Estatura itzulitako migranteentzako langabezia subsidioa

2018/03/20
Azken eguneraketa: 2023/01/30

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren III. Kapitulua 

Espainiar nazionalitatea badaukazu eta beste herrialde batera lan egitera joan behar izan bazara, itzulitako migranteentzako diru laguntzak jaso ahal izango dituzu.

Adi! Espainiako Estatura lan egitera etorri den migrantea bazara eta langabezia prestazioa ordainketa bakar batean jaso nahi baduzu zeure herrira itzultzeko, hau borondatezko itzulera plana artikuluan azaldurik daukazu.

Bete beharreko baldintzak

Schengen eremuko edozein herrialdetatik, Australiatik edo Suitzatik itzuli bazara, ez dagokizu subsidio hau, zeren eta Espainiako Estatuak hitzarmenak sinatuta baitauzka herrialde hauekin. Hortaz, beste herrialde horietan kotizatu duzun denbora langabezia prestazioa eskatzeko balioko lizuke. Ikus. Langabezia prestazioa Europan lan egin ostean

– Subsidio honek hitzarmenik gabeko herrialderen batean lan egin duzunerako balio dizu.

Gutxienez, 12 hilabetez lan egin behar izan duzu azken sei urteetan zehar. Izan kontuan Estatutik irten zaren azkenengo aldia baino ez dela aintzat hartzen. Esan bezala, hitzarmenik gabeko Estatuetan izan behar da, hitzarmenik egonez gero, behin itzulita, langabezia prestazioa eskatzeko aukera badaukazulako.

– Estatutik irten baino lehenagoko sei urteetan Espainiako Estatuan lan egin izan baduzu eta kotizazioak pilatu badituzu, kasu honetan ere langabezia prestazioa edo subsidioa eskatu beharko zenuke eta ez hemen azaltzen ari garen diru laguntza.

Estatura itzultzen zarenean langabezian eman behar duzu izena eta hilabete itxaron behar duzu subsidio hau eskatu baino lehen

Jasotzen dituzun errentak ezin dira lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino altuagoak izan (750 euro 2023. urte hasieran)

 
Diru sarrerak

Subsidioa jaso ahal izateko, bete beharreko baldintzen artean, diru sarreren gabezia egiaztatu behar duzu. Zelan neurtzen da hau?

Diru sarrera nahikorik ez daukazula ulertuko da lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino gehiagorik irabazten ez duzunean. 2023. urte hasieran lanbidearteko gutxieneko soldata 1.000 euro dira. Hortaz, honen %75 750€ lirateke.

Diru-sarrera hauek edozelakoak izan daitezke: nekazaritza jarduerengatik, jarduera artistikoengatik, lokalen bat alokatuta edukitzeagatik, bestelako prestazio publikoren bat jasotzeagatik, loteriak, pentsio-planak…

Balizko errenta hauen artean, honakoak EZ dira kontuan hartuko:

  • Gizarte Segurantzak seme-alabengatik ematen dituen prestazioak (hala ere, bestelako prestazio sozialak bai hartzen dira aintzat).
  • Kaleratzeagatiko kalte-ordaina. Lanetik bota bazaituzte, dagokizun kalte ordaina ez da kontuan hartuko zure errentak zenbatzeko. Berdin da kalte ordain hau dena batera jaso duzun edo zatika eskuratzen ari zaren.

Diru sarrera gordinak hartzen dira kontuan.

HEMEN daukazu zehaztuta zer jotzen duen SEPEk errentatzat edo diru-sarreratzat.

 
Zenbat jasotzen da?

Kopuru finkoa da: IPREMaren %80
Hau da, 480 euro hilean (2023. urte hasierako zenbatekoa).

 
Iraupena

6 hilabete.
Berrizta dezakezu 18 hilabetetara arte, hau da, 6+6+6.

 
Ze dokumentazio aurkeztu behar da?

– Eskaera dokumentu ofiziala. Honekin batera, errenta deklarazio dokumentua, subsidioa jasotzeko kontu korrontearen datuak, jarduera konpromisoa eta ogasunari informazioa eskatzeko baimena.
– DNI edo NIE
– Itzulitako migrantea zarela egiaztatzen duen dokumentua. Dokumentu hau Gobernu Delegazioetako Lan eta Gizarte Sailetan eskatu behar da. Ikus. Itzulitako migranteen egiaztagiria.
– Errenten egiaztagiria, baldin eta enplegu bulegoan hala eskatuz gero.