazioa KPIrekin lotu zen berriro eta, erretiro adinaren ostean, lanean jarraitzea sustatzen duten neurriak hartu ziren; 12/2022 Legearen bidez, bestetik, aurreikuspen sozial enpresariala, hau da, enplegu pentsio-planak bultzatzeko neurriak hartu ziren eta, honetaz gain, 13/2022 Lege Dekretuak autonomoen kotizazio sistema aldatu zuen.

Azken Dekretu honekin, agidanez, pentsio sistemaren azken erreformarekin amaitu du Madrilgo Gobernuak. Eta, laburbilduz, ezer baino lehen, esan behar da Gobernuaren eta CCOO eta UGT sindikatuen artean lotutako akordio hau urriegia dela, ez baitu pentsio duinik bermatzen. Azken urteotan, erreformaz erreforma, erretiroa hartzeko baldintzak gogortzen joan dira eta, sistemaren iraunkortasunaren izenean, pentsioen sistema publikoa ahulduz joan da. Ezinezkoa da pentsio duinak bermatzea aurreko murrizketa horiek guztiak lehengoratu gabe.

Dekretu honetako neurri batzuk diru-bilketa areagotzera bideratuta daude. Hau positiboa da, baina ez da nahikoa: Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa eta elkartasun kuota labur gelditzen dira eta, gainera, gehienezko kotizazio oinarriak altxatu diren arren, ez zaie topea kendu.

Bestetik, pentsioen gastua ere murriztu nahi da, legean bertan azaldu moduan. Eta, denok dakigu zer esan nahi duen pentsioen gastua murrizteak, hartutako neurri batzuen ondorioz gure pentsioak jaitsiko direla. Horrelaxe gertatuko da kasu gehienetan, esaterako, pentsioen kalkulurako sartu den aldaketarekin: urte gehiago hartuko dira aintzat.

Azken dekretu honek hainbat eta hainbat puntu ikutu ditu eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra hainbat artikulutan moldatu du. Hemen aldaketa nagusienak laburbildu dizkizuegu, baina, horretaz gain, bakoitza zabalago azalduko dugu dagokion artikulu espezifikoan, artikulu bakar batean luzeegi joko lukeelako.

Urte gehiago hartuko dira aintzat pentsioa kalkulatzeko

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 209. artikulua 
Indarrean 2026ko urtarrilaren 1ean

Pentsioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko urte bi gehiago hartuko dira aintzat. Gogora dezagun 2013ko erreformara arte azken 15 urteak hartzen zirela kontuan eta erreforma horrexek luzatu zituela 25era kalkulurako urteak. Bada, berriro luzatu da: 27 urte izango dira, 2037. urtera arte kalkulu modu bien artean aukeratu ahal izango den arren.

Laburbilduz:

– Orain arte, azken 25 urteetako kotizazioen arabera kalkulatzen zen oinarri arautzailea (bestela esanda, pentsioaren zenbatekoa zein izango zen). Orain kalkulua 27 urtetara igo da.  

– Aurreko 29 urteak hartuko dira kontuan. 29 urte hauetatik, 27 baino ez dira zenbatuko. Hau da, bi urte “txarrenak” alboratuko dira.

2037. urtera arte aukera bi egongo dira:
               • Azken 25 urteak zenbatu
               • Azken 29 urteak aukeratu eta hauetatik bi txarrenak alboratu. Hortaz, 27 urte zenbatuko lirateke.

Neurri hau 2026ko urtarrilaren 1ean hasiko da indarrean eta progresiboki joango da aplikatzen 2037. urtera arte. Momentu horretara heldu bitartean, kalkulu biak egingo dira eta langileari onuragarriena aplikatuko zaio ofizioz.

Zehaztapen gehiago (urterik urte zenbat hilabete hartuko diren kontuan eta bakoitzean zein izango den zatitzailea islatzen duen taula barne) pentsio kontributiboen artikuluan daukazue:

Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa (BEM)

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 127-bis artikulua 
Indarrean honezkero

Badakizuenez, aurten aplikatu da lehenbiziz aparteko kotizazio hau. Izan ere, 21/2021 Legean, Azken Xedapenetako Laugarrenean jarri zen martxan. Bada, mekanismo hau ere aldatu da.

Aipatutako Xedapena indargabeturik geratu da. Bertan zera azaltzen zen, mekanismo honek 10 urtez egongo zela indarrean eta, denbora hau behin pasaturik, egiaztatuko zela ea pentsioen gastuan desbiderapenik aurreikusten ote den 2050. urterako. Berrikuspen modu nahiko nahasia ere bazekarren, Europako Komisioaren Ageing Report txostena tartean.

Bada, azken dekretu honen bitartez, BEMa aldatu eta atal berri bat sortu da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean: 127-bis artikulua.

Mekanismo honen oinarriek beren horretan diraute:  kotizazio hau jubilaziorako kotizatzen den erregimen eta kasu guztietan aplikatuko da; Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsa elikatzeko kotizazioak izango dira; kotizazio hauek ez dira kontuan hartuko ezein prestaziotarako eta, horretaz gain, ezin izango dira ezein kasutan murriztu edo balizko hobarien artean sartu.

Hala ere, aurten aplikatu direnak baino ehuneko handiagoak ezartzen dira etorkizunera begira: Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa 1,2 puntukoa izango da (enpresak %1 eta langileak %0,2 ordainduko dute). Igoera hau progresiboki aplikatuko da, Gizarte Segurantzaren Legearen 43. Xedapen Iragankor berrian azaltzen den bezala. Hau guztia ere hobeto azalduta duzue BEM mekanismoaren artikuluan.

Gehienezko oinarriak eta gehienezko pentsioak
Gehienezko oinarrien igoera

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 19.3 artikulua
Indarrean 2024ko urtarrilaren 1ean

Kotizazio oinarriak, badakizuenez, mugatuta daude, goitik eta behetik. Hau da, gutxieneko eta gehienezko kotizazio oinarriak daude. Gutxieneko kotizazio oinarria gutxieneko soldatari lotuta dago. Izan ere, gutxienez kobratu behar dugun soldata legez ezarrita badago, ezinbestean kotizazioak gutxieneko horretara doitu behar dira. Hala ere, gehienezko kotizazio oinarriak ere badaude. Hau da, nahiz eta pertsona batek kobratzen duen soldata handiagoa izan, kotizazio oinarria mugatuta dago eta, hortaz, hortik gora kobratzen duen zatia, zelanbait esateko, kotizatzetik salbuetsita dago.

2023an gehienezko oinarri hauek %8,6 igo ziren (normalean baino gehiago). Luze hitz egin da gehienezko kotizazio muga hauek ezabatzeaz, topea kentzeaz, alegia. Azken lege honek halako neurririk ekarri ez duen arren, bai ezarri du zein izango den urteroko eguneraketa sistema: pentsio kontributiboen errebalorizaziorako ezartzen den ehuneko berberean altxatuko dira eta, honetaz gain, 38. Xedapen Iragankor berri bat txertatu da Gizarte Segurantzaren Legean. Bertan adierazten denez, gehienezko oinarri hauei aplikatuko zaien eguneraketari 1,2 puntu gehituko zaizkio urtero, 2024tik 2050era. Honek esan nahi du gehienezko oinarrien topeak apurka joango direla altxatzen, nahiz eta ez diren guztiz ezabatuko.  

Eta, honekin batera, elkartasun kuota deiturikoa ezarri da, gehienezko kotizazio mugatik gora dauden diru-sarreretarako.

Elkartasun kuota

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 19-bis artikulua 
Indarrean 2025eko urtarrilaren 1ean

Gehienezko kotizazio oinarritik gora dauden diru-sarrerei kotizazio gehigarria aplikatuko zaie. Kotizazio gehigarri hau hiru tartetan egingo da eta progresiboki joango da altxatzen. Honela, 2045. urterako:

– gehienezko oinarria gainditzen duen %10era arteko tarteari %5,5eko tipoa aplikatuko zaio
– gehienezko oinarria gainditzen duen %10etik %50erako tarteari %6ko tipoa aplikatuko zaio
– gehienezko oinarria gainditzen duen %50etik gorako tarteari %7ko tipoa aplikatuko zaio

Hau luzeago azalduta daukazue hurrengo artikulu honetan:

Gehienezko pentsioak

Gehienezko kotizazioak igo direnez gero, gehienezko pentsioak ere igoko dira.

• Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 57. artikulua
Indarrean 2025eko urtarrilaren 1ean:

– Pentsioaren hasierako zenbatekoa ezin izango da gehienezko topea baino handiagoa izan.

– Pentsioren bat hala mugaturik geratuko balitz, hurrengo urtean KPIren arabera eguneratuko da (gainontzeko pentsioek egingo duten bezala).

• Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 39. Xedapen Iragankorra
Indarrean 2023ko apirilaren 1ean:

– Honetaz gain, %0,115eko igoera gehigarria izango dute urtero, 2025etik 2050era. Hau da, aparteko igoera, gutxi gorabehera, %3koa izango da 2050erako (KPIaren araberako urteroko eguneraketez gain).

– 2050etik 2065era aparteko igoera handiagoak aplikatuko dira. Taula osoa 39. Xedapen Iragankorrean kontsulta dezakezue.

Gutxieneko pentsioak

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 53. Xedapen Gehigarria
Indarrean 2023 apirilaren 1ean

• Gutxieneko pentsio kontributiboak:

2027. urtetik aurrera gutxieneko pentsio kontributiboa ezin izango da egon pobrezia mugatik behera. Erabiliko den erreferentziazko balioa: bikotekidea kargupean duen 65 urtetik gorako lagun bat; eta pobrezia muga kalkulatzeko, adin nagusiko bik osatutako familia unitatea.

Pobrezia muga hau kalkulatzeko, erdiko edo tarteko errenta hartuko da kontuan (ez batezbesteko errenta, kontuz!); hau da, gaztelerazko “renta mediana” eta ez “renta media”. Labur eta erraz esateko, tarteko errenta da jende gehienak irabazten duena edo errentarik ohikoena, errenta guztiak ordenaturik, tartean geratzen den balioa, alegia. Normalean, balio hau batezbesteko errentarena baino baxuagoa izaten da. Izan ere, 2021ko datuei erreparatzen badiegu, Estatu mailan, batezbesteko soldata 2.086,80€ dira, baina tarteko soldata 1.757,40€ besterik ez, adibidez.

Honela, pobrezia muga tarteko errentaren %60 izango litzateke. Lagun biren unitateari legokiokeena ezartzeko, 1,5ez biderkatuko litzateke:
               Tarteko errentaren %60 x 1,5

Erreferentziazko balioaren eta pobrezia mugaren artean dagoen arrakala progresiboki joango da murrizten 2027ra arte. Pentsioa KPIaren arabera behin eguneraturik,…:

– 2024 urtarrilaren 1ean, arrakala %20an murrizteko behar besteko portzentajean igoko da
– 2025eko urtarrilaren 1ean, arrakala %30ean murrizteko behar besteko portzentajean igoko da
– 2026ko urtarrilaren 1ean, arrakala %50an murrizteko behar besteko portzentajean igoko da
– 2027ko urtarrilaren 1ean, pobreziaren mugara heltzeko behar besteko igoera aplikatuko da

Era berean, ondorengo pentsioen gutxieneko kopuruak ere parekatuko dira erreferentziazko balioarekin:

• Alarguntza pentsioa (familia ardurekin)
• Bikotekidea kargupean duten gainontzeko pentsio kontributiboak (60 urtetik beherakoen erabateko ezintasun iraunkor pentsioa izan ezik).

Gainontzeko pentsio kontributiboen gutxieneko kopuruak, KPIren arabera behin eguneraturik, 2024tik ere joango dira igotzen. Hori bai, kasu honetan aplikatuko zaien portzentajea erreferentziazko balioari aplikatuko zaion portzentajearen %50 izango da.

• Gutxieneko pentsio ez kontributiboak

Gutxieneko pentsio ez kontributiboak Aurrekontu Legeak ezartzen duenaren arabera eguneratuko dira (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 62. artikulua). Igoera hau ezin izango da izan pentsio kontributiboei ezartzen zaiena baino baxuagoa. Hau da, gutxienez, KPIaren arabera eguneratu beharko dira.

Hauei ere aparteko igoerak aplikatuko zaizkie aipatutako urteetan, baina formula ezberdina izango da: norbanakoari legokiokeen pobrezia muga bider 0,75. Bestela esanda, asmoa da pobreziaren mugaren %75ean kokatzea.

Kalkulu konplexuak dira hauek guztiak. Edozelan, urteroko Aurrekontu Orokorretan finkatuko da ze igoera zehatz dagokion pentsio bakoitzari eta, hortaz, horren berri emango dizuegu urte hasiera guztietan. Hala ere, hau guztia ikusita eta, duintasunaren mugaz hitz egin ordez, pobreziaren mugetan zekenkerietan gabiltzan bitartean, ondo baino hobeto aurreikus daiteke zer izango den.

Genero arrakala eta kotizazio hutsarteak
Genero arrakalagatiko osagarria

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 60. artikulua
Indarrean honezkero

– Osagarria urtero eguneratuko da KPIaren arabera (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 58. artikulua). Indarrean 2025eko urtarrilaren 1ean.

– Osagarria %10 handituko da 2024 eta 2025 urteen artean. %10 hau urte bien artean banatuko da Aurrekontuen Legeetan ezarriko den moduan. (2/2023 Lege Dekretuaren Lehen Xedapen Iragankorra)

Genero arrakala murrizteko osagarria arautzen duen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 60. artikulua ere moldatu da:

– Gizonezkoen kasuan, kotizazio aldiak kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko 237. artikuluan azaltzen diren kotizazio onurak, zaintza betebeharrengatiko eszedentziak eta jardunaldi murrizketak, alegia (60.1.3)

– Guraso bakoitzaren ze pentsio den txikiena ezartzeko, pentsioen hasierako zenbatekoa kalkulatuko da, osagarriak kontuan hartu barik. (60.7)

– Guraso biak sexu berekoak badira eta pentsioen zenbatekoak berdinak badira, osagarria eskatu duen lehenbizikoari esleituko zaio. (60.7)

Kotizazio hutsarteak

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 41. Xedapen Iragankorra 
Indarrean 2026ko urtarrilaren 1ean

Bizi laboralean zehar kotizatu barik egondako epealdiei “kotizazio hutsarte” deitzen zaie (gaztelerazko “lagunas de cotización”, alegia). Kotizatu ez badugu ere, pentsioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko momentuan kontuan hartzen dira:

Hutsarteen lehenbiziko 48 hilabeteak (4 urte) gutxieneko kotizazio oinarriaren %100az kalkulatzen dira eta hortik aurrerako hilabeteak gutxieneko kotizazio oinarriaren %50az.

Honek bere horretan iraungo du, oro har. Hala ere, Dekretuak Gizarte Segurantzaren Legean sartu duen 41. Xedapen Iragankorraren bitartez, ondoko kalkulua aplikatuko zaie emakumezkoei genero arrakala %5 baino handiagoa den bitartean:

Kotizazio hutsarte hauetako lehenbiziko 60 hilabeteak (5 urte) gutxieneko oinarriaren %100az kalkulatuko dira. 61. hilabetetik 84.era (6. eta 7. urteak) gutxieneko oinarriaren %80az eta gainontzekoak gutxieneko oinarriaren %50az.

Bestetik, gizonezkoei ere aplikatuko zaie, beti ere beren bizi laborala seme-alaben zaintzagatik etena izan bada. Hortaz, honako egoeraren batean egon beharko lirateke (genero arrakalagatiko osagarria eskatu ahal izateko eskatzen zaizkien egoera berberak dira):

  • 1994ko abenduaren 31ra arte jaiotako edo adoptatutako umeen kasuan: 120 egun baino gehiago izan behar ditu kotizatu gabe, umea jaio edo adoptatu aurreko bederatzi hilabeteetan eta jaio edo adoptatu ondorengo hiru urteetan zehar.
  • 1995eko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako edo adoptatutako umeen kasuan: jaiotza edo adopzioaren ondorengo 24 hilabeteetako kotizazio oinarriak %15 baxuagoak izan behar dira, jaio edo adoptatu aurreko 24 hilabeteetako kotizazio oinarriekin konparatuta.

Hala ere, ez da beharrezkoa izango osagarriaren jasotzailea izatea, ezta bere pentsioa bikotekidearena baino baxuagoa izatea ere.

Autonomoen kotizazio hutsarteak

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 322. artikulua
Indarrean 2026ko urtarrilaren 1ean

Oraintxe ikusi dugunez, kotizatu ez diren epealdiak, hau da, kotizazio hutsarteak, gutxieneko oinarriaren ehuneko batzuekin osatzen dira pentsioa kalkulatzeko momentuan. Autonomoen kasuan, ordea, ez zegoen halako aukerarik.

2026tik aurrera, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 322. artikuluan azaltzen den moduan, hutsarte batzuk osatuko dira:

Negozioa utzi behar izan baduzu eta jarduera amaieragatiko prestazioa eskatu baduzu, prestazio hau amaitu osteko sei hilabeteak osatuko dira. Autonomoen Erregimeneko taula orokorreko gutxieneko oinarria erabiliko da honetarako. Adi! Autonomoen kotizazio sistema berrian taula bi daude: taula murriztua eta taula orokorra. Esan bezala, taula orokorra erabiliko da eta ez murriztua, zenbateko handitxoagoa, beraz (2023an 950,98€).

Honelako kotizazio hutsarte guztiak osatuko dira. Esan nahi baita, “langabezian” geratu eta prestazioa amaitzen zaizun kasu guztietan.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 50. Xedapen Gehigarrian azaltzen den bezala, autonomoen jarduera amaieragatiko prestazioa eta kotizazio hutsarteak hobetzeko behatokia osatuko omen da. Esan behar da honen osaketa 2023ko apirilaren 1erako aurreikusita zegoela (hiru hilabeteko epean sortu behar zela ezarri zen urtarrilaren 1ean), baina beste hiru hilabetez atzeratu da eta orain suposatzen da uztailaren 1erako sortu behar dela, baina auskalo.

Praktikak egiten dituzten ikasleak

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 52. Xedapen Gehigarria
Indarrean 2023ko urriaren 1ean

Enpresetan prestakuntza praktikak edo kanpoko praktika akademikoak egiten badira, ikaslea Gizarte Segurantzaren sistema barruan sartu beharko da eta, hortaz, kotizatu beharko du, Erregimen Orokor barruan, oro har. Salbuespen bakarra izango da praktikak itsasontzi batean egiten badira; horrelakoetan, Itsasoko Langileen Erregimen Berezian sartuko dira.

Praktika hauen artean honakoak sartzen dira

Unibertsitateko ikasleek titulazioren bat lortzeko egiten dituzten praktikak (gradua, masterra, doktoretza, diploma…).

Lanbide Heziketako ikasleek egiten dituztenak. Lanbide Heziketa duala kanpoan geratzen da.

Hau guztia (kotizazioak eta estaldura, ordaindutako praktiken eta ez ordaindutako praktiken arteko aldeak, enpresa moduan nork kotizatuko duen eta nork ordainduko dituen prestazioak eta abar) artikulu berri batean azaldu dizuegu:

Minbiziak edo gaixotasun larriren batek jota dauden seme-alabak zaintzeko prestazioa

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 190. eta 191 artikuluak
Indarrean 2023ko apirilaren 1ean

Aldaketa batzuk sartu dira lizentzia eta prestazio honi dagokionez:

Semeak edo alabak 26 urte bete arte luzatu da, beti ere 23 urte bete baino lehenago, gutxienez %65eko desgaitasun maila egiaztatzen bada.

– Banaketa edo dibortzio kasuetan prestazioa semearekin edo alabarekin bizi zen gurasoari esleitzen zaio. Genero indarkeria kasuak ere gehitu dira. Honetaz gain, zehaztu da ez dela beharrezkoa izango beste gurasoak lan egitea prestazioa jaso ahal izateko.

Zaintza betebeharrengatiko eszedentziak eta jardunaldi murrizketak

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 237. artikulua
Indarrean honezkero

Seme-alabak ez ezik, bigarren gradura arteko senideak ere zaintzeko eszedentziarik hartzen bada, lehen hiru urteak efektiboki kotizatutzat hartuko dira (lehen lehenbiziko urtea baino ez zen).

Seme-alabak zaintzeko jardunaldi murrizketaren lehen hiru urteak (lehen lehenengo urte biak baino ez ziren) %100era osatuko dira kotizazioei dagokienez. Gauza bera egingo da beste senide batzuk zaintzeko murrizketa hartzen denean.

Adin txikikoaren jaiotza eta zaintzagatiko prestazioa

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 248. artikulua
Indarrean 2026ko urtarrilaren 1ean

Adin txikikoaren jaiotza eta zaintzagatiko prestazioaren (edo, bestela esanda, gurasotasun prestazioaren) oinarri arautzailea kalkulatzeko argitu da praktikan jadanik egiten ari zena. Hau da, Legearen lehengo idazketan enpresan emandako azken 12 hilabeteetako kotizazio oinarriak aipatzen ziren kalkulurako. Orain, denbora gutxiago eman den kasuetarako proportzioan kalkulatu behar dela zehaztu da.

Erretiro partziala

Erretiro partzialaz ez da ezer berririk ezarri. Aipamen bakarra egiten da, Dekretuko Lehen Xedapen Gehigarrian, Gobernuak urtebeteko epean erretiro partzialaren arauketa aldatzeko proposamena eraman beharko duela Toledoko Itunera, Elkarrizketa Sozialaren Mahaian negoziatu ostean.