Jardunaldi murrizketa (zaintza betebeharrengatik)
2021/04/19
Azken eguneraketa: 2023/09/28
— Langileen Estatutuaren 37 artikulua (37.6 eta 37.7)
— 1148/2011 Dekretua, minbiziak edo gaixotasun larriren batek jota dauden adin txikikoak zaintzeko prestazioa Gizarte Segurantzaren sisteman aplikatu eta garatzekoa.
— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 237 artikulua
Lana eta familia bateratzeko aukeretako bat jardunaldia murriztea da. Ez da bakarra, baina: jardunaldia egokitzeko aukera ere badaukagu, 34.8 artikuluan ezartzen den bezala, eta, jakina, eszedentziak ere eska daitezke. Beste artikulu hauetan zabal azalduta dauzkazue beste aukera hauek guztiak:
Eskubide hauek bateragarriak dira. Esan nahi baita, langile batek eszedentzia disfruta lezake eta, eszedentziatik bueltan, jardunaldi murrizketa eskatu, adibidez.
Jardunaldia murriztu ahal izateko, legeak ez du ezein betebeharrik ezartzen, hau da, eskatu ahal dugu gure kontratu mota edozein dela ere eta enpresan edozein antzinatasun daukagula ere. Hori bai, 15 egun lehenago abisatu beharko da.
Ezer baino lehen, argitu behar da jardunaldia murrizten badugu, soldata ere hein berean murriztuko zaigula, gaixotasun larriren batek jotako seme-alabak zaintzeko izan ezik. Azken kasu honetan, geroxeago ikusiko dugunez, diru galera ekiditeko prestazioa eskatu ahal dugu.
Ze kasutan eska daiteke?
Jardunaldia honako kasu hauetan murriztu ahal izango da:
• 12 urtetik beherako seme-alabaren bat zaintzeko. Edozein momentutan eskatu ahal izango da, beti ere umeak 12 urte bete baino lehen.
Umearen legezko zaintza (guarda legal) izan behar dugu honetarako; hortaz, ezin izango da eskatu semearen edo alabaren jagoletza edo kustodia eduki ezean.
• Desgaitasunen bat daukan eta lan ordaindurik egiten ez duen pertsona bat zaintzeko. Ohikoena da 12 urtetik gorako seme-alabak zaintzeko erabili behar izatea, baina pertsona horren legezko zaintza badaukagu, berdin aplikatuko litzaiguke, gure arteko harremana edozein dela ere.
• Odolkidetasun edo ahaidetasun bigarren gradura arteko senide bat zaintzeko. Senide honen zaintza premiak izan daitezke adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik. Kasu honetan ere beharrezkoa da senide horrek lan ordaindurik egin ez dezan. Ohikoena izaten da pertsona hori pentsioduna izatea (erretirogatik edo ezintasun iraunkorreko pentsio bat jasotzen duelako). 5/2023 Lege-Dekretuaren bitartez ezkontideak eta izatezko bikotekideak parekatu dira; edozelan, esan genezake, momentura arte, praktikan, hala aplikatzen zela, hitzarmen gehienek onartzen dutenez gero.
• Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat daukan 23 urtetik beherako seme-alabaren bat zaintzeko, baldin eta tarte luzez ospitaleratua izan bada eta zaintza iraunkorra behar badu. Jardunaldia murriztu ahal izango dugu, ospitalean dagoen bitartean, baina baita trataera bitartean ere. Zaintza premia hau Osakidetzak edo Osasunbideak egiaztatu beharko du.
Adi! hau azken urteetan aldatu egin da. 2022ra arte umeak 18 urte betetzen zituenean eskubidea amaitutzat jotzen zen. Hala ere, 2022ko Aurrekontu Legearen Hogeita bigarren Azken Xedapenak 23 urte bete arte luzatu zuen.
Era berean, 2023ko pentsio erreformak berriro luzatu zuen aukera hau: semeari edo alabari, 23 urte bete baino lehen, %65eko desgaitasun maila aitortu bazaio, 26 urtera arte luzatu ahal izango dugu. Hortaz, jardunaldi murrizketarekin egon bazara eta lanera itzuli behar izan baduzu semeak edo alabak 23 urte bete dituelako, berriro eska zenezake, beti ere baldin eta %65eko desgaitasun maila aitorturik badauka (2/2023 Lege Dekretuaren Bosgarren Xedapen Iragankorra )
Zenbat denboraz egon daiteke jardunaldi murriztuarekin?
— Desgaitasunen bat daukan pertsona bat edo bere kabuz moldatu ezin den senideren bat (2. eta 3. kasuak) zaintzeko bada, Estatutuak ez du gehienezko iraupenik markatzen. Beraz, beharrezkoa den artean luza genezake.
— Seme-alabak zaintzeko orduan (1. eta 4. kasuetan), ordea, gehienezko muga argi eta garbia da: umeak 12 urte edo 23 urte, hurrenez hurren, betetzen dituen artean luzatu ahal izango dugu. Gogoratu, %65eko desgaitasun maila aitorturik badauka, 26 urte bete arte izango litzatekeela.
Adi! Jardunaldi arruntera itzuli beharko ginateke, semeak edo alabak 12 urte edo 23 urte betetzen dituenerako (aurreko egunean, beranduen) eta ez 12 edo 23 urte jadanik bete dituela.
Zenbateko murrizketa izan daiteke?
— 12 urtetik beherako umeak edo bere kabuz moldatu ezin den senidea zaintzeko, murrizketa, gutxienez, jardunaldiaren zortziren batekoa (1/8) eta, gehienez, jardunaldi erdikoa izan daiteke. Gure jardunaldia zortzi ordukoa bada eta zortziren batean murrizten badugu, egunean zazpi ordu sartuko genituzke.
— Gaixotasun larria daukan adin txikikoa zaintzeko, murrizketa, gutxienez, jardunaldi erdikoa izan daiteke eta jardunaldiaren %99ra ere hel liteke. Hurrengo puntuan ikusiko dugunez, murrizketa, berez, lan egiten dugun egun guztietan aplikatu behar da. Hala ere, hitzarmenak lanegun osoetan pilatzeko aukera eman lezake.
Argitu behar da, jardunaldia %99an murrizten badugu, honek ez duela esan nahi beste %1 horretan lanera joan behar garenik; praktikan, %100eko murrizketa izango litzateke, baina kontu legalengatik ezin da horrela adierazi, %100a eszedentzia izango litzatekeelako eta ez murrizketa.
Azken kasu honetan, gainera, prestazioa eska dezakegu soldata ez murrizteko. Prestazio hau oinarri arautzailearen %100ekoa da eta erregimen guztietako langileek jaso dezakete (inoren konturako langileek -sektore pribatu zein publikokoek-, autonomoek, etxeko langileek).
Prestazio honen nondik-norakoak ezagutu nahi badituzu, jo beste artikulu honetara:
Ordutegiaren zehaztapena
Oraintxe esan dugunez, beti begiratu beharko dugu zer dakarren gure hitzarmenak, ordutegia zehazteko baldintzak bertan azaldutik egon daitezkeelako. Horren ezean, Estatutuak dio murrizketa langilearen eguneko ohiko jardunaldian aplikatu behar dela. Beraz…
• Murrizketa gure ohiko jardunaldiari aplikatu beharko zaio
• Lanegun guztietan izan beharko da (ordubete egunean, ordu bi egunean…)
• Hortaz, ezin da lanegun osoetan pilatu, hau da, bost eguneko jardunaldia badaukagu, ezin gara lau eguneko jardunaldira pasatu.
Baina, esan bezala, begiratu, lehengo eta behin, zure hitzarmena, askotan aukera izaten delako lanegun osoetan metatzeko. Gainera, gaixotasun larriren batek jota dauden seme-alabak zaintzeko, Estatutuan bertan espresuki aipatzen da hitzarmen kolektiboak ezarri ahal dituela jardunaldi murrizketa jardunaldi osoetan metatzeko nondik-norakoak.
⇒ Txanda aldaketak: Estatutuak jardunaldiaren murrizketaz dioenari erreparatzen badiogu, ezingo genuke, esaterako, beste txanda bat eskatu, hori ez baita gure ohiko jardunaldia. Hala ere, artikuluaren hasieran komentatu dugun bezala, lana, familia eta bizi pertsonala bateratzeko neurriak bateragarriak dira eta, hortaz, posible izango litzateke murrizketarekin batera, jardunaldiaren egokitzapena ere eskatzea (jardunaldi egokitzapena (zaintza betebeharrengatik). Jardunaldiaren egokitzapena ere eskatuz gero, honek aukera emango liguke txanda aukeratzeko.
Enpresaren jarrera
Enpresak ezin digu eskubide hau ukatu, ez murrizketa, ez eskatu dugun portzentajea. Gehienez, ezezkoa eman ahal dio guk proposatutako ordutegiari. Kasu horretan, enpresak beste ordutegi bat proposatu ahal digu.
Ez bada adostasunera heltzen edo enpresak funts barik uko ematen badigu, posible da epaitegietara jotzea. Honelako gatazkek premiazko prozedura daukate. Izan ere, Jurisdikzio Soziala arautzen duen Legearen 139. artikuluaren arabera bideratu behar dira, lana, familia eta bizi pertsonala bateratzeko afera guztiekin bezala.
Honela…
• Langileak 20 egun dauzka, enpresak ezezkoa eman dionetik, salaketa aurkezteko.
• Langileak eta enpresak euren proposamen eta alternatibak eraman beharko dituzte, bai epaiketara, bai eta epaiketa aurretik egingo diren kontziliazio ekimenetara.
• Prozedura premiazkoa izango da eta lehentasuna emango zaio. Honela, bista deitu beharko da demanda onartu eta hurrengo bost egunetan. Epaia emateko hiru egunetako epea egongo da.
• Demandarekin batera, kalte-galerak ere erreklamatu ahal dira.
⇒ Enpresak eskubide hau mugatu ahal du, baldin eta langile batek baino gehiagok senide berbera zaintzeko murrizketa eskatzen badute. Hau da, demagun bikotekide biok enpresa berean lan egiten duzuela eta murrizketa aldi berean eskatu duzuela senide berbera zaintzeko. Estatutuak ezartzen du kasu honetan enpresak eskubide hau muga lezakeela, honek enpresaren funtzionamoldea kaltetzen badu, baina, beti ere, justifikaturiko arrazoiak eman beharko lituzke.
5/2023 Lege-Dekretuak azken puntu hau zehaztu du: enpresak IDATZIZ azaldu behar ditu arrazoi hauek. Honetaz gain, alternatiba bat luzatu behar die langile hauei eta bermatu behar du pertsona biek kontziliazio eskubide hau erabili ahal izango dutela. Beraz, enpresak alternatiba bat proposatu ahal du, baldin eta langile biek jardunaldia aldi berean murrizteak funtzionamoldea kaltetzen badu, baina ezin du jardunaldi murrizketa ukatu, ez langile biei ezta bakar bati ere.
Jardunaldi murrizketaren ondorioak
— Jadanik esan dugunez, jardunaldia murrizten badugu, soldata ere hein berean murriztuko zaigu. Hau da, nominaren kontzeptu gordinak portzentaje berean murriztuko dira.
— Murrizketa honek ez du eragingo jai egunetan, oporretan edo norberaren kontuetarako har daitezkeen egunetan, ez bada soldataren portzentajean.
— Lan kontratu berbera izango dugu eta, hortaz, kaleratzeagatiko edo kontratua amaieragatiko kalte ordainak berberak izango dira, jardunaldi osoz arituko bagina bezala.
— Langabeziagatiko prestazioak ere berdin kobratuko genituzke, jardunaldia murriztu izan ez bagenu bezala. Honela, kotizazio oinarriak %100ean kalkulatuko dira.
— Gizarte Segurantzaren kotizazioei dagokienez, %100 zenbatuko da ezintasun iraunkor, heriotza eta biziraupenagatiko pentsio, gurasotasun eta erretiro prestazioetarako…
• 12 urtetik beherako umeen zaintzagatik bada, %100 lehenbiziko hiru urteetan (lehen, urte bi baino ez ziren)
• Bere kabuz moldatu ezin diren senideen zaintzagatik, %100 lehenbiziko hiru urteetan (lehen, lehenbiziko urtean baino ez zen)
• Gaixotasun larria pairatzen duten seme-alaben zaintzagatik, %100 murrizketak dirauen denbora osoan
Ikusten duzuenez, hemendik aurrera seme-alabak edo beste senide batzuk zaintzeko jardunaldi murrizketaren lehen hiru urteak %100era osatuko dira kotizazioei dagokienez. Hau azken pentsio erreformak aldatu du eta epealdiak luzatu ditu (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 237. artikulua)
— Kaleratzeak: bereziki babestutako egoerak dira hauek (nahiz eta badakigun kaleratzeen aurreko babesa erlatiboa dela). Enpresak ezin badu kaleratzea justifikatu, kaleratzea zuzenean baliogabea izan daiteke, oinarrizko eskubideak urratzeagatik. Honek barne hartzen ditu jadanik jardunaldi murriztuan dauden langileak zein murrizketa eskatu eta tramitean daukatenak. Gogora dezagun kaleratze baliogabeetan eskubidea daukagula lanera itzultzeko.
— Aldi baterako kontratua badaukagu eta ez badigute berrizten, lehengo eta behin gure kontratua iruzurrezkoa ote den aztertu beharko litzateke (enpresak behin-behineko kontratuak kateatzen dituela kontratu finkoa egin beharrean). Hala balitz, kontratua ez berriztea kaleratzetzat joko litzateke eta, orain ikusi dugun bezala, litekeena da kaleratze baliogabea izatea.