Aparteko subsidioa aldi baterako kontratuen amaieragatik

2020/04/02
2020/05/04an eguneratua

Apirilaren 1ean (11/2020 Dekretuaren 33. artikuluan) argitaratu zen beste neurrietako bat aparteko subsidio hau izan zen.

Nork eska lezake?

Aldi baterako kontratuaz lanean egon diren eta, alarma egoera sasoi honetan, langabezian geratu diren langileek.

Zenbat jasoko litzateke?

Beste langabezia subsidio guztietan bezala, IPREMaren %80, hau da, 430,27€

Gutxieneko errentarik jasotzen ari bazara (EAEko Diru-sarrerak bermatzeko errenta –“RGI”-, Nafarroako Errenta bermatua, Gizarteratzeko errenta aktiboa…) ezingo zenuke subsidio hau jaso.

Iraupena

Berez, hilabete bakar baterako dago prentsaturik. Hala ere, iraupen hau luzatzeko aukera dago, baldin eta beste dekreturen baten bitartez hala ezartzen bada.

Bete beharreko baldintzak

Kontratuaren iraupena, gutxienez, hilabete bikoa izan behar izan
• Aldi baterako kontratu hauen artean sartzen dira baita ordezkapen kontratuak, prestakuntza kontratuak eta errelebo kontratuak ere.
Alarma egoera deklaratu ostean amaitu behar izan da (hau da, kontratuaren amaiera data martxoaren 14 eta gero izan behar izan da).
Langabezia prestazioa edo bestelako langabezia subsidiorik eskatzeko baldintzak betetzen badituzu, prestazioa edo beste subsidio hori eskatu beharko zenuke eta ez aparteko hau.
• Aurreko puntuarekin lotuta, begiratu ondo zenbat daukazun kotizatuta. Langabezia prestazioa eskatzeko nahiko kotizaziorik ez badaukazu ere, subsidio arrunta eska zenezake eta honek 6 hilabete edo 21 hilabetera arte iraun dezake. Bestetik, 52 urtetik gorakoa bazara, zuri dagokizun subsidioa askoz onuragarriagoa da (ez dauka eperik eta kotizatzen du). Eta beste langabezia subsidio batzuk ere badira. Ikus. Langabezia subsidioak
• Ezin duzu errenta nahikorik izan. Hau da, zure diru-sarrerak ezin dira izan lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino handiagoak izan (712,50 euro gordin hilean).

Eskaera

SEPEren orrialdean dagoen aurre-eskaerarako formularioa bete behar duzu. HEMENDIK jo zenezake zuzenean. 

Esan bezala, hau ez da behin-betiko eskaera. Behar izanez gero, SEPE zurekin jarriko da kontaktuan, telefonoz edo posta elektronikoz, falta den informazioa edo dokumentuak eskatzeko. Informazio guztia daukatenean, egiaztatu eta ebazpena emango dizute; hau da, jakinaraziko dizute subsidioa onartu dizuten ala ez. Ezezkoa bada, erreklama liteke.

            Eskaerak maiatzaren 5etik aurrera egin daitezke.
            Eskaerak egiteko azken eguna: alarma egoera amaitu eta hilabete betetzen denean (hurrengo hilabeteko egun berdinean).

Gogoratu azken eguneraketa guztiak zure mugikorrean jaso ditzakezula zuzenean, gure TELEGRAM KANALERA harpidetuz gero: https://t.me/BizilanEus.

Eta posta elektronikoz ere jaso ditzakezu azken edukiak asteko buletinean. Webgunearen beheko partean newsletterrera harpidetzeko aukera daukazu.