Langabeziagatiko subsidioa, genero edo sexu indarkeriaren biktimentzat

2024/11/29
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 58. Xedapen Gehigarria

Genero edo sexu indarkeriaren biktimek, ez badaukate langabeziagatiko prestazioa eskatzeko aukerarik, langabeziagatiko subsidioa eskatu ahal izango dute. 16 urtetik gorako guztiek egin dezakete.

Kasu honetan, ez da ezinbestekoa lana galdu izana edo gutxieneko kotizaziorik pilatuta izatea, errenten gabezia egiaztatu behar den arren, geroxeago ikusiko dugunez. Izan ere, langabeziagatiko subsidioak erreformatu diren honetan, subsidio berri hau ere sortu da. Momentura arte, genero edo sexu indarkeriaren biktimek, beste egoera batzuetan zeuden lagunek bezala, gizarteratzeko errenta aktiboa eska zezaketen. Hala ere, azken prestazio hau desagertu denez, kolektibo honi langabeziagatiko subsidioa eskatzeko aukera zabaldu zaio. Hori dela eta, ikusi duzuenez, langabeziagatiko subsidioa izan arren, ez da eskatzen beste subsidio batzuetarako eskatzen diren betebeharrak, hala nola, aldez aurretiko kotizazioak, lehendik existitzen zen eta desagertu den beste prestazio bat ordezkatzera datorrelako.


16 urtetik gorako genero edo sexu indarkeriaren biktimek langabeziagatiko subsidio hau eska dezakete, lehen gizarteratzeko errenta aktiboa eskatu ahal zuten bezala, azken prestazio hau desagertu denez gero.


Gogoratuko dugu egoera hau egiaztatzeko, ez dela ezinbestekoa epaitegiaren zigor-epairik izatea, epaitegiak biktimaren aldeko kautelazko neurririk edo babes-agindurik ezarri badu edo fiskaltzak horren zantzurik aurkitu badu, nahikoa izango litzateke. Era berean, epaitegiak albo batera utzita, zerbitzu sozialek edo harrera zerbitzuek, besteak beste, egoera honetaz egindako txostena ere aurkeztu ahal dugu genero edo sexu indarkeria egiaztatzeko.

Esan bezala, ezin zara egon langabeziagatiko prestazio kontributiboa eskatzeko egoeran. Honetaz gehiago jakin nahi baduzu:

Zenbat irauten du?

Gehienez, 30 hilabetez jaso ahal izango da. Denbora hau laburragoa izango da inoiz gizarteratzeko errenta aktiboa (gaztelerazko “RAI”) eskatu baduzu.

— Ez baduzu sekula gizarteratzeko errenta aktiboa jaso, subsidioaren iraupena 30 hilabete izango dira.
— Gizarteratzeko errenta aktiboa behin jaso baduzu, subsidioaren iraupena 20 hilabete izango da.
— Gizarteratzeko errenta aktiboa birritan jaso baduzu, subsidioaren iraupena 10 hilabete izango da.

⇒ ADI! aldez aurretik gizarteratzeko errenta aktiboa hiru aldiz jaso baduzu (nahiz eta gehienezko denboraz ez izan), ezingo zenuke subsidioa eskatu. Subsidioa eskatu ahal izateko, gutxienez, hiru urte pasatu behar dira lehenbiziko errenta aktiboa onartu zizutenetik. Honela eginez gero, hau da, hiru urte beranduago eskatuz gero, subsidioak 30 hilabete iraungo luke.

Era berean, subsidioa eskatzen baduzu eta agortzen baduzu, berriro eskatu ahal izango duzu. Kasu honetan ere hiru urte pasa beharko dira, gutxienez, subsidioa onartu zizutenetik berriro eskatu arte.

Hiru urte denbora luze ematen du, baina, praktikan, ez da hainbesterako, kontuan hartzen badugu epea subsidioa onartzen dizutenetik zenbatzen hasten dela. Honela, adibidez, demagun subsidioa 30 hilabetez jasotzne egon zarela. 6 hilabete baino ez zenuke itxaron beharko subsidioa amaitu zenuenetik (3 urte = 36 hilabete / 30 hilabete subsidioa jasotzen + 6 hilabeteko itxaronaldia).

Errenten gabezia eta familia erantzukizunak

Aipatu dugunez, subsidioa eskatu ahal izateko, errenten gabezia egiaztatu behar duzu. Zer esan nahi du honek? Zure diru-sarrerak ezin direla izan lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino altuagoak (850,50€ 2024. urtean).

Familia erantzukizunak dauzkazunean, errenten gabezia kalkulatzeko modua apur bat aldatu da azken erreformarekin. Hurrengo artikuluan goitik behera azalduta daukazu puntu hauei dagokien guztia, beraz, kontsulta egizu jakiteko errenten gabeziaren baldintza betetzen ote duzun eta familia erantzukizunak alegatu ahal dituzun:

Zenbat jasotzen da?

Erreforma baino lehen, langabeziagatiko subsidio guztien kasuan IPREMaren %80 kobratzen zen, subsidioak irauten zuen denbora osoan zehar. Hau aldatu da; orain, mailakatua izango da eta kobratzen den zenbatekoa jaisten joango da:

— Lehen 180 egunetan: IPREMaren %95 (570€)
— 181. egunetik 360. egunera: IPREMaren %90 (540€)
— 361. egunetik aurrera: IPREMaren %80 (480€)

Bestela esanda, lehen sei hilabeteetan 570 euro jasoko ditugu, hurrengo sei hilabeteetan 540€ eta, hortik aurrera, 480€ subsidioaren iraupena amaitu arte (zenbateko hauek 2024. urteari dagozkio).

Zein da eskatzeko epea?

Sei hilabete dauzkazu subsidioa eskatzeko. Denbora hau zenbatzen hasiko da administrazioak indarkeriaren biktima zarela egiaztatzen duen dokumentua ematen duenetik. Gogoratu, lehen azaldu dugunez, ez dela ezinbestekoa epailearen sententzia izatea, besteak beste, babes-agindua edota zerbitzu sozialen zein harrera zerbitzuen txostena nahikoak dira egiaztatzeko

  • Administrazioak egiaztatu eta hurrengo 15 egunetan (15 egun baliodunetan) eskatzen baduzu, subsidioa egun horretatik onartuko zaizu. Honek esan nahi du, SEPEk pasatutako egunak ordainduko dizkizula edo, bestela esanda, momentu horretatik pasatu diren egunak lehen ordainketan jasoko dituzula.
  • Subsidioa beranduago eskatzen baduzu ere, jaso egingo duzu, baina eskubidea jaioko da eskaera egin duzun egunetik aurrera. Ez dago penalizaziorik, subsidioaren egunik ez da kontsumituko eta dagozkizun hilabeteak jasoko dituzu, baina eskaera egin duzun momentutik aurrera.

Subsidioa agortzen baduzu, berriro eskatu ahal izango duzu, beti ere, gutxienez, hiru urte pasatu badira aurreko subsidioa jaso zenuenetik (jasotzeko eskubidea jaio zenetik eta ez subsidioa agortu zenuenetik).

Dokumentazioa

— Eskaera-orria
HEMENDIK jaitsi ahal duzu eskaera-orri ofiziala. Bertan erantzukizunpeko adierazpena ere bete ahal izango duzu, errenten gabezia egiaztatzeko. Nahikoa da zure diru-sarrerak eta, familia erantzukizunak izanez gero, zure senideenenak ere hor islatzea. Administrazioak, gerora, konprobatu egingo ditu.

— Identifikazio dokumentuak (ez da kopiarik behar, erakutsi baino ez duzu egin beharko): NAN, TIE edo Europako Batasuneko herritarren erregistroaren ziurtagiria. Familia erantzukizunak badauzkazu, senide horien identifikazio dokumentuak ere erakutsi beharko dituzu.

— Zure kontu korrontea islatzen duen bankuaren edozein dokumentu (subsidioa jasotzeko kontu korrontea eman behar duzu, dirua bertan sar diezazuten).

— Familia erantzukizunik badaukazu, familia liburua edo Erregistro Zibileko egiaztagiria. Beste jatorri batekoa bazara, zure herrialdeko pareko dokumentua, gaztelerara itzulita (itzulpen ofiziala izan behar da).

— Azken urteko PFEZ aitorpena (errenta aitorpena).

Genero indarkeria egiaztatzeko dokumentazioa (dokumentu hauetako edozein aurkez daiteke):

— Erasotzailearen kontrako sententzia
— Genero indarkeriaren biktima izan zarela adierazten duen ebazpen judiziala (nahiz eta erasotzailea ez kondenatu).
— Babes-agindua
— Fiskaltzaren txostena
— Kautelazko neurriak ezartzen dituen ebazpen judiziala
— Zerbitzu sozialek edo harrera zerbitzuek emandako txostena

 Indarkeria sexuala egiaztatzeko dokumentazioa (dokumentu hauetako edozein aurkez daiteke)

— Zerbitzu sozialen, harrera zerbitzuen edo Lan Ikuskaritzaren txostena
— Epai judizialak
— Adin txikikoen kasuan, osasun zerbitzuek fiskaltzari edo epaitegira zuzendutako dokumentuak

Eskaera
  • Aurrez aurre

Horra hor SEPEren egoitzak:

ARABA
BIZKAIA
GIPUZKOA
NAFARROA

Gogoratu aldez aurretik hitzordua eskatu behar duzula derrigor. Hau internetez egin ahal duzu, ORRIALDE HONETATIK edo telefonoz: 91 926 79 70

  • Online

Subsidioa online ere eskatu ahal duzu, ORRIALDE HONETATIK.

Edozein zalantza daukazula, SEPEk arreta eta informazio telefonikorako zenbaki berria dauka martxan: 060