Zer da gabealdia? (“periodo de carencia”)

2020/09/15

 

Gizarte Segurantzaren prestazioak jasotzeko, oro har, zenbait baldintza bete behar dira eta ohikoa da, baldintza hauen artean, gutxieneko kotizazio batzuk eskatzea; hau da, aldez aurretik hainbat urte kotizatzen egon behar izan zarela. Prestazioaren arabera, bete beharreko tarte hauek ezberdinak dira.

Kotizazio epealdi hauei “gabealdiak” deitzen zaie. Ez dira prestazio guztietarako eskatzen. Adibidez, lan gaixotasun edo istripuak sorrarazitako aldi baterako ezintasun prestazioa jasotzeko, ez da beharrezkoa aldez aurretiko kotizaziorik edukitzea; baina beste batzuetarako bai, hala nola, jubilazio edo langabezia prestazioetarako, aurrerago zehatzago ikusiko dugunez.

 

Gabealdi orokorra eta gabealdi espezifikoa

Gabealdi ezberdin bi daude: gabealdi orokorra eta gabealdi espezifikoa.

Gabealdi orokorra bizi osoan zehar kotizatutako epeei egiten die erreferentzia. Hau da, gabealdi orokorra zenbatzeko, kontuan hartuko dira bizi laboralean zehazten diren kotizatutako egun guztiak.

Gabealdi espezifikoa: zenbait kasutan eskatuko da kotizazio-urte horietako batzuk prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen den momentua baino lehen, hau da, justu aurretik egin behar izan direla.

 

Zeintzuk kotizazio hartzen dira kontuan gabealdia zenbatzeko?
  • Kotizazio errealak

Edozein erregimenetan egiten diren kotizazioak, hau da, zelanbait esateko, efektiboki lanean eman dugun denbora.

Hala ere, kontuz! erregimen bitan kotizatzen egon bagara aldi berean, kotizatutako urteak baino ez dira aintzat hartuko, ez dira erregimen bietakoak batuko. Hau da, demagun, lau urtez egon garela Erregimen Orokorrean eta, aldi berean, Autonomoen Erregimenean kotizatzen. Lau urte izango genituzke kotizaturik eta ez zortzi.

Bestetik, Europako Batasuneko edozein herrialdetan –edo, Batasunetik kanpo, Gizarte Segurantzarekin hitzarmena daukaten herrialdeetan– kotizatutako epealdiak kontuan hartuko dira.

Langabezia-prestazio kontributiboa jasotzen dugun denbora ere zenbatuko da, sasoi horretan kotizatzen jarraitzen dugu eta, baina ez prestazio guztietarako. Adibidez, ez da langabeziagatik kotizatzen, bai, ordea, jubilazio, alarguntza edota gurasotasun prestazioetarako.

  • Kotizazio asimilatuak

— Erditzeagatik (jubilazio eta ezintasun iraunkorreko prestazioen kalkulurako)

Lan mundutik sartu-irtenetan egoten diren hainbat emakumeretzat onuragarria da hau. Izan ere, umea ekarri duzunean lanean egon bazara, amatasun bajagatiko sasoian kotizatzen egon zara eta neurri honek ez dizu eragiten. Hala ere, sasoi horretan ordaindutako enplegurik izan ez duten emakumeei, lan mundutik irten diren emakumeei, alegia, 112 egun gehiago hartuko zaizkio kontuan erditze bakoitzeko (eta 14 egun gehiago hurrengo seme-alabengatik, erditze anizkunetan).

Adibidea:
Erretiro prestazioa onartzeko, 15 urte kotizaturik izan behar dituzu (5.475 egun); Mirenek 5.200 egun baino ez ditu kotizatu. Izan ere, lanean hasi orduko, hiru ume ekarri zituen. Gabealdiaren kalkulurako, hortaz, ume bakoitzagatik, 112 egun gehiago zenbatu behar dizkiote, orotara, 336 egun. Honela, Miren gutxieneko kotizazioetara helduko litzateke, 5.536 egun beteko lituzkeelako.

Migrantea bazara eta zure umeak ez badira Estatuan jaio, egia da legeak ez duela kasu honen inguruan ezer zehazten, baina Auzitegi Gorenak aldeko sententziak eman ditu (4126/2016 epaia)

— Zaintza betebeharrengatiko eszedentziak (jubilazio, ezintasun iraunkor, alarguntza, umezurtza eta abarrak zein gurasotasun prestazioen kalkulurako)

Umeak zaintzeko hartzen baduzu, denbora tarte hau ere kotizatutzat hartuko da (eszedentzian hartzen duzun denbora osoa zenbatuko da, hau da, hiru urtetara arte).

Senideren bat zaintzeko eszedentzia hartzen baduzu, gehienez, urtebete joko da kotizatutzat.

Hurrengo orrialdeetan zaintza betebeharrengatiko eszedentzien nondik-norakoak kontsulta ditzakezu:

— 52 urtetik gorakoentzako langabezia subsidioa (jubilazio prestazioen kalkulurako)

Langabezia prestazioa jasotzen dugun bitartean, Gizarte Segurantzari kotizatzen ari gara. Langabezia subsidioa jasotzean, aldiz ez. Salbuespena 52 urtetik gorakoentzako subsidioa da. Azken hau jasotzen dugunean erretirorako kotizatzen dugu eta, hortaz, tarte hori kontuan hartuko zaigu jubilazioa kalkulatzeko orduan.

Hurrengo orrialdean 52 urtetik gorakoentzako subsidioa daukazu azalduta:

Zenbateko gabealdiak eskatzen dira prestazio bakoitzerako?

— Lan istripua edo lan gaixotasuna: ez da aldez aurretiko kotizaziorik eskatzen.

— Istripu arrunten kasuan ere ez da gabealdirik behar.

— Hala ere, gaixotasun arruntagatik bada, 180 egun kotizaturik izan behar ditugu. Kotizazio hauek aurreko bost urteetan zehar egin behar izan ditugu.

            ⇒ Aldi baterako kontratuak: kontratu hauek bost egun edo gutxiagokoak izan badira, kotizazioak ez dira egun naturaletan zenbatuko. Aitzitik, lan egindako egun bakoitzeko 1,4 kotizazio-egun zenbatuko dira. (Gizarte Segurantzaren Legearen 249.bis artikulua).

Arestian esan bezala, edozein Erregimenetan egindako kotizazioak hartuko dira aintzat, baita EBeko edo Gizarte Segurantzarekin hitzarmena daukan beste edozein herrialdetan egindakoak ere. Hala ere, ez dira kontuan hartuko zaintza betebeharrengatiko eszedentzia sasoiak.

Aldi baterako ezintasunaren inguruko informazio gehiagorako:

Lanak eragindako ezintasuna bada (lan istripuak edo lan gaixotasunak), ez da gutxieneko kotizaziorik behar.

Istripu arruntak eragindako ezintasuna bada, ez da gutxieneko kotizaziorik behar, ez bada ezintasun absolutu edo baliaezintasun handien kasuan. Azken kasu hauetan 15 urteko gabealdia eskatuko da.

Gaixotasun arruntak eragindako ezintasun iraunkorrak:

• Ezintasun iraunkor partzialerako: aurreko hamar urteetan zehar 1.800 egun kotizatu behar izan dituzu

• Erabateko ezintasun, ezintasun absolutu edota baliaezintasun handirako: gabealdiak ezberdinak izango dira langilearen adinaren arabera:

            — 31 urtetik beherakoak: 16 urte bete zenituenetik aurrera (ezintasuna gertatu arte) pasatako denboraren heren bat kotizatu behar izan duzu.

Adibidea:
28 urte badauzkazu, lau urte kotizatu behar izan duzu. 16 urte bete zenituenetik, 12 urte pasa direlako. Hortaz, pasatutako 12 urteen herena, 4 urte dira (12 zati 3 = 4).

            — 31 urtetik gorakoentzat: gabealdi orokorra eta gabealdi espezifikoa eskatzen dira.

            Gabealdi orokorra: 20 urte bete zenituenetik aurrera (ezintasuna gertatu arte) pasatako denboraren laurden bat kotizatu behar izan duzu.

            Gabealdi espezifikoa: kotizatutako denbora horren bosten bat (1/5) azken hamar urteetan kotizatu behar izan duzu.

Adibidea:
44 urte badauzkazu, gabealdi orokorra 6 urtekoa izango da (2.190 egun) eta espezifikoa 438 egunekoa. Hau da, bizi laboral osoan 6 urtez kotizatu behar izan duzu eta 6 urte horietako (2.190 egun horietako) bosten bat azken hamar urteetan izan beharko da.

Efektiboki egindako kotizazioez gain, beste batzuk ere hartzen dira kontuan kasu honetan, hala nola zaintza betebeharrengatiko eszedentzian emandako denbora.

— Ez da aldez aurretiko kotizaziorik behar (kontingentzia profesionalaren izaera dauka eta)

Prestazio honetarako, eskatzen diren gabealdiak langilearen adinaren araberakoak izango dira:

— 21 urtetik beherakoentzat: ez dago aldez aurretik kotizatu beharra

— 21 eta 26 urte bitartekoentzat: azken zazpi urteetan 90 egun kotizatu behar izan duzu edo, bestela, 180 egun bizi laboral osoan.

— 26 urtetik gorakoentzat: azken zazpi urteetan 180 egun kotizatu behar izan duzu edo, bestela, 360 egun bizi laboral osoan.

* Ez baduzu nahiko kotizatu prestazioa jasotzeko, subsidioa eska zenezake (Gizarte Segurantzaren Legearen 181. artikulua). Subsidio hau IPREMaren %100aren bestekoa da eta 42 egun irauten ditu.

  • Jubilazioa

Kasu honetan ere gabealdi orokorra eta gabealdi espezifikoa eskatzen dira.

Gabealdi orokorra: gutxienez 15 urte kotizaturik izan behar dituzu.

Gabealdi espezifikoa: kotizatutako urte horietako bi azken 15 urteetan zehar izan behar izan dira. Jubilazio adina heltzen zaizunean ez bazaude alta egoeran, altaren pareko egoeran baino (esate baterako, langabezian), bi urte hauek zenbatuko dira kotizatzeko betebeharra amaitu baino lehenagoko 15 urteetan; bestela esanda, langabezian egon aurreko 15 urteetan.

Hurrengo kotizazioak hartuko dira kontuan:

— Edozein Erregimenetan egin direnak (lehen azaldu bezala, beti ere Erregimen Orokorrean egindako kotizazioei gainjartzen ez bazaizkio).

— Europako Batasunean edo Gizarte Segurantzaekin hizatrmena daukan beste edozein herrialdetan egindako kotizazioak.

— 52 urtetik gorakoentzako langabezia subsidioa.

— Eta goiko atalean azaldu ditugun kotizazio asimilatu guztiak.

— Zendu den pertsona altan edo altaren pareko egoeran bazegoen, 500 egun izan behar izan ditu kotizaturik hil aurreko bost urteetan zehar. Bestela, 15 urte kotizaturik bizi laboral osoan.

— Zendu den pertsona ez bazegoen altan edo egoera asimilatuan, 15 urte kotizaturik bizi laboral osoan.

— Zendu den pertsona pentsionista bazen, ez da gutxieneko kotizaziorik behar.

Heriotza lan gaixotasun edo istripuagatik izan bada, ez da gutxieneko kotizaziorik behar.

Langabezia prestazio kontributiboa jaso ahal izateko, gutxienez 360 egun kotizatu behar izan ditugu aurreko sei urteetan. Ez da beharrezkoa 360 egun hauek jarraian kotizatu izana. Hau da, sei urte horietan zehar epealdi ezberdinetan joan ahal gara kotizazio horiek pilatzen.

360 egun gutxienekoa da, baina gogoratu prestazioaren iraupena kotizatu dugun denboraren araberakoa izango dela.

Bestetik, migrantea bazara eta Estatutik kanpo egon bazara lanean, baina, alde egin orduko, Estatuan kotizatzen egon bazinen, kotizazio horiek aprobetxatu ahal dituzu, behin itzulita, Estatuan langabezia prestazioa eskatzeko.