Prestazioa eskatzeko besteko kotizaziorik ez badaukazu (langabezia subsidioa)

Langabezia prestazioa eskatzeko 360 egun izan behar dituzu kotizatuta azken sei urteetan. Honen ezean, subsidio hau eska dezakezu. Hiru hilabete dira beharrezkoak, seme-alabarik edukiz gero, eta sei hilabete, seme-alabarik eduki ezean.

Ezer baino lehen, ondo pentsatu behar duzu ea subsidioa eskatzea komeni dizun.

Izan ere, laguntza hau eskatzen baduzu, momentura arte pilatuta dauzkazun kotizazioak galtzen dira. Hau da, berriro lanean hasten bazara, zerotik hasiko da kontadorea. Adibidez, 10 hilabete kotizaturik badauzkazu, subsidioa eskatu ahal duzu, baina 10 hilabete horiek galduko dituzu eta hilabete bi baino ez dituzu falta langabezia prestazioa eskatu ahal izateko. Subsidioaren kopurua baxuagoa da prestazioarena baino.

Zenbat denboraz kobratzen da subsidio hau?

• Familia erantzukizunik ez badaukazu (familia erantzukizunetan, kasu honetan, seme-alabak ez ezik, bikotekidea ere sartzen da): subsidioak 6 hilabete iraungo du.

• Familia erantzukizunik edukiz gero:

– 3, 4 edo 5 hilabete kotizaturik, 3, 4 edo 5 hilabete, hurrenez hurren, iraungo du
– 6-12 hilabete bitartean kotizaturik, 21 hilabete iraungo du. Hasiera batean 6 hilabetez emango dizute eta, horren ostean, berrizteko eskatu behar duzu.

Erreparatu ondo, ezen alde handia baitago: 5 hilabete kotizaturik badauzkazu 5 hilabeteko laguntza dagokizu, baina hilabete bat gehiagorekin (6 hilabetetik aurrera), subsidioa 21 hilabetekoa izango da.

Zenbat kobratzen da?

Kopuru finkoa da: IPREMaren %80: 430,27 euro hilean (2019ko zebatekoa, momentuz, 2020an ere aplikatu behar dena).

Jardunaldi partzialaz lan egin baduzu:

Kontuz! Langabezia prestazioarekin gertatzen den bezala, lan egindako egunak kotizatutako eguntzat hartzen dira, jardunaldi osoz ez izan arren. Hala ere, 2012ko lan erreformari “esker”, lehen kopurua osorik kobratzen bazen ere, orain jardunaldi partzialaz lan egin baduzu, subsidioa ere partziala izango da. Honela, jardunaldi erdiz lan egin baduzu, esaterako, 215,14 euro besterik ez litzateke izango subsidioa. Hau subsidio guztietan gertatzen da, 52 urtetik gorakoentzakoan izan ezik (2018an aldatu zen eta).

Ze dokumentazio aurkeztu behar da?

– Eskaera dokumentu ofiziala. Honekin batera, errenta deklarazio dokumentua, subsidioa jasotzeko kontu korrontearen datuak, jarduera konpromisoa eta ogasunari informazioa eskatzeko baimena.
– Nortasun agiriak (NAN edo TIE/pasaportea), eskatzailearenak eta familiarenak (kasu honetan familia liburua edo, migrantea bazara, dokumentazio baliokidea ere bai). Dokumentu hauek erakustearekin nahikoa da. Ez dira eskaeran erantsi behar.
– Enpresa ziurtagiria.
– Errenten ziurtagiria, enplegu bulegoan hala eskatuz gero.

Eskaera egiteko epea

15 lan egun dauzkazu eskatzeko, kontratua amaitu denetik edo kaleratu zaituztenetik.
Eskaera onartu duten ala ez 15 egunetan jakinaraziko dizute idatziz.