Langabeziagatiko subsidioak (erreforma)

2024/11/08
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko III. Tituluko III. Kapitulua

 

Langabezian bazaude eta prestazioa agortu baduzu edo ez badaukazu kotizazio nahikorik langabeziagatiko prestazioa eskuratzeko, subsidioa eska dezakezu.

Subsidioa eta prestazioa ezberdinak dira. Langabeziagatiko prestazioa kontributiboa da, hau da, izan duzun soldataren eta egin dituzun kotizazioen araberakoa izango da. Subsidioak, ordea, izaera asistentziala edo, bestela esanda, laguntza izaera dauka. Hau dela eta, zenbateko finkoa dauka eta hainbat baldintza bete behar dira jaso ahal izateko, batez ere, errenten gabezia.

Subsidioen erreforma

2/2024 Dekretuaren bitartez, langabeziagatiko subsidioak berregituratu dira. Dekretua 2024ko maiatzekoa izan arren, erreforma azaroan hasi da aplikatzen.

Aldaketarik nagusienak:

Subsidioren bat desagertu da, hala nola, preso ohientzako subsidioa (hemendik aurrera, egoera hau Bizitzeko Gutzieneko Diru-sarreraren bitartez kudeatuko da); honekin batera, beste kolektibo batzuetara zabaldu da, adibidez, familia ardurarik ez daukaten 45 urtetik beherakoei edo genero zein sexu biktimak izan direnei.

Jasoko den zenbatekoa ere aldatu da (lehen hilabeteetan zertxobait gehiago jasoko da, nahiz eta, oraindik, guztiz miseriazkoa izan); familia erantzukizunei dagokienez ere aldaketak egon dira; jardunaldi partzialaz aritu izan direnak subsidio osoa jasoko dute (PPk ezarritako subsidio partzialak bertan behera geratu dira); subsidioa eskatu ahal izateko, ez da honezkero hilabete itxaroten egon beharko; subsidioaren berriztapen sistema ere aldatu da…

Subsidio motak

Subsidioa, oro har, egoera bitara murriztu da:

Hala ere, honek ez du esan nahi beste egoera batzuetan ezin denik eskatu:

  •  52 urtetik gorakoentzako subsidioak badirau
  •  Estatura itzulitako migranteentzako subsidioak ere bai
  •  Genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako subsidioa sotu da (lehen, gizarteratzeko errenta aktiboa eskatu ahal zuten, baina prestazio hau desagertu da)
  •  Langile agrario ebentualek ere subsidioa eskatu ahal dute

Ikusten duzuenez, eta honezkero aurreratu dugunez, subsidio batzuk desagertu dira, hala nola, ohiz kanpoko subsidioa eta preso ohientzako subsidioa.

Subsidioaren zenbatekoa

Lehen, langabeziagatiko subsidio guztien kasuan IPREMaren %80 kobratzen zen, subsidioak irauten zuen denbora osoan zehar. Hau aldatu da; orain, mailakatua izango da eta kobratzen den zenbatekoa jaisten joango da:

— Lehen 180 egunetan: IPREMaren %95 (570€)
— 181. egunetik 360. egunera: IPREMaren %90 (540€)
— 361. egunetik aurrera: IPREMaren %80 (480€)

Bestela esanda, lehen sei hilabeteetan 570 euro jasoko ditugu, hurrengo sei hilabeteetan 540€ eta, hortik aurrera, 480€ subsidioaren iraupena amaitu arte.


⇒ ADI! 52 urtetik gorakoentzako subsidioaren kasuan ez da honelako igoerarik aplikatuko; bestela esanda, eskatzen denetik IPREMaren %80 jasoko da (480€). Gogoratu subsidio hau jasotzen egon zaitezkeela harik eta beste lan bat aurkitu arte edo erretiro adinera heldu arte.


IPREM, ondorio anitzen errenta adierazle publikoaren gaztelerazko siglak dira (indicador público de renta de efectos múltiples). Laguntza eta prestazio sozialak, kalkulatzeko Estatuan erabiltzen den adierazlea da. PSOEren gobernuak sortu zuen 2004an. Ordura arte, erreferentzia moduan, lanbidearteko gutxieneko soldata erabiltzen zen prestazio guztietarako. Adierazle berri hau sortzeak helburu oso argia izan zuen: babes sozialeko gastua murriztea. Desagertu beharko litzatekeen adierazle honetaz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat hurrengo artikuluari:

Familia erantzukizunak

Subsidioen zenbatekoa berbera izango da, nahiz eta familia erantzukizunak izan. Hala ere, subsidio bakoitzari dagokion artikuluan zabalago azaltzen dugunez, subsidioaren iraupena luzeagoa izan daiteke familia erantzukizunak baldin badauzkazu.

Baina zer jotzen da familia erantzukizuntzat?

  • Bikotekidea
  • 26 urtetik beherako seme-alabak edo harreran hartutako adin txikikoak
  • 26 urtetik gorako seme-alabak, desgaitasun mailaren bat aitorturik badaukate

Jakina, familia arduratzat jotzeko, zurekin batera bizi behar dira edo ekonomikoki zure menpekoak izan behar dira.

Zelan kalkulatzen da hori?

Hurrengo atalean ere zehaztuko dugunez, subsidioa eskatu ahal izateko, errenten gabezia egiaztatu behar da. Gogoratu subsidioa asistentziala dela. Honela, norbanako batek subsidioa eskatu nahi badu, bere diru-sarrerak ezin dira izan lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino altuagoak (aparteko ordainsariak kontuan hartu gabe), hau da, 850,50€ hilean 2024. urterako.

Hala ere, hau ez da beharrezkoa izango familia erantzukizunak baldin badauzkazu. Esan nahi baita, familia erantzukizunak badauzkazula ulertuko da, baldin eta familia unitateak, oro har, jaso dituen diru-sarrera guztiak batu eta senide kopuruaz zatikatuta, ez bada heltzen lanbidearteko gutxieneko soldataren %75era.

Lehen, norbanakoaren diru-sarrerak ere lanbidearteko gutxieneko soldataren %75etik behera egon behar ziren eta, gainera, beste senideren baten diru-sarrerak lanbidearteko gutxieneko soldataren %75era heltzen baziren, pertsona hori automatikoki ez zen familia arduratzat hartzen. Orain, kasu guztietan senide kopurua hartu beharko da kontuan eta kalkulatu familia unitate osoaren arabera.

Adibidez, demagun lau zaretela etxean: zutaz gain, zure bikotekidea eta seme-alaba txiki bi. Baliteke zure bikotekideak lan egitea eta baliteke (eta benetan desiragarria da) lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino gehiago irabaztea. Familia arduratzat jo ahal diren jakiteko, senide guztien diru-sarrerak batu -zureak ere barne- eta emaitza zati lau egin beharko litzateke. Hau ez balitz lanbidearteko gutxieneko soldataren %75era helduko, familia erantzukizuntzat hartuko lirateke.

Izatezko bikoteak: Beste aldaketa bat ere izan da. Legea guztiz zaharkiturik zegoen honi dagokionez eta oraingo honetan aprobetxatu da izatezko bikoteak ere gehitzeko (erkidegoko edo udaleko erregistroetan izena emanda edo hala egiaztatzen duen edozein dokumentu publikoren bitartez). Adi! delako erregistroa, gutxienez, subsidioa eskatu baino urte bi lehenago egin behar izan duzue. Elkarrekin seme-alabarik badaukazue, ez da beharrezkoa ezelango erregistrorik.

Errenten gabezia

Oraintxe komentatu dugunez, langabeziagatiko subsidioa eskatzeko, errenten gabezia egiaztatu behar duzu. Honek ez du esan nahi ezin duzunik ezelango diru-sarrerarik izan, baina diru-sarrera horiek ezin dira heldu lanbidearteko gutxieneko soldataren %75era (2024. urtean 850,50€ hilean). Arestian azaldu dugunez, errenten gabezia hau eskatzaileak egiaztatu behar du berak bakarrik eskatuz gero.

Bestetik, familia erantzukizunak badauzkazula adieraziz gero, begiratuko litzateke ea diru-sarrera guztien batezbestekoa heltzen ore den zenbateko horretara (hau da, norbanakoen diru-sarrerak isolatuki baino, senide guztien diru-sarreren batuketa hartuko litzateke kontuan, eskatzailearenak barne).

Errentatzat honelakoak joko dira:

  • Lanetik etorritako diru-sarrerak (inoren kontura edo norberaren kontura)
  • Pentsioak, publiko zein pribatuak, izan kontributiboak ala ez kontributiboak
  • Mantenu-pentsioak eta pentsio konpentsagarriak
  • Bestelako diru-sarrerak, kapital higigarri edo higiezinagatik (adibidez, kotxea edo etxea saldu duzulako edo alokairuan daukazulako)
  • Ondare irabaziak, hala nola donazioak edo herentziak.

Ez dira errentatzat kalkulatuko:

  • Gizarte Segurantzaren prestazioak kargupeko seme-alabak izateagatik
  • Kaleratzeagatik edo kontratu amaieragatik jasotzen diren kalte-ordainak
  • Ikasketa praktikak egiteagatik jaso daitekeen dirua
  • Enpleguari laguntzeko osagarria jasotzen den bitartean izandako diru-sarrerak (inoren konturako lanagatik), subsidioaren prorroga kasuetan
Jardunaldi partzialak

2012ko lan erreformak langabeziagatiko subsidioak ere ikutu zituen. Ordura arte, subsidioak euren horretan -zenbateko osoz- kobratzen ziren edozein kasutan. PPren Gobernuak, ordea, bere erreformarekin ezarri zuen azken lan kontratua partziala izan bazen, subsidioa ere partziala izango zela. Honela, azken kontratua jardunaldi erdiz izan bazen, esaterako, 240€ baino ez ziren jasoko. Antza, 480€ gehiegi iruditzen zaie. Badakizue, “pagatxoa” kobratzen badugu, gero ez dugu lanik egin nahi.

Bada, honi buelta eman zaio eta hemendik aurrera ez da subsidio partzialik egongo. Hortaz, jardunaldi osoz edo jardunaldi partzialaz aritu arren, subsidioa zenbateko osoz kobratuko da berriz ere (nahiz eta zenbateko horrek gutxieneko duintasuna ez bermatu).

Atzerrira irten daitekeen denbora

Hau ere aldatu da. Lehen, gehienez, 15 egunez irten ahal zen atzerrira. Orain, ordea, 30 egunez egin ahal izango da, prestazioa galtzeko arriskurik gabe. Hau, jakina, beste jatorri bateko langileentzat bereziki garrantzitsua da, trankilago eta denbora luzeagoz joan daitezkeelako familia bisitatzera edo, denon modura, nahi dutena egitera.

Itxaronaldiko hilabetea

Orain arte, langabeziagatiko prestazioa agortzen genuenetik langabeziagatiko subsidioa eskatu arte hilabete itxaron behar zen. Honi “itxaronaldiko hilabetea” deitu izan zaio. Hemendik aurrera hau ez da beharrezkoa izango eta, hortaz, prestazioa agortzen dugun momentutik subsidioa eskatu ahal izango dugu.

Subsidioaren berriztapena

Hemendik aurrera, subsidioa hiru hilabetero berrizten joango da. Hortaz, hiru hilabetero eskatu beharko da luzatzeko (harik eta dagokigun iraupena agortu arte). Errenta gabezien betebeharra eskatu aurreko hilabeteari dagokio, bai hasierako eskaera egiten denean, bai eta luzapenak eskatzen direnean ere. Honetarako, nahikoa izango da erantzukizunpeko adierazpen bat sinatzea. Adierazpen hori SEPEren eskaera-orriarekin batera betetzen da. Gerora, administrazioak egiaztatuko du ea eman dituzun datuak benetakoak diren.

Preso ohientzako subsidioa

Lehen, norbait kartzelatik irteten zenean, preso ohientzako subsidioa eskatu ohi zuen. Subsidio hori, esan dugun bezala, desagertu da. Suposatzen da gabezia hau Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren bitartez bideratu behar dela orain.

Esan barik doa honek hainbat arazo sorrarazten dituela: SEPEren bitartez kudeatzen diren langabeziagatiko subsidio hauek guztiak nahiko arin onartu eta ordaintzen dira. Gehienez, 15 eguneko epea daukate horretarako. Aitzitik, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera beste kontu bat da. Administrazioak berak azaltzen duenez, bizpahiru hilabete pasatzen dira batezbeste. Gainera, Gizarte Segurantzak daukan epe muga 6 hilabetekoa da. Toki batzuetan, urtebetera ere hel daiteke, Aragoiko hainbat erakundek salatu duten bezala.

Honetaz gain, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerarako baldintza gehiago bete behar dira eta burokrazia handiagoa dakar. Ez da, justuki, espetxetik irten berri den pertsona batek behar duena. Eta ez uste hemen, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, EAEn, edo Errenta Bermatua, Nafarroan, izateagatik hau aldatzen denik. Areago, Hego Euskal Herriko diru-laguntza biak eskatu baino lehen, Estatuko diru-laguntza eskatu behar da derrigor. Eta, hortaz, arazoak bere horretan dirau edo, areago, arazoa handitzen da, itxaron beharreko denbora gehiago, baldintza gehiago eta burokrazia askoz gehiago baino ez dakarrelako horrek guztiak