Langabezia-egoera legala
2021/11/09
Azken eguneraketa: 2024/02/02
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 267. artikulua
Lan barik gaudenean, langabezian gaudela esaten dugu geure artean. Hala ere, langabezia-egoeraren definizio legala ez da horren automatikoa; izan ere, ez da aitortzen lan barik egote hutsagatik, baizik eta egoera zehatz batzuetan besterik ez. Honek esan nahi du, hainbat egoeratan, lan barik egon arren, ez zaigula langabezia-egoera legalki aitortuko eta, hortaz, ezin izango dugula prestazio edo subsidiorik eskatu, besteak beste.
Zeintzuk egoera jotzen dira langabezia-egoera legaltzat?
Laburbiltzeko, esan genezake langabezia-egoera legalean gaudela, lana gure borondatearen kontra galdu dugunean, hau da, kaleratu gaituztenean edo kontratua amaitu zaigunean. Aitzitik, guk geure borondatez lana utzi dugunean, ez ginateke langabezia-egoera legalean egongo. Edozelan, funtsezko ideia hauxe bada ere, zertxobait zehaztu behar da.
Hemen daukazue langabezia-egoera legalen zerrenda:
• Lan harremanaren amaiera:
— Kaleratzeak
— Aldi baterako kontratuen amaiera
— Enplegua erregulatzeko espedienteak edo kaleratze kolektiboak
— Enpresariaren heriotza, erretiro edo ezintasunagatik
— Probaldia ez pasatzeagatik
— Kooperatibetako bazkide langileak: probaldia pasatzen ez bada, kaleratze bidegabeen kasuan edo kooperatibak arrazoi ekonomikoengatiko espedientea edo ezinbesteko kasuengatiko espedientea martxan jartzen duenean.
— Etxeko langileak: 2022. urtera arte, etxeko langileek ezin zuen langabeziarako kotizatu eta ez zitzaien langabezia-egoera legalik aitortzen. Hortaz, ezin zuten prestaziorik edo subsidiorik jaso. Hala ere, 16/2022 Lege-Dekretuarekin honi buelta eman zitzaion. Hurrengo artikuluan gai hau sakonago azalduta daukazu:
• Lan harremana eteten denean:
— Aldizkako langile finkoen kasuan, lan-sasoia amaitzen denean
— Enplegua erregulatzeko aldi baterako espedienteak (gaztelerazko ERTEak)
— Indarkeria matxistaren biktima izan den langileak lanpostua uztera behartuta dagoenean. Bestela esanda, honelako kasuetan aukera egoten da lan harremana bertan behera uzteko edo denbora tarte batez eteteko. Lan harremana etenez gero, enpresak lanpostua gorde behar dizu.
Kasu bietan indarkeria pairatu duen langilea langabezia-egoera legalean egotera pasatuko litzateke eta prestazioa zein subsidioa eska lezake. Lan harremana 6 hilabetez eten ahal da eta 3 hilabetero luzatu, harik eta 18 hilabetera heldu arte; auzitegiak ebatzi beharko du beti ere.
Langileak lan harremana eteten badu eta, langabezia jaso ostean, lan harremana amaitzea edo bertan behera uztea erabakitzen badu (dena delako arrazoirengatik), lan harremana etenda egon den denbora guztia kotizatutako denboratzat hartuko da eta jaso den langabezia prestazioa ez da kontuan hartuko hurrengo langabezia prestazioari begira.
Genero edota sexu indarkeriaren biktima diren langileen eskubideen inguruan gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat artikulu honi:
• Langileak lana uztea erabakitzen duenean, esan dugunez, ez ginateke langabezia-egoera legalean egongo, salbu eta ondoko kasuetan:
— Lan baldintzen aldaketa substantzialagatik izan bada (Langileen Estatutuko 41. artikulua eta 50. artikulua)
Kasu honetan langileak kontratua amaitutzat emateko eskubidea dauka eta, hala ere, langabezia-egoera legalean egotera pasatuko litzateke. Honetaz gain, lan egindako urte bakoitzeko, 20 eguneko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango luke (9 hilabeteko mugarekin):
• Lan baldintzen aldaketa substantzialak kalteren bat badakarkigu. Kalte hau ekonomikoa izan daiteke edo beste era batekoa, hala nola, zaintza betebeharrekin bateraezina izatea. Kasu hauetan langileak lan harremanaren amaiera eska lezake.
Edozelan, lan harremanaren amaiera ez da automatikoa. Enpresari eskatu behar zaio. Enpresak onartu ezean, auzitegietara jo beharko litzateke.
• Bestetik, lan baldintzen aldaketa auzitegietan inpugnatzeko aukera ere badaukagu. Aldaketa justifikatua izan dela ebazten bada, oraintxe komentatu moduan, lan harremana amaitutzat emateko aukera izango genuke. Hala ere, justifikaziorik gabeko aldaketa izan dela ebazten bada, langilea lanpostura itzuli beharko litzateke lehengo baldintza berberetan. Enpresak langilea berriro hartzeari uko egingo balio ere, lan harremana amaitutzat emateko eska genezake. Azken kasu honetan, kalte-ordaina kaleratze bidegabeetarako berbera izango litzateke.
— Mugikortasun geografikoaren kasuetan (Langileen Estatutuko 40. artikulua eta 50. artikulua)
Lan baldintzen aldaketa substantzialarekin gertatzen den bezala, enpresak mugikortasun geografikoa inposatzen badigu, lan harremanaren amaiera eskatzeko aukera daukagu eta langabezia-egoera legalean egotera pasatuko ginateke.
Lantoki aldaketa honek gure bizitokia ere aldatzera behartu behar gaitu, hau da, herri bereko beste lantoki batera baldin balitz, ez litzateke mugikortasun geografikotzat hartuko.
Aurreko puntuan azaldu dugunez, lan harremana amaitutzat eman genezake (lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte-ordainarekin) edo erabakia auzitegietan inpugnatu. Justifikaziorik ez dagoela ebatziko balitz, lanpostura itzuliko ginateke edo, enpresak ukatuz gero, salatu. Kasu honetan ere kaleratze bidegabeagatiko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango genuke.
— Enpresak soldata ordaintzen ez duelako edo behin eta berriro atzerapenez egiten duelako.
Enpresak ez badu ordaintzen edo atzerapenez egiten badu, lan harremanaren amaiera eska genezake. Honetarako, enpresa salatu beharko genuke. Auzitegietan frogatzen bada, kaleratze bidegabeagatiko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango genuke, enpresak zor digun diru guztia ordaindu beharko liguke eta langabezia-egora legalera pasatuko ginateke.
• Beste egoera batzuk
— Atzerrian lan egiten egon bazara eta Estatura itzultzen bazara. Begirada bat bota ahal diezu ondoko artikuluei:
— Espetxetik irteten zarenean (berdin da zigorra beteta edo baldintzapeko askatasunean), langabezia-egoera legalean egongo zinateke eta, besteak beste, preso ohientzako langabezia-subsidioa eska zenezake.
— Erabateko ezintasun, ezintasun absolutu edo baliaezintasun handiaren egoeran egon bazara, hoberantz egiten baduzu eta ezintasun iraunkor partzialeko egoerara pasatzen bazara. Ezintasun iraunkorraz gehiago jakin nahi baduzu:
Zeintzuk egoerak EZ dira jotzen langabezia-egoera legaltzat?
— Lana zeure borondatez uzten baduzu. Oraintxe ikusi ditugun kasuak albo batera utzita, lana uzten baduzu, ez zara langabezia-egoera legalean egotera pasatuko eta, hortaz, ezin izango duzu prestaziorik eskatu.
— Probaldian gaudenean, azken batez, lanean ari gara. Hori dela eta, langabezia-egoera legalean egoteko, enpresa izan beharko da kaleratzen zaituena. Aitzitik, zuk lana uzten baduzu, probaldian bada ere, ez zinateke egoera legalean egongo.
— Sekula lan egin ez duten ikasleak, nahiz eta enplegurik ez izan, ez daude langabezia-egoera legalean.
— Gauza bera gertatzen da zaintza lanetan aritu izan diren eta sekula kotizatu ez duten emakumeekin. Lan mundura sartu nahi dutenean, ez litzaieke aitortuko langabezia-egoera legalik.
— Autonomoen erregimenean baja eman duten lagunak, jarduera amaiera egoera justifikatu barik. Edozein kasutan, autonomoak, baldintzak betez gero, jarduera amaieraren egoera legalean egongo lirateke eta ez langabezia egoeran. Honek esan nahi du jarduera amaieragatiko prestazioa eskatu beharko luketela.
Kasu hauetan guztietan, nahiz eta lanik ez eduki eta enplegu eskatzailetzat apuntatuta egon, ezingo zenuke langabezia prestaziorik edo subsidiorik eskatu.
Hau gertatzen da nahiz eta kotizazio nahikoak izan. Honela, lana zeure borondatez uzten baduzu eta kotizazioak pilatuta badauzkazu, langabezia eskatu ahal izateko modu bakarra izango litzateke beste lan bat topatzea (langabeziagatik kotizatzen duena) eta lan hori galtzea (kaleratu zaituztelako edo kontratua amaitu delako).
Zenbat denbora egon behar da lan berri horretan? Araudiak ez dio ezer horretaz, hala ere jurisprudentziak markatu duen batezbesteko denbora tartea hiru hilabetetakoa da. Hala, SEPEk berak, honelaxe dio:
Borondatezko baja hartu ostean, beste lan batean hasiz gero…
• Probaldi bitartean zeuk uzten baduzu lan berri hori, ezingo zenuke prestaziorik eskatu
• Probaldi bitartean enpresak kaleratzen bazaitu eta, gutxienez, 3 hilabete pasatu badira, langabezia-egoera legala aitortuko zaizu eta prestazioak eskatu ahal izango dituzu.
Edozelan, SEPEk honelako kasuak aztertu egiten ditu. Azken kontratazioaren helburu hutsa langabezia kobratu ahal izatea izan dela susmatuz gero, prestazioa ukatu ahal dizute.