Aparteko langabezia subsidioa, prestazioa edo subsidioa agortu dutenentzat

2020/11/06
2021/01/12an eguneratua

Aparteko langabezia subsidio hau 32/2020 Dekretuaren bitartez ezarri eta azaroaren 4ko BOEn argitaratu da.


Eskaera epe berri bat ezarri da: 2020ko abenduaren 25etik 2021eko urtarrilaren 25era. Beraz, ez bazenuen azaroan eskatu, baina baldintzak betetzen badituzu, orain eska zenezake. Bestetik, azaroan eskaera egin bazenuen eta ebazpenaren zain bazaude, ez duzu berriro eskatu behar.


Nork eska dezake?

Baldintza hauek bete behar dira:

• 2020ko martxoaren 14 eta ekainaren 30 bitartean (biak barne) hurrengo prestazioetako bat agortu behar izan duzu:

Langabezia prestazio kontributiboa
– Langabezia subsidioa. Langabezia subsdioen orrialdean zerrendatzen ditugun guztiak sartzen dira barne (kotizazio nahikorik ez, 45 urtetik gorakoentzat, familia laguntza, preso ohiak, estatura itzulitako migranteak), baita aparteko subsidioa ere. 52 urtetik gorakoentzako subsidioa ez dugu aipatu, hau ez baitago denboran mugaturik, hau da, jubilatu arte jaso daitekeelako eta, gainera, kotizatu egiten duen bakarra da.
Gizarteratzeko errenta aktiboaren diru laguntzak

• Hortaz, langabezian egon behar zara eta enplegu eskatzailetzat apuntaturik.

• Ezin zara egon ezein gutxieneko errenta edo soldata sozial jasotzen; beraz, EAEko diru-sarrerak bermatzeko errenta edo Nafarroako errenta bermatua jasoz gero, ezingo zenuke eskatu. Bizitzeko gutxieneko errenta estatala ere ez, jakina.

Beste subsidioekiko aldeak

Subsidio batzuen kasuan hilabete itxaron behar da prestazioa agortzen denetik subsidioa eskatu arte. Hala gertatzen da, esaterako familia laguntzarekin edo 45 urtetik gorakoentzako subsidioarekin. Eta gauza bera eskatzen da Estatura itzulitako migranteen kasuan.

Hala ere, aparteko subsidio hau eskatzeko, ez da beharrezkoa izango hilabete pasatzen uztea.

Era berean, ez da beharrezkoa izango beste betebehar batzuk egiaztatzea. Honela, aparteko subsidioa eskatzeko ez da beharrezkoa errentarik eza egiaztatzea, ezta familia ardurak izatea ere.

Gainera, aipatutako hilabetea itxaroten ari bazara familia laguntza edo 45 urtetik gorakoentzako subsidioa eskatzeko (hau da, prestazio agortzeagatiko subsidioak deitzen diren horietako bat eskatzeko), aparteko subsidio hau eska zenezake orain eta, behin amaiturik, beste subsidioa eskatu.

Zenbatekoa

Beste subsidio guztien kasuan bezala, jasotzen den kopurua IPREMaren %80 da: 430,27 euro hilean. Zenbateko hau 2020 urteari dagokio. 2021erako IPREM %5 handitu da eta, hortaz, urtarrilean eskatuz gero, 451,92 euro egokituko litzaizkizuke.

Gehienez, 90 egunez jasoko da. Eskubidea eskaera egin eta hurrengo egunetik aurrera aitortuko da, hau da, prestazioa jasoko dugu hasiera data horrekin.

Eskaera

Esan dugunez, eskaera epe bi egon dira. Lehenbizikoa 2020ko azaroaren 6tik 30era izan zen. Honen ostean, abenduan berriro eskatu ahal izateko aukera eman zen. Bigarren aldi hau 2020ko abenduaren 25ean hasi eta hilabete iraungo du, hau da, urtarrilaren 25era arte.


Subsidio honen inguruko SEPEren orrialdea HEMEN


• Eskaera bulegoetan: aldez aurretiko hitzordua eskatzea beharrezkoa da. Orrialde HONETATIK egin zenezake. Ez da aparteko identifikazio modurik behar.

• Aurre-eskaerarako formularioa online: identifikazio digitalik ez badaukazu, SEPEk martxotik hona aukera hau jarri du martxan. Aurre-eskaera egin zenezke (honetarako, formulario bat bete behar duzu), SEPEk jasoko luke eta tramitatuko lizuke. Daturik osatu edo dokumentaziorik behar izanez gero, SEPEko langile bat jarriko litzateke zurekin kontaktuan, posta elektronikoz edo telefonoz.

Aurre-eskaera egiteko formularioa HEMENTXE daukazu. Joan pausoak jarraitzen eta gogoratu oso garrantzitsua dela egiaztagiria ondo gordetzea, horrek frogatuko baitu aurre-eskaera eginda daukazula, badaezpada.

• Eskaera online: erregistro elektronikoaren bitartez egin daiteke (SEPEren orrialdearen egoitza elektronikotik). Baina, honetarako, identifikazio digitala beharrezkoa da: ziurtagiri digitala, cl@ave sistema edo NAN elektronikoa.

Honela egin nahi izanez gero, HEMENTXE daukazu sarbidea. Eta hemendik jaitsi zenezake bete behar duzun eskaera-orria PDF formatuan.