45 urtetik gorakoentzako subsidioa (langabezia subsidioa)

2022/01/17an eguneratua

45 urte badauzkazu, langabezia prestazioa agortu baduzu eta ez badaukazu familia erantzukizunik, subsidio hau eska zenezake. Familia erantzukizunak badauzkazu, bota begirada bat beste artikulu honi: “Langabetuentzako familia laguntza“.

 

Bete beharreko baldintzak

Gutxienez, 45 urte beteta izan behar dituzu eskatzen duzun momentuan.

Langabezia prestazioa agortu behar izan duzu. Hau da, subsidio hau eskatu baino lehenago, prestazioa jasotzen egon behar izan zara.

Subsidio hau familia erantzukizunik ez daukan jendeari dago bideratuta. Familia ardurarik izanez gero, bota begirada bat beste artikulu honi: “Langabetuentzako familia laguntza“. Bertan azalduta daukazu zer jotzen den familia arduratzat eta ikus dezakezu zure kasua egokitzen ote den.

Zure errentak ezin dira izan lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino handiagoak (723,75 euro, 2022. urte hasieran).


⇒ ADI! Langabezia prestazioa agortu duzunetik eta subsidioa eskatu arte hilabete itxaron behar duzu.


 
Diru sarrerak

Subsidioa jaso ahal izateko, bete beharreko baldintzen artean, diru sarreren gabezia egiaztatu behar duzu. Zelan neurtzen da hau?

Diru sarrera nahikorik ez daukazula ulertuko da lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino gehiagorik irabazten ez duzunean.

2022ko hasiera honetan lanbidearteko gutxieneko soldata 965 euro dira. Hortaz, honen %75 723,75€ lirateke. Honela, hilean ezin duzu irabazi 723,75 euro baino gehiago subsidioa eskatu ahal izateko. Urte osoan, ezin duzu irabazi 11.580€ baino gehiago; izan ere, kasu honetan, kalkuluak egiteko, lanbidearteko gutxieneko soldataren 12 ordainsari baino ez dira kontuan hartzen eta ez, ohikoa den bezala, 14 ordainsariak (hau da, ez dira aparteko paga biak barne hartzen).

Balizko errenta hauen artean, honakoak EZ dira kontuan hartuko:

  • Gizarte Segurantzak seme-alabengatik ematen dituen prestazioak (hala ere, bestelako prestazio sozialak bai hartzen dira aintzat).
  • Kaleratzeagatiko kalte-ordaina. Lanetik bota bazaituzte, dagokizun kalte ordaina ez da kontuan hartuko zure errentak zenbatzeko. Berdin da kalte ordain hau dena batera jaso duzun edo zatika eskuratzen ari zaren.

Diru sarrera gordinak hartzen dira kontuan.

 

Zenbat jasotzen da?

Kopuru finkoa da: IPREMaren %80
Hau da, 463,21 euro hilean (2022ko zenbatekoa).

Jardunaldi partzialaz aritu izanez gero, subsidioa ere partziala izango da (2012ko lan erreformaren ostean).

 

Iraupena:

Sei hilabete.
Diru laguntza hau ezin da luzatu.

 

Ze dokumentazio aurkeztu behar da?

– Eskaera dokumentu ofiziala. Bertan 45 urtetik gorakoentzako diru laguntza aukera markatu beharko duzu.
– Nortasun agiria (NAN edo NIE)
– Diru laguntza jasotzeko kontu korrontea egiaztatzen duen bankuaren dokumentua.
– Errenten egiaztagiria (enplegu bulegoan horrela eskatuz gero).

 

Eskatzeko epea:

15 lan egun. Gogoratu kasu honetan langabezia prestazioa agortu ondoren hilabete itxaron behar duzula.