Zer da oinarri arautzailea?

2024/05/15

Seguru termino hau behin baino gehiagotan entzun duzula edo, behintzat, hemen, Bizilanen, irakurri duzula. Hainbat artikulutan azaltzen da, beti ere prestazioren baten inguruan berba egiten dugunean. Izan ere, prestazio kontributiboengatik zenbat jasoko dugun kalkulatzeko orduan, ezer baino lehen oinarri arautzailea zein den jakin behar dugu.

Prestazio kontributiboak vs. subsidio asistentzialak

Hasi baino lehen, gogora dezagun labur-labur: prestazio kontributiboak eta subsidio asistentzialak ez dira gauza bera. Prestazio kontributiboak Gizarte Segurantzarekin izan dugun harremanaren menpekoak dira, hau da, langile bakoitzak Gizarte Segurantzari egin dion ekarpenaren edo “kontribuzioaren” arabera jasoko du Gizarte Segurantzaren partetik. Subsidioak, ordea, asistentzialak dira. Hau da, diru-laguntza izaera daukate, jasotzen den zenbatekoa berbera izango da kasu guztietan eta premia egoeran dauden horiek baino ezingo dute jaso.

Honela gertatzen da, esaterako, langabeziarekin edo erretiroarekin: batetik, erretiroagatiko pentsio kontributiboa daukagu eta, bestetik, pentsio ez kontributiboa bere bizi laboralean nahiko kotizatu ez duten horientzat; era berean, batetik, langabeziagatiko prestazio kontributiboa daukagu eta, bestetik, langabeziagatiko subsidioak, besteak beste, langabeziagatiko prestazioa agortu dutenentzat.

Kotizazio oinarria eta oinarri arautzailea

Prestazio kontributiboak langile bakoitzaren ekarpenaren arabera kalkulatzen direla badakigula, hurrengo galdera berez dator: zelan kalkulatzen dira prestazio horiek guztiak?

Honetan funtsezkoak izango dira kontzeptu bi: kotizazio oinarria eta oinarri arautzailea. Beste artikulu batean sakonago azalduta daukazunez, kotizazio oinarria, azken batez, gure soldata gordina da. Honen gainean ehuneko edo “tipo” batzuk aplikatzen dira eta honen emaitza da hilabetero Gizarte Segurantzari egiten diogun ekarpena. Gizarte Segurantzako erregimen bakoitzak (erregimen orokorrak, autonomoenak, etxeko langileenak…) bere berezitasunak dauzka, beheko artikuluan ikus dezakezunez.

Kotizazio oinarri ezberdin bi daude: gertakizun (edo kontingentzia) arruntengatik eta gertakizun profesionalengatik. Esan dugunez, kotizazio oinarria soldata gordina izaten da eta hala da kasu bietan. Bietan oinarrizko soldata, soldata osagarriak eta aparteko ordainsariak batzen dira kalkulurako. Baina alde bat dago: aparteko orduak gertakizun profesionalen oinarrirako baino ez dira kontuan hartzen.   

Kotizazio oinarriaz gehiago jakin nahi baduzu, bora begirada bat hurrengo artikulu honi:

Oinarri arautzailea, bestetik, prestazioa kalkulatzeko erabiltzen den baremoa da. Gure kotizazio oinarrien batezbesteko moduko zerbait da, nahiz eta, segun eta zein den kalkulatu nahi dugun prestazioa, formula bat edo beste bat erabili beharko dugun. Honela, emaitza ez da berbera izango ezintasun iraunkorragatiko pentsioa kalkulatzen dugunean edo langabeziagatiko prestazioa kalkulatzen dugunean, adibidez. Hori bai, kasu guztietan, ardatz nagusia beti izango da kotizazio oinarria, izan gertakizun arruntengatik, izan gertakizun profesionalengatik, kasuan kasu.

Labur eta arin esanda, oinarri arautzailea langileak Gizarte Segurantzari denbora tarte zehatz batean egin dion ekarpen edo kotizazioaren araberakoa da: oinarri arautzailea denbora zehatz horretako kotizazio oinarrien batezbestekoa denez, zenbat eta kotizazio oinarri altuagoak, orduan eta oinarri arautzaile handiagoa (eta, hortaz, jasoko den prestazioa ere altuagoa izango da).

Zeintzuk prestazio kalkulatzeko erabiltzen da oinarri arautzailea?

Esan bezala, prestazio kontributiboak kalkulatzeko erabiltzen da. Honako hauek ditugu:

— Erretiroagatiko pentsioa
— Ezintasun iraunkorragatiko pentsioak
— Heriotza eta biziraupena (alarguntza, zurztasuna, senideen aldeko pentsioa)
— Langabeziagatiko prestazioa
— Aldi baterako ezintasuna (baja medikoa)
— Gurasotasuna
— Arriskua haurdunaldian edo edoskitzaroan
— Minbiziak edo gaixotasun larriren batek jota dauden seme-alabak zaintzeko prestazioa

Prestazio hauek guztiak kalkulatzeko, lehenengo eta behin, oinarri arautzailea atera behar da. Baina adi! ez dago formula bakar bat. Aipatu ditugun prestazio bakoitzerako ezberdin kalkulatuko da. Zenbaitetan gertakizun arruntengatiko kotizazio oinarria hartuko da eta beste zenbaitetan gertakizun profesionalengatiko kotizazio oinarria; honetaz gain, kotizazio epealdi ezberdinak izaten dira kontuan eta kasu bakoitzean egin behar diren eragiketak ezberdinak izango dira. Ikus ditzagun, gainetik, banan-banan:

Langabeziagatiko prestazioa

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 270. artikulua

Langabeziagatiko oinarri arautzailea azken 6 hilabeteetako soldaten (kotizazio oinarrien) batezbestekoaren arabera kalkulatzen da.

Aparteko orduak ez dira kalkuluan sartzen. Hainbat sektoretan ohikoa izaten da langilea ordu gutxiagotik kontratatuta izatea eta aparteko ordu mordoa sartu behar izatea gutxi gorabeherako soldata atera ahal izateko. Honelakoetan izan kontuan langabeziagatik (eta beste prestazio batzuengatik) jasoko duzuna jardunaldi arruntagatik kotizatu duzunaren gainean kalkulatuko dela eta, beraz, prestazio baxua izango dela.  

Zehatz eta mehatz, oinarri arautzailea azken 180 egunetako kotizazio oinarrien batezbestekoa da.

Zaintza betebeharrengatik jardunaldia murriztu baduzu (izan seme-alaben zaintza, izan senideen zaintza), oinarria %100era osatzen da, jardunaldi murrizketarik eskatu ez bazenu bezala.  

Hala ere, badakizunez, langabeziagatik oinarri arautzailearen %70 baino ez da jasotzen eta gainera, 6 hilabete pasaturik, %60ra jaisten da. Langabeziagatiko prestazioaz gehiago jakin nahi baduzu:

Aldi baterako ezintasuna (baja medikoa)

1646/1972 Dekretuko 13. artikulua

Aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa kalkulatzeko, lehenengo eta behin ikusi beharko da zein den bajaren arrazoia:

• Gaixotasun edo istripu arruntagatik bada, gertakizun arrunten oinarria hartuko da.
• Lan gaixotasun edo istripuagatik bada, gertakizun profesionalen oinarria hartuko da.

Lehen esan dugunez, oinarri bien artean ezberdintasun bat dago: aparteko orduak gertakizun profesionalen oinarrirako baino ez dira aintzat hartzen.

Oinarri arautzailea kalkulatzeko, baja hartu aurreko hilabeteko kotizazio oinarria hartzen da. Adibidez, martxoan hasi bazara baja medikoan, otsaileko kotizazio oinarria hartuko litzateke.

— Hilabeteko soldata badaukagu, kotizazio oinarria 30ez zatikatuko da (berdin zenbat egun natural dituen hilabeteak).

— Eguneko soldata badaukagu, hilabeteak dauzkan egun kopuruaz zatikatuko da (28, 29, 30 edo 31). Lehengo adibideari jarraiki, 2024 bisurtea izan denez, 29z zatikatuko genukeen, otsaileko oinarria hartu dugunez gero.

— Jardunaldi partzialaz arituz gero, aurreko hiru hilabeteetako kotizazio oinarriak hartu eta batezbestekoa aterako litzateke. Egun natural guztiak izan behar dira kontuan, nahiz eta egun horietan guztietan lan egin ez izana. (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 248.1.c) artikulua)

— Etxeko langileak: aurreko hilabeteko kotizazio oinarria 30ez zatikaturik.

⇒ Aldi baterako ezintasun egoera lan istripu edo gaixotasun batek eragin badu, balio bi hauek batu beharko lirateke:

• Aurreko hilabeteko kotizazio oinarria. Gertakizun profesionalengatiko oinarria hartu beharko genuke, baina aparteko orduak albo batera utzita. Dagokion egun kopuruaz zatikatu beharko genuke (lehen ikusi dugunez, 30ez hilabeteko soldata badaukagu).

• Bestetik, aurreko urte naturalean egin ditugun aparteko ordu guztien kotizazioa hartuko genuke eta 365 egunez zatikatuko genuke.

Aldi baterako ezintasun egoeraz gehiago jakin nahi baduzu, hemen dauzkazu pare bat artikulu:

Erretiroagatiko pentsioa

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 209. artikulua

2022. urtetik aurrera azken 25 urteetako (300 hilabeteetako) kotizazioak hartzen dira kontuan. 2011n PSOEk ezarri zuen pentsio erreforma baino lehen, azken 15 urteen gainean kalkulatzen zen. Oro har, zenbat eta atzerago egin gure bizi laboralean, orduan eta soldata txikiagoak. Honek bete-betean eragiten du pentsioagatik jasoko dugun zenbatekoan. Ez ahaztu, momentu honetan oraindik 25 urteren gainean kalkulatu arren, PSOEk kalkulua berriro luzatu duela, oraingo honetan 27 urtera arte. Hau 2026an hasiko da indarrean eta progresiboki aplikatzen joango da 2037. urtera arte.

Baina egin dezagun aurrera. Azken 300 hilabeteetako (25 urteetako) kotizazio oinarri hauei zatitzaile bat aplikatu behar zaie. Kasu honetan zatitzailea 350 izango litzateke.

Zergatik 350?
25 urte x 14 ordainsari = 350.
Hau da, azken 25 urteetan izan ditugun ordainsari guztiak islatzen ditu: 12 ordainsari arrunt + 2 aparteko ordainsari = 14 ordainsari urte bakoitzeko eta hau bider 25 urte.

Jakina, oinarri arautzailea kalkulatzeko formula askoz konplexuagoa da. Izan ere, besteak beste, 25 urte luze horietako KPIa kontuan hartu behar da. Hau da, momentuan jaso genituen soldatak eta momentuan izan genituen kotizazio oinarriak eguneratu behar dira. Honela, azken 24 hilabeteetakoak euren horretan hartuko dira, baina aurreko guztiak KPIaren arabera eguneratuko dira. Formula zehatza korapilatsua da, baina, ezagutu nahi baduzu, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 209. artikuluan azalduta daukazu.

Bestetik, Gizarte Segurantzak erretiroagatiko pentsioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko tresna bat dauka sarean. Identifikazio elektronikorik gabe erabil daiteke.

Edozelan, badakizuenez, baliteke pentsioa %100era ez heltzea. Erretiroagatiko pentsio kontributiboaren inguruko guztia, baita zelan kalkulatzen den eta azken erreformaren nondik norakoak ere, kontsultatu nahi baduzu:

Ezintasun iraunkorra
Ezintasun iraunkor partziala

Beste artikulu batzuetan kontatu dizuegunez, ezintasun iraunkor mota honi ez dagokio pentsiorik, baizik eta kalte-ordain bat. Kalte ordain hau 24 hilabetetako oinarri arautzailearen bestekoa da (gutxi gorabehera 24 hilabeteko soldata). Oinarri arautzaile hau kalkulatzeko, aldi baterako ezintasun egoeretarako bezala egingo genuke.

Ezintasun iraunkor partzialaz gehiago jakin nahi baduzu:

Erabateko ezintasun iraunkorra, ezintasun iraunkor absolutua eta baliaezintasun handia
  •  Gaixotasun arruntagatik:

Azken 96 hilabeteetako (8 urteetako) kotizazio oinarriak hartuko dira eta 112z zatikatuko dira (lehen azaldu dugunez, 8 urte bider 14 ordainsari, berdin 112).

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 197. artikuluan datozen kalkuluak aplikatuko dira, KPIaren arabera eguneratzeko .

– Emaitza honi portzentaje bat aplikatu behar zaio (210.1 artikuluak dakarren eskalaren arabera), kotizatu ditugun urteak eta, ezintasun egoeran egon ezean, momentutik aurrera kotizatuko genituzkeen urteak kontuan hartuta.

  • Istripu arruntagatik:

24 hilabetetako kotizazio oinarriak hartuko dira eta 28z zatikatuko dira

– 24 hilabete hauek azken 7 urteetako tartean aukeratuko dira. Hau da, azken 7 urteak hartu eta 24 hilabete probetxugarrienak aukeratuko dira. Hilabete hauek segidan izan behar dira.

  • Lan istripu edo gaixotasunagatik:

– Hainbat eragiketa egin behar diren arren, labur eta arin esateko, azken urteko gertakizun profesionalengatiko kotizazio oinarria hartuko genuke.

 

Formula (zenbaitetan konplexu) hauen ostean, oinarri arautzailea izango genuke. Ez ahaztu honelako pentsioengatik oinarri arautzailearen portzentaje bat baino ez dela kobratzen. Esan nahi baita, erabateko ezintasun iraunkorragatik oinarri arautzailearen %55 jasotzen da; ezintasun iraunkor absolutuagatik, oinarri arautzailearen %100 eta baliaezintasun handiagatik %100 gehi osagarri bat. Hau guztia eta askoz gehiago ondoko artikulu hauetan daukazu:

⇒ Kotizazio hutsarteak

Oso garrantzitsua. Erreferentziazko epe horiek ez badauzkagu zeharo kotizaturik, gutxieneko oinarriarekin osatuko lirateke. Kotizazio hutsarte horiek beteko lirateke, beraz. Hau pentsio kontributibo guztietarako egiten da, izan erretiroagatiko pentsioa, izan ezintasun iraunkorragatiko pentsioa. Honetaz gehiago jakiteko, bota begirada bat hurrengo artikuluei:

Beste prestazio batzuk:

— Gurasotasuna (adin txikikoaren jaiotza eta zaintza): oinarri arautzailearen %100 jasotzen da. Oinarri arautzaile hau erditzea (edo adopzioa edo harrera) baino hilabete bi lehenagokoa izango da. Hau da, erditzea maiatzean izan bada, martxoko gertakizun arruntengatiko kotizazio oinarriaren bestekoa izango litzateke. (179. artikulua)

Ikus. Adin txikikoaren jaiotza eta zaintza artikulua

— Edoskitzea: aldi baterako ezintasun egoeretarako erabiltzen den oinarri arautzailea izango litzateke, beti ere gertakizun arruntengatik kalkulatuta. Oinarri arautzailearen %100 jasoko litzateke, jardunaldia murriztu den proportzioan, jakina. (185. artikulua)

— Haurdunaldi edo edoskitzaroko arriskua: aldi baterako ezintasun egoeretarako erabiltzen den oinarri arautzailea izango litzateke, beti ere gertakizun profesionalengatik kalkulatuta. Oinarri arautzailearen %100 jasoko litzateke (187. eta 189. artikuluak)

— Minbiziak edo gaixotasun larriren batek jota dauden seme-alabak zaintzeko jardunaldi murrizketa: aldi baterako ezintasun egoeretarako erabiltzen den oinarri arautzailea izango litzateke, beti ere gertakizun profesionalengatik kalkulatuta. Oinarri arautzailearen %100 jasoko litzateke, jardunaldia murriztu den proportzioan, jakina (192. artikulua)

Ikus. Minbiziak edo gaixotasun larriren batek jota dauden seme-alabak zaintzeko prestazioa artikulua

— Heriotza eta biziraupena (alarguntza, zurztasuna, senideen aldeko pentsioa) (1967ko otsailaren 13ko Aginduko 9. artikulua):

• Zendu den langilea pentsioduna bazen (erretiroagatiko edo ezintasun iraunkorragatik): Pentsioa kalkulatzeko erabili zen oinarri arautzaile berbera erabiliko da.

• Zendu den langilea aktiboan bazegoen:
     – Gaixotasun edo istripu arruntagatik: 24 hilabeteetako kotizazio oinarriak hartuko dira eta 28z zatikatuko dira. 24 hilabete hauek azken 15 urteetako tartean aukeratuko dira.
     – Lan gaixotasun edo istripuagatik: aurreko urteko gertakizun profesionalengatiko kotizazio oinarria zati 12.

Ikus. Alarguntza pentsioa eta Zurztasun pentsioa artikuluak

Informazio gehiago Gizarte Segurantzaren webgunean: