Kuota murriztua (tarifa laua)

2018/02/26
Azken eguneraketa: 2022/10/14

13/2022 Lege Dekretuaren Bosgarren Xedapen Iragankorra
Autonomoen Estatutuko 38 ter artikulua

 

Tarifa laua 2013an hasi zen indarrean, autoenplegua sustatzeko eta, honela, langabeziaren datuak jaisteko. Denboran mugatutako neurri moduan eta, batez ere, gazteei begira jaio zen (gazteen langabezia maila %57tik gorakoa izatera heldu zen). Ezin ahaztu gazteentzako neurri hau saldu zuen ministro berberak “kanpo mugikortasuna” deitu ziola gazteen migrazio masibo eta behartuari. Hitz bitan, beste neurri batzuen artean, tarifa lauaren atzean langabeziaren indibidualizaziorako estrategia baino ez zen ezkutatzen: “lanik ez dagoenez eta guk gauzak aldatuko ez ditugunez, sortu zuk zeurea”.

Ordudanik, ordea, tarifa lauak -hemendik aurrera “kuota murriztuak”- indarrean dirau. Honela, norbaitek autonomoetan izena ematen duenean, hasieran kuota txikiagoa ordaintzeko aukera dauka, negozio berri bati ekiteak berez dakartzan zailtasunak, nolabait, samurtzeko.

Hainbat aldaketa izan dira 2013tik hona. Azkenak 13/2022 Lege Dekretuak ekarri ditu. Izan ere, Dekretu horrek autonomoen kotizazio sistema aldatu du, 2023tik aurrera autonomoen kotizazioak, beste erregimen guztietan gertatzen den bezala, benetako diru-sarreretara egokitzen joan daitezen. Honekin lotuta, tarifa murriztua ere benetako diru-sarrerekin lotzeko saiakera egin da

Autonomoen erregimenean izandako azken aldaketen inguruan gehiago jakin nahi baduzue:

Neurri hauek guztiak, kuota murriztua barne, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko dira indarrean.

 

2022ko kuota murriztua

Esan bezala, sistema berria 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko da indarrean. Hortaz, momentuz eta data hori heldu arte, tarifa lauaz profitatzen ari direnak eta autonomoetan izena ematen dutenak aurreko araudiarekin jarraituko dute. Gogora ditzagun puntu nagusiak:

Tarifa laua = 60 euro hilean. Hau lehenbiziko urtean baino ez da aplikatzen; bigarren urtean, ordea, kuota murriztu egiten da:

  • Lehen 12 hilabeteetan: 60 euro, gutxieneko kuota aukeratuz gero. Kuota handiago bat aukeratu baduzu, %80ko murriztapena aplikatuko litzaioke lehenbiziko 12 hilabete hauetan.
  • 13. hilabetetik 18. hilabetera: %50eko murriztapena. Honela, gutxieneko kuota aukeratu bada, 146,97 euro ordainduko litzateke 6 hilabete hauetan zehar.
  • 19. hilabetetik 24. hilabetera: %30eko murriztapena. Honela, gutxieneko kuota aukeratu bada, 205,76 euro ordainduko litzateke 6 hilabete hauetan zehar.

Esan bezala, jadanik kuota murriztua ordaintzen ari bazara, baldintza berberetan disfrutatzen jarraituko zenuke. Era berean, 2022an autonomoen erregimenean alta ematen baduzu kuota murriztuaren baldintzak oraintxe komentatutakoak izango lirateke.

 

2023ko kuota murriztua

Hala ere, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera kuota murriztua aldatuko da:

  • Kuota murriztua 80 eurokoa izango da eta urtebete iraungo du.
  • Lehen urte hori pasaturik, 80 euroko kuota ordaintzen jarraitu ahal izango da beste urtebetez, baldin eta urteko diru-sarrera garbiak lanbidearteko gutxieneko soldatatik beherakoak badira.

Denbora tarte hau behin pasaturik, kotizazio sistema berrira pasatuko zinateke. Gogoratu 2023tik aurrera ezin izango dela kuota aukeratu eta, beste erregimenetan egiten den bezala, Gizarte Segurantzari ekarpenak benetako diru-sarreren araberakoak izan beharko direla.

* Egoera bereziak: murrizketa hau urtebetez luzatuko da, baldin eta autonomoak, gutxienez, %33ko desgaitasun maila badauka edo genero indarkeriaren biktima bada. Kasu honetan:

  • 80 euroko kuota murriztuak 24 hilabete (urte bi) iraungo ditu
  • Denbora hori pasaturik, beste 12 hilabetez luzatu ahal izango da, baldin eta urteko diru-sarrera garbiak ez badira heltzen lanbidearteko gutxieneko soldatara. Azken urte honetan 160 euro ordainduko litzateke.
  •  
Ze kasutan eskatu ahal izango da kuota murriztua?

Kuota murriztua alta berriei baino ez zaie aplikatzen.

  • Autonomoetan lehenbizikoz izena ematen denean.
  • Aurretiaz autonomoetan egon bazara:
    • Ez baduzu lehenago kuota murrizturik erabili: aurreko urte bietan ezin izan zara autonomoetan altan egon. Beraz, autonomoen erregimenetik kanpo urte bi eman behar izan dituzu, gutxienez, kuota murriztua eskatzeko.
    • Aurretiaz kuota murriztua inoiz erabili bazenuen: hiru urte pasatu behar dira, gutxienez, autonomoetan altan egon barik

Hau da, lehenbizikoz autonomoetan izena ematen duten lagunek erabil dezakete eta, honetaz gain, bere momentuan autonomoetan baja eman zutenek eta, denbora bat pasaturik, berriro negozio bati ekin nahi diotenek. Urte bi edo hiru urte pasatu beharko dira, hala ere, inoiz tarifa laua erabili ote zenuen kontuan harturik.

 

Eskaera

Kuota murriztua ez zaizu ofizioz aplikatuko, eskatu egin beharko duzu. Eskaera bi izango dira:

1. Lehen 12 hilabeteetan aplikatzeko: autonomoetan alta ematen duzun momentuan bertan.

⇒ Adi! Eskaera egiten duzunean, ez baduzu adierazten kuota murriztua aplikatzea nahi duzula, eskubide hau galduko duzu. Beraz, egin eskaera arretaz eta patxadaz.

2. Hurrengo 12 hilabeteetan aplikatzeko: esan dugunez, lehenbiziko urtea pasaturik, beste 12 hilabetez luzatu ahal duzu, baldin eta zure diru-sarrerak ez badira lanbidearteko gutxieneko soldatara heltzen. Luzapen hau ere eskatu egin behar da. Kasu honetan, aurreikusten dituzun irabazi garbien inguruko aitorpena ere atxiki beharko diozu eskaerari.

Adi! 12 hilabeteko bigarren epealdi hau urte natural biren artekoa bada, urte natural bi horietan bete beharko da diru-sarreren eskakizuna. Hau da, demagun 2023ko martxoan eman zenuela lehenbizikoz alta; hortaz, 2024ko martxora arte kuota murriztua ordainduko zenuke. 12 hilabeteko bigarren epealdia, beraz, 2024ko martxotik 2025eko martxora arte helduko litzateke. 12 hilabete badira ere, bi urte naturaletan banandurik daude. Honek esan nahi du 2024ean eta 2025ean, urte bietan, zure diru-sarrerak ezin izango direla heldu lanbidearteko gutxieneko soldatara. Jakina, aurreikuspenez ari garenez, baliteke, azkenean, lanbidearteko gutxieneko soldata gainditzea. Honelako kasuetan, erregularizatu egingo da, kuota murriztua ordaintzen egon zaren hilabeteen portzentajean.

Eskaera Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari egin behar zaio. Badakizuenez, 2018ko urritik autonomoak derrigortuta daude afiliazio, kotizazio eta kuoten inguruko kudeaketak telematikoki egitera. ESS/214/2018 Ministro-Agindua (RED sistema).

Hortaz, Importass atarira jo beharko zenuke, autonomoen alten atalera. Alta eskaera egiten duzunean, hobari hau profitatu nahi duzula adierazi beharko duzu (programak galdetu egingo dizu).

Gogoratu Importass-en kudeaketak egiteko egiaztagiri digitala edo cl@ve beharko duzula. SMS bitartez ere egin liteke, baina, honetarako, ezinbestekoa da Gizarte Segurantzak aldez aurretik zure telefono mugikorra bere datu basean izatea.

Importass atalaren inguruan informazio gehiago nahi izanez gero:

Eta 2023tik aurrera?

Kuota murriztuaren zenbatekoa 80 euro izango dira 2023. eta 2025. urteen artean egiten diren alta berrietarako.

2026. urtetik aurrera, zenbateko hau Estatuko Aurrekontu Orokorretan ezarriko da eta, hortaz, alda liteke.