52 urtetik gorakoentzako langabezia subsidioa

2018/03/20
Azken eguneraketa: 2023/01/30

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren III. Kapitulua 

2012ko PPren lan erreformak subsidio hau eskuratzeko irizpideak guztiz gogortu zituen: eskatu ahal izateko adina 52 urtetik 55 urtera igo zuen; kotizazio oinarria %125etik %100era jaitsi zuen; jardunaldi partzialaz lan egin izanez gero, subisdioa ere partziala izango zela ezarri zuen… Honen ostean, 2019ko Aurrekontu Orokorren Legearen bitartez, PSOEk berriro aldatu zuen. Hala ere, neurri efektista baino ez zen izan hura, erreforma berberak subsidioetan izan zituen beste eragin kaltegarri batzuk indarrean diraute eta (hala nola, jardunaldi partzialaz lan egin izanez gero, subsidioa ere partziala izango dela).

Esan barik doa langileentzat horren kaltegarria izan den erreforma hori guztiz eta zeharo utzi behar izan zela bertan behera; hala zin egin zuen PSOEk, harik eta bere berba jan arte.

Subsidio honek berebiziko garrantzia dauka. Izan ere, erretiro-adina bete arte jaso daiteke eta Gizarte Segurantzan kotizatzen duen subsidio bakarra da.

 
Bete beharreko baldintzak

Langabezia egoera legalean eta enplegu eskatzailetzat izena emanda egotea. Subsidioak irauten duen bitartean langabezia berriztatu beharko duzu dagokizun datetan. Beraz, apuntatu ondo eta ez ahaztu sinatzeaz.

– Langabezia prestazioa agortu izan behar duzu.

Zure diru sarrera gordinak ezin dira lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino altuagoak izan (750 euro hilean, 2023. urte hasieran).

Subsidio hau eskatzeko, erretirorako besteko kotizazioak izan behar dituzu. Hau da, zure bizi laboral osoan zehar, gutxienez, 15 kotizazio-urte pilatu behar izan dituzu, Gizarte Segurantzaren edozein erregimenetan (orokorra, autonomoak, etxeko lana…). 15 urte hauetatik bi, gutxienez, azken 15 urteetan zehar izan behar dira.

Zure bizi laboral osotik zehar gutxienez sei urte kotizatu behar izan duzu langabeziagatik. Adi! autonomoa edo etxeko langilea izan bazara: autonomoetan ez da langabeziagatik kotizatzen, jarduera amaieragatik baino; etxeko langileen kasuan, 2022ko urrira arte ezin izan dute langabeziagatik kotizatu. Honek esan nahi du ez direla kontuan hartuko lehenago lan egindako urteak.

Alegia, etxeko langilea izan bazara eta 15 urte kotizaturik badauzkazu, baina ez bazara egon sekula erregimen orokorrean, subsidio hau ukatuko zaizu, langabezian kotizatu beharreko sei urteak falta dituzu eta (gehienez, 2022ko urritik honako hilabeteak izango dituzu langabeziagatik kotizatuta). Begirada bat bota zenezake hurrengo atal hauetan: 45 urtetik gorakoentzako subsidioa, gizarteratzeko errenta aktiboa (RAI), diru sarrrerak bermatzeko errenta (EAE) edo errenta bermatua (Nafarroa).

“Gertaera eragile” edo “hecho causante” delakoa. Beste subsidioren bat jasotzeko eskubidea badaukazu, hau zuzenean 52 urtetik gorakoentzako subsidio bihur daiteke (azken hau onuragarriagoa da, zeren eta Gizarte Segurantzan kotizatzen duen subsidio bakarra baita). Hau da, beste subsidio bat jasotzen ari bazara, 52 urte betetzen dituzunean, 52 urtetik gorakoentzako subsidio bihurtuko da. Era berean, legeak berak dioenez, “aldez aurretik beste langabezia-prestazio edo subsidioren bat agortu duten pertsonek jaso ahal izango dute, baldin eta momentu hartatik enplegu zerbitzu publikoetan enplegu eskatzailetzat izena emanda egon badira”. Bestela esanda, aurretiaz prestazioa edo subsidioa jasotzen egon bazara eta hau agortu baduzu, 52 urte betetzen dituzunean, 52 urtetik gorakoentzako subsidioa eskatu ahal izango duzu. Hori bai, ordutik hona, langabezian egon zaren denbora osoan enplegu eskatzailetzat apuntaturik egon behar izan zara.

 
Diru sarrerak

Subsidioa jaso ahal izateko, bete beharreko baldintzen artean, diru sarreren gabezia egiaztatu behar duzu. Zelan neurtzen da hau?

Diru sarrera nahikorik ez daukazula ulertuko da lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino gehiagorik irabazten ez duzunean. 2023. urte  hasieran lanbidearteko gutxieneko soldata 1.000 euro dira. Hortaz, honen %75 750€ lirateke.

Diru-sarrera hauek edozelakoak izan daitezke: nekazaritza jarduerengatik, jarduera artistikoengatik, lokalen bat alokatuta edukitzeagatik, bestelako prestazio publikoren bat jasotzeagatik, loteriak, pentsio-planak…

Balizko errenta hauen artean, honakoak EZ dira kontuan hartuko:

  • Gizarte Segurantzak seme-alabengatik ematen dituen prestazioak (hala ere, bestelako prestazio sozialak bai hartzen dira aintzat).
  • Kaleratzeagatiko kalte-ordaina. Lanetik bota bazaituzte, dagokizun kalte ordaina ez da kontuan hartuko zure errentak zenbatzeko. Berdin da kalte ordain hau dena batera jaso duzun edo zatika eskuratzen ari zaren.

⇒ Subsidio honen kasuan ez dira aintzat hartuko familia unitatearen gainontzeko kideen diru-sarrerak, ez subsidioa eskatzean, ez eta subsidioak irauten duen bitartean ere.

Diru sarrera gordinak hartzen dira kontuan.

HEMEN daukazu zehaztuta zer jotzen duen SEPEk errentatzat edo diru-sarreratzat.

 
Zenbat jasotzen da?

Kopuru finkoa da: IPREMaren %80
Hau da, 480 euro hilean (2023. urte hasierako zenbatekoa).

Lehen aipatu dugunez, lan erreformak ezarri zuen jardunaldi partzialaz lan egin izanez gero, subsidioa ere partziala izango zatekeela. Hau 52 urtetik gorakoen subsidioetan derogaturik geratu bazen ere, ez zen hala egin gainontzeko subsidioetarako eta ematen diren gehienetan neurriak indarrean dirau. Edozelan, esan bezala, 52 urtetik gorakoen subsidioa beti izango da kopuru berbera: 480 euro hilean.

 
Iraupena

Jubilazio adinera arte, beti ere baldintzak betez gero. Segidan edo tarteka izan daiteke. Hau da, lanean hasten bazara eta subsidioa jasotzeari uzten badiozu, gerora berriro eska zenezake, behar izanez gero.

 
Kotizazioak

Subsidio guztietatik hau da erretirorako kotizatzen duen bakarra, SEPEk Gizarte Segurantzan pentsiorako kotizazioak egingo ditu eta.

Kotizazio honen oinarria gutxienekoaren %125 izatera pasatu zen berriro, lehen komentatutako beste aldaketa guztiekin batera (2012ko erreformak portzentajea %100era jaitsi zuen eta).

 
Eskatzeko epea:

Langabezia prestazioa edo subsidioa kobratzen egon bazara, gogoratu kasu honetan hilabete itxaron behar duzula subsidioa eskatu arte. Hilabete hau pasatuta, 15 lan egun dauzkazu eskatzeko.

Lan barik gelditu bazara eta ez badaukazu langabezia prestaziorik edo bestelako subsidiorik eskatzeko eskubiderik, 15 lan egun dauzkazu lan harremana amaitu denetik.

 
Ze dokumentazio aurkeztu behar da?

Eskaera dokumentu ofiziala. Bertan 52 urtetik gorakoentzako diru laguntza aukera markatu beharko duzu.
– Nortasun agiria (NAN edo NIE)
– Diru laguntza jasotzeko kontu korrontea egiaztatzen duen bankuaren dokumentua.


⇒ Subsidioa behar duzun denbora osoan jaso ahal izateko, gogoratu langabezia sinatu behar duzula dagokizun egunetan. Honetaz gain, urte bakoitzean aurreko urtean jaso dituzun errentak egiaztatzen dituen dokumentua aurkeztu beharko duzu.