Nora jo kotizazio oinarrien txostena lortzeko?
2020/06/29
Zer dira kotizazio oinarriak?
Kotizazio oinarriak Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 147. artikuluan zehaztuta daude.
Kotizazio oinarria hilabetean jasotzen dugun soldata gordina da, aparteko pagak prorrateaturik. Urtero legeak gehieneko eta gutxieneko batzuk ezartzen ditu lan kategoria bakoitzerako eta hauen gainean ezartzen da zenbat kotizatu behar den Gizarte Segurantzan.
Inoren konturako langileen kasuan, enpresak eta langileak kotizatu behar dute. Enpresa arduratzen da kotizazio hauek sartzeaz: zeure izenean egin behar dituen kotizazioak eta zuk zeuk egin behar dituzunak bideratuko ditu.
Etxeko langileen kasuan, oinarriak eta egin beharreko kotizazioak kalkulatzeko, nahikoa da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza orokorrera joatea; bertan kalkulatuko dute dena. Kontratua, datu pertsonalak eta kontu korronte bat baino ez da eraman behar (enpleatzailearen kontu korrontea, berak sartzen baditu kotizazioak; edo langilearen kontu korrontea, langilea arduratzen bada kotizazioak sartzeaz). Izan ere, hilabetean 60 ordu baino gutxiago lan egiten baduzu etxe batean, aukera dago adosteko langilea izango dela kotizazioak sartzeaz eta izapideak egiteaz arduratuko dena, hori bai, aldez aurretik enpleatzaileak ordaindu behar dizkizu kotizazio horiek zuk sar ditzazun. Hurrengo artikulu honetan azalduta daukazue:
Autonomoen kasuan, kotizazio oinarria erreferentziazko irabaziak dira; hau da, autonomoek kotizazio oinarria aukeratu ahal dute eta hautatzen duten oinarri horren arabera kotizatuko dute. Suposatzen da balizko diru-sarreren arabera egin beharko genukeela, nahiz eta ez den zertan benetako fakturazioarekin bat etorri. Hala ere, geroago ikusiko dugunez, jasoko ditugun prestazioak ere aukeratzen dugun oinarriaren araberakoak izango dira.
Inoren konturako langileen kasuan bezala, autonomoen kotizazio oinarriak ere urtero finkatzen dira legez, Aurrekontu Orokorretan.
Ondoko artikulutik kontsultatu ahal dituzu erregimen guztietako kotizazio oinarriak eta kotizazio tipoak:
Kotizazio oinarriaren araberako prestazioak
Hainbat prestazio kotizazio oinarriaren gainean kalkulatzen dira eta, hortaz, honen arabera, handiagoak edo txikiagoak izango dira.
— Langabezia prestazioa: Oinarri erregulatzailea kalkulatzeko, azken 180 egunetako kotizazio oinarrien batezbestekoa ateratzen da. Kopuru honi, gero, portzentaje bat aplikatzen zaio: lehen sei hilabeteetan oinarri erregulatzailearen %70 kobratzen da eta, hortik aurrera, %50.
Autonomoen kasuan ere, jarduera amaieragatiko prestaziorako, azken 12 hilabeteetako kotizazio oinarriak hartzen dira kontuan oinarri erregulatzailea ateratzeko. Eta, era berean, horren gainean %70 aplikatzen da.
Etxeko langileen kasuan, berriro salatu behar dugu pairatzen duten bidegabekeria eta injustizia: langabezia prestaziorako eskubiderik ez daukaten langile bakarrak dira.
— Pentsio kontributiboa: Azken urteetako kotizazio oinarriak hartzen dira kontuan (2022an azken 25 urteak hartuko dira) oinarri erregulatzailea kalkulatzeko, soldatapekoen zein autonomoen kasuan; hala ere, autonomoena, batez beste, %40 txikiagoa izaten da (700 euro inguru) eta horren arrazoia da, hain zuzen, auonomoen gehiengoak gutxieneko kotizazio oinarria aukeratzen duela.
— Aldi baterako ezintasun prestazioa: kasu honetan ere oinarri erregulatzailea ateratzeko, kotizazio oinarriak hartzen dira kontuan, azken hilabetekoa, hain zuzen. Eta portzentaje bat aplikatzen zaio (%60 edo %75, bajaren iraupenaren eta arrazoiaren arabera).
Hortaz, gure kotizazio oinarriak ezagutzea eta dena ondo dagoela egiaztatzea guztiz garrantzitsua da.
Nora jo kotizazio oinarrien txostena lortzeko?
Zure bizi laboraleko kotizazio oinarriak ezagutu nahi badituzu, Gizarte Segurantzan eskatu behar duzu.
Internetez egin ahal duzu zuzenean. Hori bai, gogoratu cl@ve beharko duzula horretarako. Beherago azalduko dizuegu identifikazio sistema honen inguruko nondik-norakoak eta zelan lortu.
Internetez eskatzen baduzu, zuzenean ikusi ahal izago duzu pantailan eta, behar izanez gero, jaitsi eta inprimatu.
Bestela, identifikazio digitalik gabe ere egin ahal duzu. Kasu honetan FORMULARIO HAU bete behar duzu eta txostena etxera bidaliko dizute posta arruntetik. Hori baino lehen, erreferentzia zenbaki bat bidaliko dizute, zure eskaeraren egoera kontsulta ahal dezazun.
Bestela, SMS bitartez bidaltzeko ere eskatu ahal duzu LOTURA HONETAN. Zure datuak behin sartuta, pasa-hitz bat bidaliko dizute eta momentuan ikusi ahal izango dituzu zure kotizazio oinarriak.
Beste artikulu honetan luze azalduta daukazu zelan egin ahal dituzun honelako izapideak internetez, azalpen-bideo eta abarrez lagundurik:
Txosten hori edozein erregimenetako langileek eska dezakete; edozelan, autonomoentzat badago beste aukera bat: kotizazio oinarrien eta kuota ordainketen txostena (kotizazio oinarriak ez ezik, ordaindu dituzun kuotak ere jakin nahi badituzu).
Izapidearen orrialdetik bertatik eskatu ahal duzu. Orrialdearen beheko partean kuadro bat aurkituko duzu. Bertan galdetzen dizute ze modutan sartu nahi duzun: cl@ve, erabiltzaile + pasahitza, egiaztagirik gabe… Aukeratu zelan egingo duzun eta jarraibideak emango dizkizute.
Izapideen orrialdeak (informazio zehatzagoa eta eskaera):
• Kotizazio oinarrien txostena (langile guztiak)
• Kotizazio oinarrien eta kuoten ordainketaren txostena (autonomoak).
Eta ORRIALDE HONETAN dauzkazue, komentatutako bi hauetaz gain, Gizarte Segurantzari eskatu ahal zazizkion gainontzeko txosten eta ziurtagiri guztiak.
Cl@ve sistemaz informaziorik nahi baduzu, luze azaldu dizugu honako artikulu honetan: Zelan egin izapideak internetez Cl@ve sistema. Edo hurrengo esteka hauetan ere lor dezakezu informazioa.
Cl@ve sistema
– Cl@ve sistemaren nondik norakoak HEMEN
– Cl@ve Iraunkorra lortzeko modua HEMEN
– Eta behin-behineko erabileretarako, cl@ve + PIN, HEMEN