Zelan eskatu edo berriztu langabezia prestazioa edo subsidioa, DBE edo Errenta bermatua?

SEPEren bulego guztiak itxita daudela, zalantza oso ohikoa da ea zelan egin dezakegun langabezia prestazioa eskatzeko. Hainbat kasu azalduko ditugu, ERTE prozesuak barne (beherago), baina TRANKIL, horrelakoetan, kudeaketa ENPRESAK egin behar du.

ADI! Epeak bertan behera utzi dira; hau da, normalean eskaera egiteko, 15 lanegunetako epea daukagu, baina, testuinguru honetan, epe horiek baliogabetu dira. Hortaz, epez kanpo eskatuz gero ere, honek ez luke ondoriorik izango.

Zelan eskatu langabezia prestazioa kaleratu bazaituzte edo kontratua amaitu bazaizu?

ERTE prozesu batean bazaude, ez duzu honelakorik egin behar. Hemen azaltzen duguna kaleratze edo kontratu amaiera kasuetan egin beharrekoa da.

Nora jo langabezian izena emateko atalean azaldu genuen bere momentuan (koronabirusak sorrarazitako krisi hau baino lehenago) izapide bi egin behar direla:

  1. enplegu eskatzailetzat izena eman (Lanbiden edo Nafar Lansarean)
  2. prestazioa eskatu (SEPEn)

Baina zelan egin behar dugu orain, bulegoak itxita daudela?

  1. Enplegu eskatzailetzat izena eman (Lanbiden)

Ez bazara inoiz Lanbiden apuntatuta egon, Lanbideko alta-eskaeren erregistroan sartu behar dituzu zure datuak. Datu horiek jasotzen dituztenean, telefono mugikorrera erabiltzaile eta pasa-hitza bidaliko dizute. Gako horrekin Nire Lanbidenet ataletik eskatu ahal izango duzu enplegu eskatzaile moduan altan emateko.

Inoiz Lanbiden apuntaturik egon bazara, alta-eskaeren erregistroan zure NAN/NIE eta jaiotze data sartzen dituzunean agertuko zaizu altan edo bajan zauden (enplegu eskatzaile moduan). Oraindik bajan bazaude, Lanbidetik alta berraktibatuko dizute.

  1. Enpegu eskatzailetzat izena eman (Nafar Lansarean)

Nafar Lansarean enplegu eskatzailetzat izena emateko (lehenbiziko aldiz, edo alta berraktibatzeko), Nafarroako Gobernuak online egiteko ematen duen aukera: HELBIDE HONETATIK.

Zalantzarik badaukazu, Nafarroako enplegu bulegoetako telefono eta helbide elektronikoak HEMEN dauzkazu. Eta ez badakizu ze bulego dagokizun, kontsultatu HEMEN.

Nafar Lansareak jarraibide orri hau argitaratu du izapidea egin ahal izateko: INSTRUCCIONES

Kasu bietan, EAEn eta Nafarroan, enplegu eskaera berriztatzea tokatzen bazaizu alarma egoera tarte honetan, ofizioz sinatuko dizute eta, hortaz, ez da beharrezkoa berriztatzea.

  1. SEPEn prestazioa eskatu. Modu bi daude:

• NAN elektronikoa, egiaztagiri digitala edo erabiltzaile/pasa-hitza gakoak badauzkazu:
SEPEren portaletik egin dezakezu zuzenean, orrialde HONETATIK. Bertan, erabilera gida, eskuliburua eta abar aurkituko dituzu.

Edo eskaera aurkez dezakezu beste lotura HONETAN

• Ez badaukazu NAN elektronikorik, egiaztagiri digitalik edo erabiltzaile/pasa-hitza gakorik:
SEPEk formulario bat ipini du martxan kasu hauetarako.  Formularioa HEMEN.

Formulario hau ez da behin-betiko eskaera, baizik eta eskaera egin ahal izateko aldez aurretiko izapidea. Hurrengo egunetan SEPEko langile bat zurekin jarriko da kontaktuan eskaera gauzatzeko. Edozelan, aldez aurretiko hitzordua jadanik eskatu baduzu edo eskaera beste bideren batetik aurkeztu baduzu, ez erabili formulario hau.

Informazio telefonoak ere badaude, baina, jakina, nahiko saturaturik daude momentu honetan. Hala ere, hemen dauzkazu:
            ARABA: 945 750 898
            BIZKAIA: 944 500 598
            GIPUZKOA: 943 980 598
            NAFARROA: 948 990 598

Langabezia subsidioa jasotzen ari bazara

Zenbait langabezia subsidio sei hilabete pasatu ondoren prorroga daitezke (ikus. Langabezia subsidioak). Zure kasuan, sasoi honetan subsidioa prorrogatzea tokatzen bazitzaizun, ez da beharrezkoa izango eskaera egitea. Sei hilabeteak pasaturik, ofizioz prorrogatu egingo da.

52 urtetik gorakoentzako subsidioa jasotzen ari bazara, ordainketa ez da etengo (ez ordainketa, ez Gizarte Segurantzaren kotizazioa), nahiz eta urtero aurkeztu behar den errenta aitorpena dagokion epean ez aurkeztu.

ERTEen kasuan

Hasieran esan bezala, enpresak egin behar ditu izapideak. Langileen datuak jaso eta SEPEra bidali behar formularioa. ADI! aktiboan dauden langileak baino ez dira sartzen; aldi baterako ezintasun egoeran (hau da, baja medikoan) edo gurasotasun bajan edo eszedentzian daudenak ez dira sartzen.

Datu hauek SEPEra bidali behar ditu 5 eguneko epean. Epe hau zenbatzen hasiko da eskaera egin den egunetik, ezinbesteko kasuetan (“fuerza mayor”), edo lan agintaritzari komunikatu dionetik hala eskatu duen egunetik arrazoi ekonomiko, tekniko zein antolakuntza edo ekoizpen arrazoiengatik izan bada.


[EGUNERAKETA] LANGABEZIA PRESTAZIOAREN OSAGARRIA SEME-ALABENGATIK (ERTE PROZESUETAN)

Seme-alabengatiko osagarriaren inguruko informazioak nahasiak izan dira. Lan Ministerioak, bere momentuan, informatu zuen oinarrizko kopurua baino ez litzatekeela ordainduko hasiera batean eta, gerora, langileek osagarria erreklamatu beharko luketela (nahiz eta erreklamazio horren inguruko zehaztapenik ez eman).

Hala ere, SEPEk ohar berri batean zera azaldu du:

– Hasiera batean SEPEK lehenagotik fitxeroetan daukan informazioa baino ez duela kontuan hartuko (esate baterako, aldez aurretik langabezian egon zarelako eta zure seme-alaben datuak euren fitxategian honezkero badaudelako). Hortaz, hainbat langileri prestazioa hasieratik tramitatuko zaie osagarria barne.

– Hau horrela ez den kasuetarako, edozelan, EZ DA GERORA ESKAERARIK EGIN BEHARKO, SEPE arduratuko da, gerora, ofizioz kopuru horiek handitzeaz, osagarria jasotzeko eskubidea daukaten langile guztientzat.


Diru-sarrerak bermatzeko errenta (EAE) eta Errenta bermatua (Nafarroa)
DBE

Identifikazio elektronikoa badaukazu (B@KQ edo Izenpe), DBE eskatzea edo berriro hastea, Eusko Jaurlaritzaren Erregistro Orokor Elektronikoan eska dezakezu.

Identifikazio elektronikorik ez badaukazu, dokumentazioa eta eskabide formularioa Lanbidera bidali ahal dituzu. Helbide HONETAN topatuko duzu behar den guztia

DBEren inguruko informazio orokorrerako, ikus. DBE-RGI

Errenta bermatua

Oinarrizko zerbitzu sozialak zabalik daude. Ez dugu aurkitu Nafarroako Gobernuaren webgunean modurik telematikoki egiteko, nahiz eta horretarako bideak jarriko zituztela iragarri den. Ezer dakigunean, jakinaraziko dizuegu.

Edozelan, bertaratzea baino, hobe da, aldez aurretik, behintzat, dagokizun zerbitzu sozialarekin telefonoz kontaktuan jartzea eta, ahal izanez gero, eskaerak horrelaxe bideratzea. Hemen daukazu dagokizun oinarrizko zerbitzu soziala aurkitzeko BILATZAILEA.

Errenta bermatuaren inguruko informazio orokorrerako, ikus. Errenta bermatua

Langabezia prestazioa