Zer da lanbidearteko gutxieneko soldata?
2020/02/05
Azken eguneraketa: 2024/02/15
Langileen Estatutuaren 27. artikulua
145/2024 Dekretua, 2024. urterako lanbidearteko gutxieneko soldata ezartzen duena
Lanbidearteko gutxieneko soldata langile orok jaso behar duen gutxieneko soldata da. Hau da, ezein langilek ezin du muga horretatik behera kobratu, bere egoera, sektorea edo kontratu mota edozein dela ere. Muga hau legez ezartzen da, Madrilgo Gobernuak Buletin Ofizialean argitaratutako dekretuen bitartez.
Azken urteetan gutxieneko soldatak, ia izoztuta egon ostean, azkenik igoera esanguratsuak izan ditu. Izan ere, Espainiako Estatuak gutxieneko soldata benetan baxua zeukan, batez ere bere inguruko eta ezaugarri sozioekonomiko antzekodun beste herrialdeekin konparatuta, Europako Kontseiluak behin eta berriro ohartarazi izan dion moduan.
Azken igoera 2024ko otsailean izan da (hilaren 7ko BOEn argitaratua) eta gutxieneko soldata 1.134 eurotara altxatu du. Edozelan, otsailean argitaratu arren, 2024. urte osorako zenbatekoa da eta, hortaz, atzeraeraginez aplikatuko da.
2024rako lanbidearteko gutxieneko soldata (gordina)
- Egunean: 37,80€
- Hilean: 1.134€, 14 ordainsaritan / 1.323€, 12 ordainsaritan
- Urtean: 15.876€
- Etxeko langileak: 8,87 euro orduko (orduka lan eginez gero)
- Aldi baterako eta sasoikako langileak: 53,71 euro eguneko
Zenbateko hauek guztiek soldata gordinari egiten diote erreferentzia: 1.134 euroak ez dira, berez, dirutan hilabete amaieran jasoko duguna, hau da, ez da soldata garbia, baizik eta soldata gordina. Gogoratu soldata gordinak gerora kenduko zaizkigun atxikipen eta kotizazioak barne hartzen dituela.
Bestetik, 1.134 euroak jardunaldi osoari dagozkio. Hau da, astean 40 orduz lan eginez gero, zenbateko hori jasoko genuke, baina gure jardunaldia laburragoa balitz, soldata ere proportzio berean murriztuko litzateke. Honela jardunaldi erdiz arituko bagina (astean 20 orduz), gutxieneko soldataren erdia aplikatuko litzaiguke: 567 euro, alegia.
Garrantzitsuena da jakitea zein den gure jardunaldiaren proportzioa, jardunaldiaren ze ehuneko zehatz egiten dugun, alegia. Hala ere, ideiatxo bat egiteko, hemen daukazue taula bat, asteko orduei legokiokeen soldata islatzen duena:
⇒ Lanbidearteko gutxieneko soldata, hilabeteka adierazten denean, normalean 14 ordainsaritan egiten da: 12 hilabete + aparteko paga bi. Horregatik esaten dugu 1.134€ direla. Hala ere, zenbaitetan, aparteko pagak hainbanaturik (“prorrateaturik”) jaso ditzakegu. Kasu horretan 12 ordainsaritan jasoko genuke eta, hortaz, 1.323€ izango litzateke hilabeteko soldata.
Gutxieneko soldata oinarrizko soldata al da?
Gutxieneko soldata gutxieneko ordainketa gordina da, langile orok jaso behar duen gutxienekoa, baina ez oinarrizko soldata. Azal dezagun apur bat hobeto:
Alde batetik, Langileen Estatutuaren 27.1. artikuluak dioenez, gutxieneko soldataren berrikuspenak ez dio eragiten soldaten egitura edo zenbatekoari, soldata hauek, oro har hartuta, gutxieneko soldata baino altuagoak badira. Bestela esanda, jasotzen dugun soldata osoa (oinarrizko soldata gehi osagarriak) gutxieneko soldata baino altuagoa bada, igoera honek ez digu eragingo.
Era berean, gutxieneko soldataren igoera ezarri izan duten dekretuetan zera adierazi izan da, lanbidearteko gutxieneko soldata kalkulatzeko, soldata osagarriak barne hartuko direla. Hortaz, gure oinarrizko soldata urtean 15.876€ baino gutxiago izan liteke, baina, oinarrizko soldata honetaz gain, osagarriren bat jasoko bagenu eta gure soldata, oro har eta osagarriak kontuan hartuta, zenbateko horretara helduko balitz, legea beteko litzateke.
Gai honek interpretazio ezberdinak izan ditu eta epaitegietara heldu da behin baino gehiagotan. Edozelan, epaitegiak ildo beretik ari dira ebazten eta nahiko argi uzten ari dira: gutxieneko soldata ez da oinarrizko soldata eta, hortaz, osagarriak edo plusak ere hartu behar ditu barne. Honela egin zuten, besteak beste, Auzitegi Nazionalak 2019an, adibidez, edo Auzitegi Gorenak 2022an. Ebazpen bi hauetan irakurri ahal duzue: lanbidearteko gutxieneko soldatak osagarriak absorbatzen ditu; honela, gutxieneko soldata igo arren, igoera hau konpentsaturik geratzen da, baldin eta oinarrizko soldata eta osagarri bat, biak batuta, gutxieneko soldataren zenbatekoa gainditzen badute.
Ordainketak espezietan
Batzuetan ordainketaren zati bat espezietan jasotzen da. Hau oso ohikoa da etxeko langileen kasuan eta, bereziki, barneko langileak badira (etxean bazkaltzeagatik edo bertan bizitzeagatik). Hala ere, edozein kasutan eta edozein sektoretan espezietan jasotzen den soldataren zati hori ezin da soldata osoaren %30 baino handiagoa izan.
Gutxieneko soldatari dagokionez, espezietan edozein ordainketa jasotzen dugula ere, hau ezin izango da gutxieneko soldata horretatik deskontatu. Gutxieneko soldata dirutan izan behar da derrigor, baita etxeko langileentzat ere.
Etxeko langileak
“Zenbat kobratu behar duzu etxeko langilea bazara?” atalean azaltzen dugunez, jardunaldi osoz, jardunaldi partzialaz edo orduka lan egin dezakegu. Hala ere, edozein kasutan gutxieneko soldata bermaturik izan behar dugu (kopuru horretatik aurrera negozia daitekeen arren).
Aipatutako artikuluan jardunaldi bakoitzari dagokion gutxieneko ordaina kontsulta dezakezu.
Autonomoak
Autonomoen kasuan gutxieneko soldatak ez du zuzenean eragiten, soldatapean ez dauden heinean. Hala ere, jo ezazu autonomo faltsuen atalera zure egoera iruzurrezkoa izan daitekeela uste baduzu.
Baina gutxieneko soldatak bai eragin izan die inoiz autonomoei zeharka. Izan ere, autonomoen gutxieneko kotizazio oinarria gutxieneko soldatari lotuta egon ohi zen eta, zenbaitetan, hein berean igo izan dira. Hala ere, hau ez da beti horrela izan.
Gainera, gogoratu 2023tik autonomoen kotizazio sistema aldatu egin dela eta benetako diru-sarrerengatik kotizatzera pasatu dela.
Enbargoak
Administrazio publikoarekin zorrik izanez gero edo prozedura judizialen baten ondorioz, hartzekodun erakundeak zure nomina enbargatzeko eska lezake. Hala ere, gutxieneko soldataren zenbatekoa enbargaezina da. Hau da, gutxieneko hori ezin dizute nominatik kendu.
Gutxieneko soldata baino gehiago kobratuz gero, Prozedura Zibilaren Legeak 607. artikuluan ezartzen duen moduan gauzatuko da enbargoa.
FOGASA
FOGASA (“Fondo de Garantía Salarial” edo Soldatak Bermatzeko Funtsa) enpresak langileei zor dizkien soldatak eta kalte-ordainak ordaintzeaz arduratzen da, enpresak kaudimenik ez daukala adierazten duenean edo hartzekodun konkurtsoan dagoenean.
Lanbidearteko gutxieneko soldata da FOGASAK ordainketen muga kalkulatzeko erabiltzen duen parametroa. Izan ere, FOGASAK ez du ordaintzen enpresak zor duen guzti-guztia, baina bai hartzen ditu bere kargu gutxieneko batzuk. Aipatutako muga lanbidearteko gutxieneko soldataren bikoitza da. Momentu honetan 75.60€ eguneko (37,80€€ x 2) eta, gehienez, 120 egun ordainduko ditu. Honen inguruko informazio gehiagorako:
Lanbidearteko gutxieneko soldataren bilakaera
Ondoko taulan ikus dezakegu zein izan den gutxieneko soldataren bilakaera Estatu espainolean azken hamabost urteetan:
Lanbidearteko gutxieneko soldata Europan
Hurrengo koadroan ikus daiteke ze nolako aldeak dauden Europako Estatuen artean, gutxieneko soldatari dagokionez, eta Espainiako Estatua ze mailatan kokatzen den. Hamabosten Europa hartu dugu kontuan, nahiz eta Brexita gauzatua izan zen. Balioak 12 ordainsaritan adierazita daude:
Lehen begiratu batean, argi geratzen da ze nolako ondorio eta desberdinkeriak dakartzan Espainia eta Frantzia arteko aldeak Ipar eta Hego Euskal Herriko langileontzat.
Baina, honetaz gain, zer gertatzen da Hego Euskal Herriko datuetan erreparatzen badugu? 1.134 euroko lanbidearteko gutxieneko soldata hau Hego Euskal Herriko langileontzat askoz beherengoa da. Alde batetik, soldatez berba egin den guztietan, bizi-kostuaz ere egin behar da derrigor. Bestetik, batezbesteko soldatei erreparatzen badiegu, honakoak izan ziren 2022. urtekoak (INE, Estatistika Institutuaren azken datuak dira, 2023ko azaroan argitaratuak):
Estatua: 2.128,40 €
EAE: 2.545,80 €
Nafarroa: 2.285,40 €
Ikusten duzuenez, bertoko batezbesteko soldata askoz altuagoa da Estatukoa baino.
Honek guztiak argi uzten du Euskal Herrirako lanbidearteko gutxieneko soldataren erreferentzia propioaren beharra. Gaur egun dauzkagun tresnekin ere posible izango litzateke, lanbidearteko akordio baten bitartez, esaterako. Behar den gauza bakarra borondatea da, Gasteiz eta Iruñeko Gobernuek, berau sustatzeko eta bultzatzeko, izan beharko luketen borondate politikoa, eta mahaian jesartzeko eta akordioetara heltzeko borondatea, patronalari falta zaiona, hain zuzen.